«Bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzeko garaia iritsi da, hori dela eta, bizi dugun prekarizazioari aurre egin eta bizitza duinerako aldarrikapena zabalduko dugu Urola Kostako kaleetan», adierazi dute LABeko ordezkariek. Infoguneen bidez, bizitza duinerako lan guztien aitortza eta defentsa «behar-beharrezkoak» direla adieraziko dute. «Langile klasea bere osotasunean kontutan hartu eta ohiko sindikalgintza ereduarekin identifikatzen ez diren kolektibo guztiei eskaintza egitea da gure erronka, eta horretarako kontzientzia hartzea da lehen urratsa». Hori lortzen saiatzeko, Azkoitian izango dira ostiral goizean.
LABek aditzera eman duenez, «apustu handia» egin dute bizitza erdigunean jarriko duen lan eredu berri baterantz borroka egingo zutela esan zutenean. «Bizitza erdigunean jartzeko lehenengo pausu bezala lan osasuna hartu behar dugu kontuan», esan dute. Euskal Herri mailan 51 langilek galdu dute jada bizitza beraien lanetan edo lanerako joan etorrian.
51 langile horietatik 9 gure eskualdekoak ziren eta eskualdean bertan 5 heriotz istripu izan ditugu. «Egoera jasangaitza da, baina zoritxarrez erailketa horiek iceberg-aren punta baino ez dira», ohartarazi dute. Azken 5 urteetako datuei erreparatuta langileek bizi duten egoera «beldurgarria» dela azaldu dute, egunero 212 lan istripu izaten baitira. «Hori gutxi balitz lanetik eratorritako gaixotasunak ditugu. Horiek milaka langileri eragiten die, diruaren truke ezkutatzen direnak, ala okerrago, eguneroko bizitzatik eratorriak direnak esaten dizkigutenak», adierazi dute ordezkariek. Hori guztia salatzeko, ostiral goizean Azkoitian osasunaren garrantzia azpimarratu eta salaketa publikoa egingo dute ekimen ibiltariaren baitan. Goiz goizetik hainbat gunetan aldarrikapenak egingo dituzte, eta eguerdiko 12:00etatik 13:00etara eliz atarian egongo dira. LABetik jakinarazi dutenez, aldarrikapena ez dute kasualitatez Azkoitian egingo. Esan dutenez, «6 dira jada gutxi batzuen aberastasuna mantentzeko bizitza eman duten herrikideak».