Zeharkaldia datorren uztailean izango da, gizartea Autismoaren Espektroko Nahasketa (AEN) duten pertsonen inguruan sentsibilizatzeko. Ekimena 'Marea Urdina' deitzen da, eta autismoa duten lau familia eta lagunek osatzen dute.
'Marea Urdina' 2017ko urtearen erdialdean sortu zen, Pablo, Julen, Leire eta Aritzen eskutik. Igeriak, eta oro har, kirola egiteko duten zaletasunak autismoaren aldeko erronka baten bidean jarri dituzte: Gipuzkoako kostaldea igerian zeharkatzea. «Marea izena jarri diogu, batetik, ibilbidea igerian egingo delako, eta urdina, bestetik, autismoaren kolorea urdina delako», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.
62 kilometroko zeharkaldia, etapetan
'Marea Urdina' ekimenaren zeharkaldia 2018ko uztailaren lehen egunetan egingo da, ziurrenik bigarren asteburuan. Saturrarandik (Mutriku) Oriora egingo dute ibildea lehenik, eta ondoren, Oriotik Hondarribiara. Guztira 62 kilometroko ibilbidea izango da, baina etapetan banatuko dute. 3 eta 12 kilometro arteko etapak izango dira, eta bi eguneko iraupena izango du. Guztira esperientzia handiko 63 igerilarik eman dute izena. Izena emateko epea itxita dagoela jakinarazi dute antolatzaileek.
«Zailtasunik handiena kantauriko uretan igeri egitea izango da», azaldu dute. Horretarako antolakuntzak segurtasunerako neurri guztiak aurreikusi ditu, igerilari guztiei «behar bezalako arreta eskaintzeko». Lagunduta egingo dute beti igeri, hiru eta lau pertsonaz osatutako taldeetan.
Ululeren crowdfounding kanpaina
Ulule Europako crowdfounding plataforma liderra da, eta bertan segurtasun gailu guztiak finantzatzeko kanpaina abiatu dute 'Marea Urdina' ekimeneko lagunek. Helburua da 2.500 euro batzea, eta dagoeneko «erdia inguru» batu dutela azaldu dute bultzatzaileek; urtarrilaren erdira bitartean egongo da irekita kanpaina. Diru laguntza hori ematen dutenek, gainera, igeriketako txanoa eskuratzeko aukera izango dute, besteak beste.
Ekimena, gainera, herri zeharkaldiak antolatzen ari da ibilbidearen puntu enblematikoetan, esaterako Donostiako Kontxako hondartzatik irteteko. Helburua ibilbidearen etapa batera jende gehiago batzea da.