Arropei bizi berria emateko tailerra egingo dute Abaraxka aterpetxean

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 31a, 10:54

Arropa zaharrei bizi berria emateko tailerra antolatu dute Abaraxka aterpetxean. Otsailaren 21ean hasiko dira ikastaroarekin, eta parte hartzeko otsailaren 14ra bitarteko epea dago.

 

Guztira bi orduko zortzi saio egingo dituzte, otsailaren 21ean hasita, asteazkenero, 17:30etik 19:30era bitartean. Izena emateko 85 euro ordaindu behar dira Abaraxka aterpetxean bertan. 619 447 550 telefono zenbakira ere deitu daiteke edozein zalantza argitzeko. Biziki Bizi-ko Ilazki izango da saioak gidatzeaz arduratuko dena.

kastaro honek bi helburu nagusi ditu. Bata, bakoitza sormenerako duen gaitasunaz ohartu eta hau lantzea. Bestea, eskuartean dugun materiala erabiliz berriak sortzea.

  • Sormena:  Guztiok dugu sormenerako gaitasuna, baina beste gauza askorekin bezala, lantzen ez bada, gure baitan jarraituko du, baina lokartuta izango dugu.

Erabilerarik ematen ez diogun arropa edo oihal horiek aurrean hartu, eta hauekin zer egin ahalko dugun pentsatzen jarriko gara ikastaro honetan. Ditugun ideiak besteekin konpartituko ditugu, besteen ideiak entzungo ditugu,  beraien iritziak jaso, geure ekarpenak egin, etab. Horrela, geure ideiak besteekin konpartitu eta besteenak entzunez gureak elikatuko ditugu, ideia zurrunbilo handi bat sortuz. Behin hau eginda, jostorratzak dantzan jarriko ditugu, sortu nahi dugun horri bide emateko!

 

  • Materialaren berrerabilera:  Etxean edo norbaitek emanda ditugun produktuak erabiliz sortuko ditugu berriak. Oihalez gain, ahal den material gehien berrerabiltzen saiatuko gara (galtza eta txaketen kremailerak, botoiak, poltsikoak, ebillak, kakoak…).  Batzuetan zenbait material erosi beharra sortuko den arren, helburua eskura duguna erabiliz moldatzea izango da. Kontzientzia sortzea, kontsumorako joeretan erori gabe, ingurumena errespetatuz eta duguna berrerabiliz, sarri asetu ahalko ditugula ditugun zenbait behar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide