'Txarriboda', ezkontza, narrazio basatia eta kabareta uztartzen dituen antzezlana

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 1a, 17:09

Argazkian, Sonia Vazquez Kultura zinegotzia, Agurtzane Intxaurraga antzezlanaren zuzendaria eta IƱigo Aranbarri aktorea.

«Ezkontza ez da sekula modaz pasatzen. Liturgia teatral ikaragarria du, jendea transformatu egiten da eta bere itxura zaintzen saiatzen da. Pentsatu genuen hori guztia parodia bihurtzea edo kritika egitea». Horrela deskribatzen du Hika Teatroaren buru eta Txarriboda antzezlanaren zuzendaria den Agurtzane Intxaurragak estreinatu berri duten azken lana. Zapatu honetan, otsailaren 3an, 20:00etan, Baztartxo Antzokian antzeztuko dute obra.

 

Intxaurragaren esanetan, ezkontza, narrazio basatia eta kabareta dira antzezlanaren elementu nagusiak, umorearekin batera. «Saiatu gara euskal kabareta egiten eta asmatu dugu bide bat, gure kantutegitik abestiak hartuz». Kantuen letra gehienak Onintza Enbeitak egin ditu eta “letrek ere asko laguntzen dute guk nahi dugun probokazioa eta kritika kutsua lortzen». 

Obra honetan beste bost aktorerekin batera, Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak hartzen du parte. Aranbarrik Imanol ezkongaiaren pertsonaiari emango dio bizia. Ez da, ordea, eszenatokian herritar bakarra izango. Ezkontza batek dituen elementu guztiak taularatu eta obra herritartzeko xedez, Eneritz Artetxe bertsolariak hartuko du parte eta Sahatsa Dantza Taldeari ere luzatu diote gonbidapena eszenatokia partekatu nahi badute.

Aktore askok pertsonaia bat baino gehiago antzezten ditu gainera. «Kantatzeko -dio Intxaurragak- gaitasuna izatea, gorputza ondo kontrolatzea eta inprobisaziorik beldurrik ez izatea» eskatzen zien zuzendariak aktoreei. Aranbarriri proposamena bitxia iruditu zitzaion eta «gogo onez» hartu zuen lehen unetik. «Ez genekien nola sentituko ginen baina eroso ibili gara», dio.

Urtarrilaren 20an Errenterian estreinatu zutenetik, guztira lau emanaldi eskaini dituzte eta antzokiak goraino betetzea lortu duteSinopsia:

Mireiak eta Imanolek ezkongai bikote perfektua osatzen dute. Zorionaren irdui dira. Ezkondu egin dira gaur eta Patxi Bilbaok, emaztegaiaren aitak eta Ipertrolako handi mandiak, antolatu du ospakizun gala. Festa itzela. –“Gaur txerrien antzera, jan, edan eta dantza egitea nahi dut!” Horixe da iristen gonbidatuei egingo dien harrera. Guztiak bertan daudela dirudienean, ordea, Txusa azalduko da aretoan. Gizon gorputzean bizi den emakumea da Txusa eta Imanolen aitaren azken bikotea izan zen hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara. Emakumea atsegin du eta aukera polita iruditu zaio Imanolek Txusa hobeto ezagutu eta bere aitarena gaindu ahal izateko. Ezuste honek eta beste hainbat sorpresek ospakizuna kolokan jarriko dute. Ezkontza baino Txarriboda emango du. Flores Sarjentuak Patxi Bilbaoren atxilotze agindua dakar esku artean; nagusiak diru beltzean kobratzen duela jakin orduko, sukaldean giroa petral jarri da: tia Maruxak lanpernak jan eta komuna bilatu du gotorleku; Manizaleseko lehengusuek festa pribatua antolatu dute terrazan; bitartean Mireia eta Imanol eztabaidan ari dira: zerri bat zara!

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide