Begoña Garmendia: «Idazkariok sukaldean lan egin behar dugu, gauzak bideratzen; ez dugu zertan izarrak izan»

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 19a, 11:27

Begoña Garmendia, Azkoitiko Udaleko idazkari ohia.

29 urte egin ditu idazkari lanetan Begoña Garmendiak (Lucena, Andaluzia, 1957), beti udalerri euskaldunetan. Zuzenbidean lizentziatua da, Donostiako Udaleko zinegotzi izana da Herri Batasunaren aldetik zortzi urtez, eta Beizamako zinegotzi eta alkatea ere izan da Aurrera Beizama alderdiarekin. Udal idazkaria izan zen Errezilen eta Usurbilen, eta 2006tik 2017ra, Azkoitian. Udalaren inguruan eskarmentu eta ezagutza handia du, beraz. Duela 22 bat urte, UEMAren hasierako estatutuetan laguntzen ere aritu zen.

 

Joan den urrian utzi berri du Azkoitiko Udaleko idazkari postua, azarotik aurrera Tolosako Udalean hasiko baita idazkari. 23 urte darama Beizaman bizitzen. Azkoitian 11 urtean lan egin du hiru udal talderekin parez pare, eta udaletxeko jendearekin egindako harreman ona eramango du batez ere berekin.

Legea betearaztea da idazkariaren egiteko nagusia. Zein da zure eguneroko lana?

Horrekin ez nago ados; ni ez nago legea betearazteko. Idazkarion lana beste modu batean ikusten dut. Politikariak nire bulegora etortzen dira, eta haiek dituzte euren helburuak, programak, printzipioak eta abar. Orduan, idazkarion lana da planteatzen dituzten asmo horiek bideratzea, betiere legeak zer dioen kontuan hartuta. Beraz, gure lana da udalak dituen proiektuak aurrera eramatea, legea errespetatuz.

Ezkutuko lana da idazkariarena, atzekoa. Udalean funtzio garrantzitsuena izan arren, herritarrek apenas ezagutuko zaituzten.

Bai, gure lana sukaldekoa da asko. Ateratzen bada ordenantza edo obra bat, esaterako, gero guk sukaldeko lana egiten dugu. Gainera, halaxe behar da. Guk ez dugu zertan izarrak izan edo protagonismorik eduki; guk sukaldean lan egin behar dugu, gauzak bideratzen.

2006tik, Azkoitiko Udalean; hiru udal talderekin parez pare lan egin duzu, hiru legealditan. Nolako harremana  izan duzu alkateekin eta zinegotziekin?

Oro har, ona izan da. Oso garbi izan behar dugu gu profesionalak garela eta gu hemen lan bat egiteko gaudela. Alde batetik dago Begoña idazkaria eta bestetik Begoña Garmendia. Idazkaria da idazkari lana egiten duena. Ni hemen profesional moduan nago, eta irizpide profesionalak erabili behar ditut.

Niretzat oso inportantea da harreman pertsonala. Kontuan hartu behar da udaletxean pasatzen dugula bizitzaren erdia edo gehiago; orduan, oro har, nahiz eta beti dauden salbuespenak oso modu anekdotikoan, denok saiatu behar dugu harreman pertsonala ona izan dadin. Alde horretatik, harreman pertsonal ona izan dut denekin, oro har. Nik onartzen dut jenio bizia dudala, baina nik denei beti esaten diet: «Niri entzun bigarrengoan; aurrenekoan kasurik ez egin». Gauzak beti aztertzen eta berraztertzen ditut. Bestalde, errespetua eduki dugu beti elkarrekin.

Politikariak eta idazkaria beti ‘soka-tiran’ aritzen omen dira. Zu alde batean zein bestean egona zara.

[Barrez] Bai, politikari gisa udal batean zaudenean, gauza asko eta azkar egin nahi izaten dituzu, baina hori ezin da beti, hainbat prozedura errespetatu behar direlako, besteak beste. Orduan, buruak beste modu batean funtzionatzen du beste aldean zaudenean, baina denok ahalegina egin behar dugu, eta behintzat saiatu bi ikuspuntuak uztartzen: gauzak egin bai, baina edozein modutan ez.

Kanpotik begiratuta, idazkariaren lanak astuna eta zurruna ematen du. Alde politik ere izango du, ala?

Niri gustatu egiten zait, ordea. Astuna? Aitzurrean aritzea, hori bai astuna [barrez]. Gaiak ikertzea, aztertzea eta nolabait sortzea asko gustatzen zait niri, eta horrek gure lanari kalitatea ematen dio. Gainera, azken urte hauetan lege berriak etengabe ateratzen ari dira; hortaz, nahitaez gaurkotu behar dugu. Lana era mekanikoan egiten baduzu, orduan astuna izango da, bai, baina hori lan guztietan bezalaxe.

Zinegotzia, alkatea eta idazkaria izan zara; postu bat aukeratzekotan, zein nahiago?

Oso postu desberdinak dira. Zinegotzi eta alkate militantziaz izan naiz. Idazkari postuarekin pozik nago.

Egoera onean al dago udala gaur egun?

Oraintxe bertan, udalaren barruko bizitza fase onean dago; etapa on batean gaude. Gure arteko harremanak oso errazak eta bideragarriak dira. Gauzak egiteko dirua dago, eta hori oso garrantzitsua da. Garai zailagoak ezagutu dira. Bere garaian oso neurri zorrotzak eta hartu beharrekoak hartu ziren, eta, horiei esker, gaur egungo udalaren egoera ekonomikoa oso ona da.

Azken 11 urteotan asko aldatu al dira udalaren jarduna edo beharrak?

Bai, asko. Gehiago aldatu behar dira, gainera, eta gehiago aldatuko dira, derrigorrez.

Alde batetik, lege dezente atera dira gardentasunaz eta partaidetzaz. Hori dena azken bi urteetako kontua da. Oraintxe hasi da mugimendu bat nahiko potentea. Legedia horri erantzun egin behar zaio, baina ez legedia delako bakarrik, baizik eta legedia horrek islatzen duelako herritarren kezka bat nolabait. Orain legez jasota daude hainbat prozesu parte hartzaile, hainbat informazio ateratzeko betebeharra eta abar, eta hori, noski, praktikara eraman behar da.

Beste aldetik, aldaketa handia izango da administrazio elektronikoarena ere. 2018ko urritik aurrera, guk elektronikoki bideratu beharko ditugu hainbat eskaera. Espedienteak ordenagailuan bideratzen ditugu, baina jakinarazpen elektronikoak ez ditugu egiten; laster egin ahal izango dira, ordea. Horrek esan nahi du herritarrei erraztasun handia emango zaiela eskaerak, espedienteak eta abar bideratzeko. Gainontzeko administrazio guztiekin lotuta egongo dira herritarren datuak, eta horrek sekulako aldaketa ekarriko du.

Eta, udalaren goiko eskailera maila horretatik, nolako herria ikusten duzu? Nolako herritarrak? Inplikaziorik ikusten al duzu herri politikan?

Hor lan handia gelditzen da egiteko, denon aldetik. Euskadiko Toki Erakundeen Legea iaz onartu zenetik ireki dira bide berriak parte hartzeko, eta hainbat gaitan nahitaez martxan jarri behar dira. Eta horrek elkar elikatzeko balio du: zuk bideak irekitzen badituzu, herritarrek parte hartzea errazagoa da. Zaila da, bakoitza gure eguneroko bizitzari lotuta gaudelako, baina nik esperantza daukat, behintzat.

Zure erronketako bat Euskararen Legea izan da. Azkoitiko Udalaren barruko hizkuntza jarduna nolakoa da?

Ez da nik nahi nuena bezalakoa, baina urte hauetan pausoak eman dira. Alde batetik, geure sailean, idazkaritzan, izapidetzen dira kontratazio espedienteak, langileei buruzkoak, ondareari buruzkoak… Gure sailean, pleguak legez bi hizkuntzatan egin behar ditugu nahitaez, baina laneko hizkuntza euskara da idazkaritza honetan. Nik hori hasieratik oso garbi neukan. Nire kezka handienetako bat izan zen oinarrizko prozesuak normalizatzea euskaraz; adibidez, ongizate saileko diru laguntza bat, kontratazio espediente bat… Lan handia gelditzen da oraindik; alde horretatik, trebatzaile baten figura ezinbestekoa da, udal osoko hizkuntza terminologiaren eredua normalizatzeko batez ere. Oraindik eredu batzuk falta dira, hirigintza arloan esaterako.

