Miren Segurola: «Euskararen etorkizuna beti ereiten denaren araberakoa izango da; neurri ausartak hartu eta aurrera egitea dagokigu»

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 6a, 09:58

Miren Segurola Larrañaga (Azkoitia, 1975) euskalgintzan dabil hainbat urtez. Horren erakusgarri, besteak beste, Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu zuten joan den urrian. Bestalde, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean ibilbide luzea du: 10 urtean euskara teknikari aritu ondoren, azken lau urteetan koordinatzaile lanetan ari da. Ekonomia ikasketak egiten ari zen bitartean hasi zen lanean lehenengoz euskalgintzan, AEKn. Han 6 urte lanean ibili eta gero, UEMAn hasi zen 2003an, eta hantxe dihardu ordutik.

 

Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu zaituzte. Nola izan da prozesua?

Prozesu sinplea izan da. Hezkuntza Politikarako Sailburuordetzatik deitu zidan zuzendari batek, eta batzordean parte hartzeko prest nengokeen galdetu zidan; baietz esan nion, eta listo. Dekretu batek arautzen du Euskararen Aholku Batzordearen eraketa. Lehendakaria eta beste zazpi goi kargudun karguaren baitan izendatzen dira. EAEko hiru aldundiek, EUDELek eta Euskaltzaindiak ordezkari bana dute; Eusko Legebiltzarrak beste bost kide izendatzen ditu, eta gainerakoak hizkuntza normalizazioaren prozesuan eragin duten arloetako pertsonak izaten dira.

Niri UEMAko koordinatzailea naizen heinean tokatu zait bertan parte hartzea. Nahiz eta izendapena pertsonala izan, UEMAren ordezkaritza han izatea izan da nire izendapenaren arrazoia, nire ustez.

Zein dira Euskararen Aholku Batzordearen funtzioak edo betebeharrak? Eta zureak?

Hizkuntza normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzea eta dagokionari horren inguruko aholkuak ematea da batzordearen xedea. Eta funtzio nagusia Eusko Jaurlaritzari hizkuntza politikako norabidea proposatzea da.

57 lagunek osatzen dugu batzordea, eta ni bat gehiago izango naiz; sortzen diren lantaldeetan parte hartu eta iritzia emango dut, besterik ez. Hala ere, ni bereziki udalerri euskaldunen errealitatea batzorde horretara eramaten saiatuko naiz, udalerri euskaldunei garrantzia aitor diezaieten eta hizkuntza politika egiteko orduan bereziki aintzat hartuak izan daitezen.

Euskarak ba al du ahulgunerik?

Euskarak indarguneak baditu, baina baita ahulguneak ere, noski. Azken urteetan egin den hizkuntza politikak, esaterako, ez ditu aintzat hartu euskararen arnasguneak, gune horietan euskara betirako sano egongo balitz bezala. Eta, horren ondorioz, Euskal Herrian ezagutza goraka joan da, baina udalerri euskaldunenetan, behera. Eta erabilerari dagokionez, berriz, egoera larriagoa da. Izan ere, euskarak hiztunak irabazi dituen guneetan ere ez da espero zitekeen bezainbeste igotzen erabilera.

Euskararen erabilera hobetzeko, nolako neurriak hartzea komeni da?

Tokian tokiko errealitateak ezberdinak dira. Udalerri baten ekosistema osoak eragiten du herri horren erabilera arauetan. Kokapena, herriaren bizitasuna, herriko erreferenteak, herritarrak egunero kanpora ateratzeak... Asko dira faktoreak, eta, beraz, askotarikoak izan behar dute neurriek, tokiaren arabera.

Zer iritzi duzu euskararen erabilerari buruz?

Euskal Herriko kaleko erabileraren azken neurketen emaitzei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu beheranzko joera izan duela hamar urte hauetan. Beheranzko joera hori, gainera, gunerik euskaldunenetan gertatzen ari da, Ipar Euskal Herrian izan ezik: Araba eta Nafarroan igoera txiki bat izan du, baina Gipuzkoan eta Bizkaian beherakada ikusten da argi.

Aurrerago esan bezala, orain arte instituzioek hartu duten hizkuntza politikaren estrategia euskararen ezagutzan apustu egitea izan da. Uste izan da D eredua ezarrita urte gutxian euskara arriskutik kanpo egongo zela, baina errealitateak bestelako egoera bat ekarri du. Lortu da ezagutza apur bat igotzea, baina erabilerarekin arazo handia dago.

Udalerri euskaldunetan egoerak okerrera egin du. Ezagutza murriztu da, eta erabilerak ere behera egin du tokirik gehienetan. Egoera horren jakitun izan eta horri buelta eman behar zaio orain. Hainbat azterketa egin ditugu, eta, egindako akatsetatik ikasita, aukera ona dugu orain hizkuntza politika bideratzeko. Bestalde, udalerri euskaldunetako herritarrak ahalduntzeko egitasmoei indarra eman beharko litzaiekeela uste dut, udalerri horiek euskaldun jarraitzea bertako herritarrei zor baitiegu, eta horiek ahaldunduta egotea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere gune horietan euskara nagusi izan dadin nahi badugu.

Politikariek zein lehentasun izan beharko lituzkete euskara sustatzeko?

Lehenik eta behin, eredu izan beharko lukete. Hizkuntza bat sustatu nahi duenak eredu izan behar du gizartearen aurrean, eta, horretarako, pertsonaletik eta dagozkien arduretatik erantzun behar dute.

Administrazioari herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea errespetatzea dagokio lehenik, eta, hortik aurrera, euskalgintzarekin elkarlana sustatu behar du. Orain arte euskalgintzatik egin izan diren aldarrikapenak bere kontrakotzat hartu izan ditu administrazioak, bere aldekotzat edo bultzada gisa hartu beharrean. Horri buelta eman eta elkarrekin euskararentzat estrategikoak diren egitasmoak sustatu behar dira.

Politikarien ardura da euskara politikaren erdigunean kokatzea, erabaki ausartak hartzea eta hartzen dituzten erabakiek euskaran nolako eraginak izango dituzten kontuan hartzea.

Euskarak nolako bilakaera izan du urte hauetan?

Gunerik erdaldunenetan, euskararen ezagutzak gora egin du, eta gunerik euskaldunenetan, berriz, behera. Homogeneizazio prozesu bat gertatuko da egungo hizkuntza politika mantenduz gero. Baina, erabilerari dagokionez, gunerik erdaldunenetan igoera oso txikia da, eta euskaldunenetan beherakada nabarmena da, salbuespenak salbuespen. Ezinbestean, eta egoeraren jakitun izanda, hizkuntza politikarako estrategia irauli beharra dago.

Azkoitiaren kasua ere ez da oro har udalerri euskaldunek duten egoeraren ezberdina. Azkoitian, azken 10 urteetan ezagutza %80tik %74,5era jaitsi da, etxeko erabilera 66,9tik 58,1era, eta kale erabilera %61,3an dago. Eskualdearekin alderatuz, ezagutza eskualdekoa baino %2,5 apalagoa da Azkoitian, baina erabilera %10. Ziurrenik, Azkoitian ere egongo da horretan eragiten duten faktoreen inguruan aztertu eta hausnartu beharra.

Zure ustez, euskara nola egongo da etorkizunean?

Ni baikorra naiz izatez, eta hobera egingo duela iruditzen zait. Gainera, nire iritziz, orain arteko hizkuntza politikaren hoberenari eustea eta gaizki egin duguna onartzea urrats garrantzitsua da aurrera bide egokitik egiteko. Baina, noski, etorkizuna beti ereiten denaren araberakoa izango da, eta euskararen inguruan neurri ausartak hartuta aurrera egitea dagokigu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide