«Harrapatu egin gaitu historiak, eta gustura jardun dugu itzultzen»

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 5a, 19:51

Aitor Arruti Rezabal eta Edurne Lazkano Ibarbia itzultzaileak.

Argitaratu berri da Silvia Federiciren Caliban eta sorgina liburua, Jakinek eta Elkarrek babestua. Feminismoaren mugarrietako bat da gaur egun, eta Eskafandra edizio taldearen hirugarren emaitza. Aitor Arruti Rezabal (Urrestilla, 1968) eta Edurne Lazkano Ibarbia (Azpeitia, 1968) eskarmentu handiko itzultzaileek euskaratu dute elkarlanean. Azken lan hori berezia izan dela diote itzultzaileek, «interesgarriena edo pisu gehiena eduki duena» izan delako. «Historiaren sekulako gainbegirada dago liburuan. Ikuspegi hori pixka bat eskoletan erabiltzen diren testuetan sartuta egongo balitz ederra izango zen», gaineratu dute. Liburua ez dela hondartzan etzanda irakurtzeko modukoa diote, mahaian irakurtzekoa gehiago, duen mamiagatik.

 

Zein da Silvia Federici?

Italiarra da izatez, baina oso gazte Estatu Batuetara joan zen. Unibertsitateko irakaslea izan da urte askoan. Lan akademiko bat da liburua; unibertsitateko kutsu handia du. Aipatzen direnak kontzeptu zailak dira, baina ulertzeko eran ditu idatzita.

Federici oso pisuzko emakumea da. Feminista-marxista da, feminista erradikala. Erraietako feminismoa da liburuan lantzen duena. Aspaldi gertatu zenaren erantzunak ekartzen ditu paperera. Esaterako, lanbide asko orain gizonezkoenak lotzen ditugunak gure buruan bakarrik lehen emakumezkoenak izaten zirela dio. Horrez gain, andre-gizonen arteko harremanetan ere sartzen da. Esaten du erabakiak hartzerakoan-eta askoz pisu gehiago zutela emakumeek. Adibidez, artisautzako lantegietan biek egiten zuten lan. Baina gero Kapitalismoan sartzean eta burgesia sortzean, gizonari bakarrik ordaintzen zitzaion soldata eta emakumea gizonaren menpekoa bihurtu zen pixka bat. Hor hasi zen emakumea baztertzen. Etxean lana egin arren ezkutuko lanera kondenatzen.

Euskal Herria ere bisitatutakoa da. Hitzaurrea egin dio gainera liburuari propio. Liburuan aipatzen du sorgin ehiza sekulako genozidioa izan zela genero baten aurka mundu osoan. Berak aipatzen du jende gutxi altxatu zela horren aurka; batez ere gizonezko erakunde gutxi altxatu zirela jartzen du, leku batean izan ezik, eta Donibane Lohizune aipatzen du. Hangoa sorgin ehiza geldiarazi zuen gizonezko talde bakarra izan zela dio liburuan. Hori irakurtzean sekulako sorpresa hartu genuen. Berak hori idatzi zuenean ez zekien euskarara ekarriko genuenik.

Sorgin ehiza mundu osoan gertatu den zerbait izan zen historian zehar. Gaur egun Hego Ameriketan eta Afrikan, bereziki, sorgin ehiza dago, eta dinamika bera errepikatzen da. Bereziki egurtzen dena emakumea da.

 

Zer gai nagusi lantzen da liburuan?

Kapitalismoa iritsi arteko prozesua kontatzen da. Kapitalismoa garatzearekin batera sorgin ehiza gertatzen dela dio. Ez dela kasualitatea. Kapitalismoa agertzeko horrek gertatu behar zuela dio. Emakumea zapaldu, baztertu edo botere mundutik kendu egin behar zela. Orduan, Erdi Aroaren bukaeratik hasten da, eta gaur egunera iristen da. Erdi Aroan herri lurrak galtzea etorri zen Europa osoan; baita Euskal Herrian ere. Herri lurrak nola pribatizatzen diren esaten du, eta horiekin batera nola pribatizatzen den lehen librea zen dena. Propietateak batzuen eskuetan geratzen dira. Esklabotza ere asko jorratzen du, eta horrekin sorgin ehiza parekatzen du. Emakumeen lehengo sendatzeko moduak ere aipatzen dira.

Denborak aurrera egin ahala gauzak hobera egiten dutela pentsatzen dugu, baina ez da egia. 1400. urtean Kolon aurreko Amerikan dibortzioa zegoen eta ez zeukaten jabetza pribaturik, besteak beste. Espainolak joan zirelako bide hori apurtu egin zen ordea. Auskalo noraino iritsiko ziren kanpoko indar hura sartu ez bazen.

 

Nondik sortu da liburu hau euskaraz argitaratzeko modua?

Eskafandra taldeari esker izan da. Caliban eta sorgina haien hirugarrena da. Eskafandra honako emakume hauek osatzen dute: Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Eider Rodriguez, Ainara Lasa, Maialen Lujanbio, Amagoia Gurrutxaga, Anari Alberdi. Euskarara ekartzen ari dira gaur egun feminismoan mugarriak diren lanak. Sekulako lana egiten ari dira.

Horko taldekide batek ezagutzen gintuen eta ea animatuko ginen itzultzera galdetu zigun. Zalantzak izan genituen hasieran, baina azkenean animatu egin ginen. Ingelesez itzultzea ez da gure ohiko lana, baina hitzaurrea irakurri genuenean egiteko modukoa zela iruditu zitzaigun. Azkenean harrapatu egin gaitu istorioak, eta gustura jardun dugu itzultzen.

 

Ohikoa al da liburu bat bi itzultzaileren artean itzultzea?

Ez da arraroa, geroz eta gehiago egiten da horrela. Askotan epearen arabera izaten da. Guk hiru hilabeteko epea genuen eta batentzat gutxiegi zen; horregatik biren artean itzultzea erabaki zuten. Guk abantaila handia izan dugu ikasketak elkarrekin eginda elkar ondo ezagutzen genuelako. Gainera, erabiltzen dugun hizkera oso antzekoa da, eta kanpoko batek bi itzultzaile daudela antzematea zaila da.

 

Azaleko argazkia: Eulalia Abaitua, Bizkaiko euskal emakumea (1900). 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide