Noiztik ari zara lanean Aizkibel liburutegian?
1991. urtean hasi nintzen liburutegian lanean, katalogazio lanetan lehenbizi. Gero, oposizioak egin eta atera ondoren, bertan gelditzeko zortea izan nuen. 26 urte daramatzat hemen lanean. Denbora horretan guztian, liburutegia eta bertan ematen den zerbitzua asko aldatu dira. Gure herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena emateko, berrikuntzetara eta garai berrira moldatzen ahalegindu gara.
Zein izaten da liburutegiko arduradunaren zeregina? Zer egin behar izaten duzu eguneroko lanean?
Arduradunaren zereginak dira, besteak beste, estatistiken txostenak egitea, diru laguntzen eskaerak kudeatzea, liburuak nahiz aldizkariak erostea eta kudeatzea, jarduerak antolatzea –ipuin kontaketak, tailerrak– eta fondoak katalogatzea. Liburutegiko zeregin nagusia, halere, jendea atenditzea da.
Liburu berri asko iristen al da gaur egun liburutegira? Zenbat euskaldun joaten dira?
Beti ahalegintzen gara liburu berriak ekartzen, baina liburuetarako dugun aurrekontua ere kontuan izan behar dugu. Euskarazko liburu ia guztiak ekartzen ahalegintzen gara, baina egia da gazteleraz liburu gehiago dagoela eta aukera zabalagoa dela.
Digitalizazioak eragin al du liburutegian? Beherakadarik nabaritu al duzue?
Jendea oraindik ere etortzen da. Askok nahiago izaten dute papera, horretara ohituta daudelako, eta, alde horretatik, ez dugu beherakada handirik nabaritu. Esan beharra daukagu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak eskaintza zabala duela formatu digitalean ere. Beraz, formatu digitala nahi duenarentzat ere, eskaintza zabala daukagu.
Jendeak liburuak etxera eraman eta irakurtzeko ohiturari eusten al dio?
Bai. Irakurle fidel asko dugu, eta liburutegiak ematen duen zerbitzua erabiltzen dute liburuak irakurtzeko: erosi beharrean, liburutegian hartzen dituzte. 21 eguneko epea izaten dute liburua irakurtzeko, eta beste inork erreserbatua ez badu, beste 21 egun luza dezakete itzultzeko epea. Erraza eta erosoa egiten zaie.
Zein motatako liburuak irakurtzen dira gehien? Hori zergatik dela uste duzu?
Gazteleraz zein euskaraz izan, eleberriak hartzen dira gehien, berriak eta best seller-ak bereziki. Bidaia liburuak eta gidak ere asko mailegatzen dira, uda sasoian gehienbat. Jendeak, herri txikietako liburutegietan, denbora librerako liburuak nahi ditu: eleberriak, irakurtzeko arinak... Psikologiako liburuak ere asko eskatzen dira: autolaguntzako liburuak eta abar.
Orain arte eskatu dizuten libururik arraroena zein izan da?
Tarteka-marteka badago norbait liburu bereziren bat eskatzen duena, guk esku artean ez duguna. Behin, esaterako, euskararen eta sumerieraren arteko erlazioa aztertzen zuen liburu bat eskatu ziguten, eta guk ez geneukan. Horrelako kasuetan, beste liburutegi baten eskatzen dugu liburua.
Jakina da liburutegietan isilik egon behar izaten dela. Erraza al da hori lortzea?
Helduen liburutegian jendea isilik egoten da. Haurren liburutegian, ordea, desberdina da; horietan jendea isilaraztea ez da horren samurra izaten, baina ahalegintzen gara.
Zerbitzu berezirik eskaintzen al duzue liburutegian? Zein?
Umeentzako ipuin kontaketak eta zientzia tailerrak antolatzen ditugu. Ipuin kontaketak urtean bi-hiru aldiz egin ohi ditugu, eta zientzia tailerra, urtean behin. Aurrekontuak uzten diguna egiten saiatzen gara, baina normalean lau saio izaten dira.
Ordutegiaren inguruan ere kexatu izan dira ikasleak, azterketa sasoian ordutegia murritza dela eta. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Liburutegia azterketa garaietan betetzen da gehienbat, baina ez dut uste liburutegiaren ordutegia murritza denik. Egunean zortzi orduz egoten da irekita, eta urte osoan aste bat ixten da soilik. Gainera, udaletxeak beste bi gela jarri ditu ikasleentzat Elkargunean.
Anekdota berezirik izan al duzu urte hauetan?
Anekdota berezirik ez, baina, egun batean, jendea liburutegi barruan giltzapetuta utzi genuen, eta alarmak jo eta jo jardun zuen. Liburutegira korrika etorri behar izan genuen, zer gertatzen zen ikustera. Zorionez, ez zen ezer larririk gertatu; ezusteko txiki bat besterik ez zen izan.