Bestalde, euskaraz egiten direnean ere zenbaitek gaztelerara itzultzeko eskatzen digute. Hor gehiago behar dugu denok: bai guk, euskaraz produzitzeko, baina baita herritarrek ere, zeren eta askotan ulergarriagoa baita euskaraz produzitzen dena gazteleraz produzitzen dena baino. Oraindik badago zer egina, baina nik oso garbi daukat: herri honetan biztanleen %80 euskaldunak dira, eta, beraz, erronka handia daukagu. Hemen euskaraz egin behar da lana. Baliabideak jarri behar dira, noski, ulertzen ez duenarentzat: itzulpenak eta abar. Bide asko daude, baina badaude gauza batzuk mugitu ezin direnak.

Aktak, espedienteak, txostenak eta beste euskaraz jasotzen al dira?

Bai. Bileretako aktetan dena jasotzen da, eta gero transkribatu egiten da halaxe erabaki zutelako. Lehen, zinegotzi bat zegoen euskaraz ez zekiena. Nik hitz egiten zen hizkuntzan jasotzen nuen, gehiena euskaraz. Gero, beste dokumentu bat egiten zen: aktaren itzulpena. Eta nik aktaren itzulpen gisa izenpetzen nuen, ez akta gisa. Gaur egun denak euskaldunak dira, eta aktak eta diktamenak, denak euskaraz egiten dira.

Eta non daude hutsuneak? Zein esparrutan aurkitu dituzu Euskararen Legea ezartzeko zailtasun handienak?

Oraindik lan handia egin behar da hainbat sailetan espedienteak izapidetzeko garaian. Agian erdaraz jasotzen duzu eskaera, baina zuk ez duzu zertan espediente osoa erdaraz izapidetu. Zuk posible duzu euskaraz tramitatzea eta gero ebazpenaren jakinarazpena bi hizkuntzetan egitea. Hor hutsunea dago.

Legeak berak ere izango du zer hobetu.

Euskararen Legea oso atzean gelditu da. Oso lege zaharra da, baina, zorionez, Euskadiko Toki Erakundeen Legeak aportazio handiak egin ditu alde horretatik, eta gaur egun erraztasun handiak eta oinarri juridiko potentea ematen ditu euskaraz lan egin ahal izateko.

Eta Azkoitiko politikariak, oro har, zenbateraino daude sentsibilizatuta?

Politikariak kalearen isla dira. Orduan, batzuek sentsibilizazio handia dute, eta beste batzuek ez hainbeste, baina oztoporik ez dago politikarien aldetik euskararen garapenerako.

UEMAn ere aritutakoa zara. Euskararen normalizaziorako tresna garrantzitsua izan da mankomunitate hori.

UEMA sortu zenean, hor ibili ginen idazkari batzuk hasierako estatutuak idazten. Gero, UEMAk gaurkotu zituen bere estatutuak. UEMA ezinbesteko tresna izan da euskara garatzeko udal administrazioan; UEMA gabe, ez ginateke egongo gauden tokian.

Beste udaletako idazkariekin hartu-emanik ba al duzu?

Harremana badugu, baina ez dugu organo iraunkorrik. Niri deitzen didate askotan; oso zaharra naiz [barrez], urte asko daramatzat.

Azkoitiko Udala utzi, eta Tolosako Udalera zoaz. Zer eramango duzu zurekin?

Udaletxeko jendea. Uzteko erabakia hartzean, nire gatazka handiena izan da 11 urte hauetan ezagutu eta tratatu dudan jendea. Horrek ematen dizu pena handiena, hemen egindako hainbat harremanek. Lortu dugu elkarrekin egotea eta elkar ulertzea, baina gu horrelakoxeak gara, ipurtarin batzuk.

Horrez gain, asko-asko ikasi dut. Eta, azkenik, herria bera eramango dut: Azkoitia herri zoragarria da. Izugarrizko ondare arkitektonikoa dauka: azoka, Nagusia 80, Nagusia 100-102... Altxor arkitektoniko bat dago Azkoitian. Lan handia gelditzen da hor egiteko: multzo monumental historiko hori egoera onean jartzeko, kontserbatzeko eta zaintzeko. Nik ikusten dut historia bat dagoela hemen izugarri balio duena, eta arrazoi askorengatik laguntza handia eta arreta berezia behar duela, ez bakarrik udalaren aldetik. Hor diruak etorri behar du beste lekuetatik ere. Hor erronka potentea dago.

Eta, egitekoen artean, zeintzuk dira lehentasunak?

Hori ez dagokit niri esatea; ni ez naiz aurkezten hauteskundeetara [barrez]. Niretzat oso inportantea izango litzateke, zalantzarik gabe, monumentu multzoa birgaitzea eta birgaitzeko politikak egitea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide