Soh Saitoh: «Euskaraz bizi naiz Azkoitian»

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 7a, 09:00

Soh Saitoh 24 urteko japoniarra Saitama hiritik etorri da Azkoitira. Bigarren abizenik ez du, japoniar ia guztiek abizen bakarra dutelako. Saitama Tokio ondoko hiri bat da, eta zortzi miloi biztanle inguru ditu. Besteak beste, ‘Shin-chan’ marrazki bizidun ospetsua hangoa delako da ezaguna hiria. Saitoh ingelesa ikastera joan zen duela bi urte Irlandara, eta han egungo bere bikotekide azkoitiarra ezagutu zuen. Hori dela eta, Martirietako baserri batean bizi da, «oso gustura», eta, azkenean, euskara eta gaztelera ere ikasi ditu. Euskaraz bizi dela-eta azkoitiarra sentitzen dela dio.

 

Nolatan etorri zinen Euskal Herrira?

Lehendabizi, Japoniatik Irlandara joan nintzen ingelesa ikastera. Japoniako eskoletan gramatika ikasten da, baina jendeak ez daki hitz egiten. Japonian batxiler zientifikoko ikasketak amaitu nituen, eta pare urtez lan egin nuen han, diru pixka bat irabazteko. Ondoren, Irlandara joatea erabaki nuen, ingelesez hitz egiten ikasi nahi nuelako. Hamar hilabete egon nintzen Irlandan bizitzen, Cork hirian. Zazpi hilabete akademia batean ingelesa ikasten aritu nintzen, eta, gero, baserri batean hiru hilabete ibili nintzen lanean.

Hango akademia batean nire bikotekidea ezagutu nuen. Bera azkoitiarra da, eta horregatik etorri nintzen Euskal Herrira. Lehendabizi Errezilen bizitzen egon nintzen, baserriko lanak eginez eta urtean euskara ikasten: barazkiak landatu baratzean, landareak baratzetik jaso, animaliei janaria eman… Asko gustatzen zait baserriko lana; debaldeko kirola da hori.

Asteburuetan Azkoitira etortzen nintzen bikotekidearekin egoteko. Han urtebete egin ondoren, Azkoitira etorri nintzen bizitzera. AEKra eta EPAra joaten nintzen ikastera, eta, modu horretan, gaztelera eta euskara ikasi ditut. Hasieran ez nekien hitzik euskaraz, eta oso zaila izan zen, baina, kaixo eta egun on hitzetatik hasi eta, pixkanaka, euskarazko hitz gehiago ikasten joan nintzen.

Hiri handi batetik herri txiki batera etorri zara bizitzera. Nola daramazu?

Azkoitia askoz gehiago gustatzen zait. Aldaketa handia dago, bai, Saitamatik Azkoitira; hau askoz lasaiagoa da, eta oso jende jatorra aurkitu dut. Gainera, hemengo bizimodua askoz ere nahiago dut, estres eta trafiko gutxiago dagoelako, batez ere. Japonian denbora azkar-azkar pasatzen da; hemen bizitzea nahiago dut.

Eta zer iritzi duzu euskararen inguruan?

Hitz egiteko, gaztelera baino errazagoa da euskara, baina irakurtzen eta idazten hobeto moldatzen naiz gazteleraz. Etxean lan asko egin behar dut euskaraz idazten hobetzeko. Ingelesez ikasi nuen lehendabizi, eta antzekoak dira ingelesa eta gaztelera; horregatik, errazago ikasi dut gaztelera, hiztegia eta gramatika antzekoak baitira.

Zerbait esaten al dizu jendeak euskaraz entzuten zaituenean?

Arraroa naiz pixka bat haientzat: atzerritar bat Euskal Herrira etorri eta euskara jakitea ezberdina da. Baina niri integratzea gustatzen zait, eta gustura nago. Jendea asko harritzen da bi urtean euskara zenbat ikasi dudan jakiten duenean: «Bi urte daramazu? Gutxi… eta hain ondo hitz egiten duzu?...» edo «Euskaraz badakizu, e? Oso ondo!», esaten didate. Euskaraz bizi naiz Azkoitian. Bikotekidearen etxekoekin eta lagunekin euskaraz hitz egiten dut beti. AEK-ko irakasle batzuek ere azkar ikasi dudala esaten didate; normalean bi urtean ez dela pasatzen hasierako mailatik B1era. Euskara ikasteko ariketa asko egiten saiatzen naiz.

Orain zer egiten duzu eguneroko bizitzan?

Lanbide Heziketako Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko Zikloa ikastera joaten naiz egunero Donostiara. Oso naturazalea naiz. Japonian ere badaude mendiak-eta, baina nire herrian etxeak eta kotxeak daude gehienbat. Natura gutxi dago han Euskal Herriarekin konparatuta. Hala ere, hiritik kanpoaldera joanda, mendi asko daude Japonian ere.

Japoniako lan baldintzak nolakoak dira?

Denetarik dago. Lan onak ere badaude, baina txarrak ere bai. Normalean ordu askoko lanak izaten dira; oso ezberdina da sistema. Karrera on bat eginez gero, agian lan baldintza onak dituen lanpostu bat topatzea posible da, baina lan txarrak ere asko daude.

Eta bizi baldintzak?

Euskaldunenak hobeak dira. Estres gutxiago dago; lasaiagoa da hau.

Joan den 20. Korrikan lekukoa eman zenuen. Nolatan?

Zozketa egin genuen AEKn lekukoa nork eman erabakitzeko, eta nire izena atera zen. Hasieran beldurra eta ardura handia sentitu nuen, enkargu oso garrantzitsua delako, baina azkenean oso ondo pasatu nuen. Goizean goiz zen, eta logura pixka batekin atera nintzen, baina ondo, oso esperientzia polita izan zen. Jende askok parte hartzen du; asko harritu nintzen ikustean 05:30ean Azkoitian zenbat jende zegoen kalean euskararen alde korrika egiteko.

Japoniara joateko asmorik bai?

Datorren udaran joango naiz agian, denbora hartzen baldin badut; oraindik ez. Oro har, ez dut ezeren faltarik sumatzen; hemen gustura nago. Hori bai, gertuko jendearekin hitz egiteko gogo pixka bat badut, eta, batez ere, nire txakurra ikusteko gogoa daukat.

Joan den udan arreba etorri zen bi asterako. Astebete Bartzelona ikusten izan ginen, eta beste astebete Euskal Herrian egon zen. Egun batean Isidro Erretegira joan ginen afaltzera; txuleta osoa jan zuen eta oso gustura egon zen.

Gustatzen al zaizu hemengo janaria?

Bai, hemengo janaria oso goxoa da. Txuleta asko gustatzen zait, pintxoak ere bai, patxarana, ardoa… Hemengo tabernetan normalean patata tortilla, salda eta pintxoa eskatzen ditut. Egia esan, denetik. Batzuetan etxean prestatzen dut sushia eta miso zopa; bi astean behin prestatzen dut zopa.

Japoniako janaria ere oso goxoa da, suhia batez ere, eta haren falta nabaritzen dut. Hango gastronomian ere oso maila ona dago. Euskal Herrian ere badago sushia, baina kalitatea ez da bera, eta prezioa ere askoz merkeagoa da Japonian. Gainera, Euskal Herrian bertako jatetxe japoniar bat aurkitzea ere oso zaila da.

Euskaldunon kulturaz zer iritzi daukazu?

Oso desberdina da; batez ere, erlijioa. Hemen katoliko asko dago. Japonian budismoa nagusitzen da, baina gehienak ez dira praktikanteak. Hemengoarekin konparatuta, han fede gutxi dago.

Bestalde, dantzak ere erakartzen nau, interesgarria da. Hemengo lagun batzuk esaten didate euskal dantzak ikasteko, hori baldin badakit benetako abertzalea izango naizela [barrez]. Horrez gain, prozesioetan Jesukristoren “panpina” eramatea oso ekintza inportantea dela esaten didate. Oso ekintza tradizionala dela iruditzen zait, eta hori egiten badut azkoitiar petoa izango naizela uste dut. Hala ere, beldurra ematen dit oso enkargu garrantzitsua delako, baina agian animatuko naiz; ikusiko dut.

Bertakotzeko sekulako gogoa duzula dirudi.

Hemengo jendearekin hitz egitea eta harremana egitea asko gustatzen zait. Gainera, lagun asko egin ditut. Bikotekideak lagun mordoa du, eta, hari esker, nik ere asko egin ditut. Baina izenak gogoratzea asko kostatzen zait, desberdinak direlako niretzat; Japoniako izenekin ohituta nago ni. Izenaz gain, jendearen aurpegia gogoratzea ere kostatzen zait. Batzuetan, kaletik noanean, jendeak besoa altxatu eta agurtu egiten nau: “Aupa, Soh!”. Baina ni ez naiz jabetzen zein den agurtzen nauena, ez dut jendea ezagutzen. Aldiz, nire aurpegiarekin erraz gogoratzen da jendea, ni japoniar bakarra naizelako.

Zertan dira ezberdinak euskaldunak eta japoniarrak?

Hango jendea oso isila da, eta hemengoa, berriz, indartsua; etxean builaka edo ozen hitz egiten dute hemengoek. Etxeko giro horrek asko harritu ninduen Azkoitira etorri nintzenean.

Etorkizunean ere Azkoitian bizitzen jarraitu nahi al duzu?

Bai. Oraingoz oso gustura nago Azkoitian, eta jarraituko nuke hementxe bizitzen. Ni hemengoa naiz. Azkoitiarra izaten saiatzen naiz.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide