«Oso erraz egokitu naiz hirira»
Ainhoa Oroz Uria (Azkoitia, 1998)
«Bartzelonako Unibertsitatean (UB) ikasiko dut Podologia Gradua. Etxetik kanpo ikastea erabaki dut, ikasi nahi nuen gradua Euskal Herrian ez zegoelako eta esperientzia berri bat bizitzeko gogoa nuelako. Erraza izan zen erabakia hartzea; ez nuen dudarik izan erabakia hartzerakoan. Ikasketak katalanez eta gazteleraz egiten ari naiz. Lehenengo egunetan antzeman nuen aldaketa, baina berehala ohitu nintzen.
Hasieran, beldur pixka batekin joan nintzen, baina kuriositatea ere banuen, ez nekielako zerekin topo egingo nuen. Hala ere, oso erraz egokitu naiz hirira, nahiz eta herriko lasaitasunaren falta sumatzen dudan.
Egunero joaten naiz unibertsitatera, eta denbora librean unibertsitateko lagunekin edo etxekideekin egiten ditut planak. Batzuetan turistak bezala ibiltzen gara hiria deskubritzen, eta besteetan, berriz, auzotik ez gara irteten.
Nahiz eta egunerokoan errutina bat izan, egun bakoitza desberdina izaten da hemen. Izan ere, egunero jende berria ikusten eta ezagutzen dut, eta, ondorioz, gauza berriak gertatzen zaizkit egunero.
Oso esperientzia gomendagarria da. Izan ere, gradua ikasteaz gain, pertsona bezala ere asko ikasten da. Ia egunero egoten naiz harremanetan etxekoekin eta lagunekin; gehienbat Whatsappez, baina Skype ere erabiltzen dut».
«Ingelesaz gain, milaka gauza ari naiz ikasten»
Naia Aleson Alberdi (Azkoitia, 2001)
«Estatu Batuetako Sergeant Bluff Luton High School eskolan egingo ditut batxilergoko ikasketak ikasturte honetan. Abuztuaren hasieran etorri nintzen eta ekain hasieran itzuliko naiz horra; hamar hilabete inguru egongo naiz Estatu Batuetan bizitzen. Ingelesez egingo ditut ikasketak. Jada hilabete bat baino gehiago daramat hemen, eta, beraz, nire ingeles maila hobetuz doa. Hasieran guztiz beldurtu nintzen, ez nielako ezer ulertzen, baina denborarekin geroz eta errazagoa egiten zait.
Buruari buelta gehiegi eman gabe hartutako erabakia izan da. Etxekoei nire nahien berri eman, eta beraiek ere baiezkoa eman zidaten. Denborarekin informazioa bildu eta hilabete batzuk geroago, hemen nago! Aurrez ez nuen horrelako esperientzien berririk. Egun batean etxean afaltzen ari ginela, amak aipatu zuen bere lagun baten alaba Estatu Batuetara joan zela batxilergoko lehenengo maila ikastera, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Etorkizunera begira, ingelesa ez ezik, bizitzari buruz ikasiko dut: aurrerantzean, etxean dudan guztia askoz ere gehiago estimatuko dut. Dagoeneko bakarrik bizitzen ikasi dut, independenteagoa izaten.
Oso urduri etorri nintzen, buruan milaka galdera nituela. Eguna iristeko gogotsu nengoen, eta, behin hegazkinean sartu nintzenean, pentsatu nuen: «Kito, hasi da nire biziko etapa berri bat; burua altxatu, eta aurrera». Lehenengo astea oso gogorra izan zen, eta itzuli besterik ez nuen nahi, baina, denborarekin, hori guztiz aldatu da, eta orain irrikaz nago aurretik ditudan bederatzi hilabeteak topera aprobetxatzeko! Hala ere, familiaren eta lagunen falta sumatzen dut gehiena; asko gogoratzen naiz haietaz une oro. Gainera, gaur egun daukagun teknologiarekin, oso erraza da harremana mantentzea. Hasiera batean denbora asko pasatzen nuen mugikorrarekin, baina orain bi astean behin egoten naiz etxekoekin telefonoz, eta mezu bat edo beste bidaltzen diet egunero. Lagunekin Whatsappez hitz egiten dut noizean behin.
Euskal Herrian ez bezala, Fast Food jatetxeez eta School Bus horiez aparte ez dago gauza askorik hemen. Leku ederra da eta oso gustura nago, baina Euskal Herria izugarria da niretzat, eta hango hondartzak eta mendiak izugarri botatzen ditut faltan. Egia esan, bertako jendeak harritu nau gehiena: izugarri jatorrak dira guztiak, eta beti laguntzeko prest daude. Kaletik oinez bazoaz, denek agurtzen zaituzte eta zer moduz zauden galdetu, eta hori ederra da. Bertako giroa atsegin dut gehiena; lehenengo egunetik etxean bezala sentitu naiz, bai familiarekin bai eskolako lagunekin.
Egunero eskolara joaten naiz, Azkoitian bezala, eta eskola amaitzean Cross Country-ko entrenamendua izaten dut, hau da, atletismokoa. Hori amaitzean, etxera joan eta afaldu egiten dugu. Eguneko une ederrenetako bat izaten da, nire hemengo familia osoa elkartzen baikara. Asteburuan, hemen inguruko leku berriak ezagutzera eraman ohi naute, eta zerbait berezia egiten saiatzen gara.
Azkoitiarekin alderatuta, oso desberdina da dena. Ikaskideek ia egunero galdetzen didate zein den ni bizi naizen tokiaren eta honen arteko desberdintasun nagusia, eta nire erantzuna «guztia» izaten da. Pelikula batean egongo banintz bezala bizi naiz hemen: egun osoa begiak zabalik pasatzen dut, gauza berriei harrituta begira. Horrez gain, ordutegiekin guztiz harrituta nago oraindik: egunero 11:30ean bazkaldu eta 17:30ean afaltzen dugu…
Anekdota moduan, berriz, ingelesarekin izan ditut hainbat nahaste: jatetxetara joaten naizen bakoitzean zerbitzariek barre egiten didate, eta batzuetan gauzak lau aldiz esan behar izaten ditut, baina hori ere hobetuz doa. Bestalde, hona etortzean hegazkinean izan genuen arazoa... Madrildik Chicagorako hegaldian, hegazkineko ateak ez zituzten ondo itxi, eta ozeano gainean geundela buelta hartu, eta Madrilera itzuli ginen hegazkinez aldatzera. Izugarrizko larrialdia izan zen, baina bueno, konpondu zuten eta ondo iritsi ginen.
Guztiz gomendatuko nuke esperientzia. Urte hau ez zait sekula ahaztuko. Jendeak pentsatuko luke hona etorri naizela ingelesa ikastera, baina hemen ingelesaz gain milaka gauza ari naiz ikasten. Beste mundu bat da hau».
«Nire antzeko afizioak eta ohiturak dituen jende berria ezagutu dut, eta horrexek
bete nau gehien»
Jone Zabaleta Larrañaga (Azkoitia, 1998)
«Bigarren urtez jarraian, Lleidako Unibertsitatean [Katalunia] ari naiz ikasten Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitza. Argi neukan fisioterapiaren antzeko zerbait ikasi nahi nuela, baina, kirola egitea ere gustatzen zaidanez, gradu bikoitz hori ikastea aproposa iruditu zitzaidan. Euskal Herritik irten behar izan dut, bertan ez dagoelako horrelako gradu bikoitzik. Beraz, Lleidan biziko naiz gutxienez bost urte, karrera bukatu arte, eta gero ikusi egin beharko dut, lan eskaintzen arabera.
Bestalde, esperientzia berriak beti izaten dira aberasgarriak, gehienbat heldutasun pertsonalaren aldetik. Jende desberdina ezagutzeak eta bakardadean eguneroko bizimoduari aurre egiteak asko erakusten digu, eta etorkizunean lagungarri izango dudala iruditzen zait. Lleidan, gainera, atletismo pistan entrenatzeko aukera daukat, eta gozatzen ari naiz. Izan ere, hainbeste urtean Azkoitian entrenatzen aritu arren, ez dut izan horretarako aukerarik.
Hasieran ez nekien zer aurkituko nuen, eta ezjakintasunak urduritasun apur bat ematen zidan. Dena zen berria niretzat: jendea, herria, irakasleak, etxea… Baina berehala ohitu nintzen bizimodu honetara. Goizez klaseak izan ohi ditut, eta arratsaldez, berriz, entrenatzeko eta lanak egiteko aprobetxatzen dut. Ikasturte honetan, goizez eta arratsaldez izango ditut klaseak; beraz, denbora libre askorik ez dut izango. Hala ere, tarte bat dudanean entrenatzeko edo txapelketetara joateko aprobetxatzen dut gehienetan. Nire antzeko afizioak eta ohiturak dituen jende berria ezagutu dut, eta horrexek bete nau gehien.
Bestalde, Lleidan edozein momentutan euskaraz hitz egitearen falta sumatzen dut. Familiarekin eta lagunekin ere asko gogoratzen naiz; bereziki, momentu zailetan. Hala ere, mugikor bidez ia egunero komunikatzen gara. Eta atletismoari dagokionez, berriz, entrenatzailearen eta eguneroko korrikako kideen hutsunea ere nabaritzen dut.
Irakasgai gehienak katalanez izaten ditut, eta gutxi batzuk gaztelaniaz. Uste baino errazago moldatu naiz, hasiera batean kostatu arren; hilabeteren ondoren dena ulertzen nuen, eta pixkanaka ohitzen joan nintzen. Oro har, erraz egokitu naiz herrialde berrira, uste baino errazago. Lagun batekin joateak gauzak erraztu dizkit, eta pare bat ikaskide euskaldun edukitzeak ere bai.Ni bizitzen ari naizen esperientzia guztiz gomendatuko nuke; zeharo aberasgarria iruditzen zait. Horrelako esperientziak bizitzeko aukera gutxi izaten da, eta aprobetxatu beharra dago gaztetan, etxera itzultzeko aukera beti izango dugu-eta gerora ere».
«Gehiena gustatu zaidana ikasle egoitzan dudan lagun giroa da»
Mara Larrañaga Ibarmia (Azkoitia, 1998)
«Aurten, iaz bezala, Valladolideko Unibertsitatean egingo ditut ikasketak. Publizitatea eta Harreman Publikoak graduaren campusa Segovian dagoenez, bertan nago bizitzen, eta hemen jarraitzeko asmoa dut gradua amaitu arte. Gazteleraz dira irakasgai guztiak, eta, nahiz eta hasieran ohitzea kosta egin zitzaidan, orain ongi moldatzen naiz.
Beti gustatu izan zait beste herrialde batera joatea eta esperientzia berriak bizitzea, baina, nire kasuan, batxilergoko notak ere baldintzatu ninduen. Etxekoek han gelditzeko esaten zidaten, baina niri ez zitzaidan axola kanpora joatea. Hasieran beldur pixka bat nuen, ez nekielako zer aurkituko nuen, baina orain oso gustura nago hartutako erabakiarekin.
Goizean klaseak izaten ditut, eta arratsaldean lanak egiten saiatzen naiz gehienetan. Denbora librea, berriz, Segovian ezagututako lagunekin egoteko eta kirol pixka bat egiteko aprobetxatzen dut. Orain arte gehiena gustatu zaidana ikasle egoitzan dudan lagun giroa da.
Etorri aurretik ez nekien Segovia unibertsitate hiria zenik, eta horrek asko harritu ninduen. Gainera, ez nuen bertako kultura nahasketa espero. Erraz egokitu naiz herrialde eta bizimodu berrira; ez dago ezberdintasun handirik. Lagunen eta familiaren hutsunea asko nabaritzen dut, baina, hala ere, guztiz gomendatuko nuke esperientzia hau: asko ikasten da eta jende pila bat ezagutzeko aukera ematen du».
«Ikasketak etxetik kanpo egitea gomendatuko nuke, oso esperientzia
aberasgarria delako eta etorkizunean lan munduan ere lagun dezakeelako»
Jon Ander Agirre Carrillo (Azkoitia, 1999)
«Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean egingo dut Farmaziako Gradua. Gasteizen ikasteko aukera ere banuen, baina nahiago izan dut kanpora etorri eta beste esperientzia bat bizi. Klaseak gazteleraz ematen dira, eta, egia esan, pixka bat kostatzen ari zait; batez ere, matematika beste hizkuntza batean ikastea.
Herriminez etorri nintzen Madrilera, baina ohitzen ari naiz. Lagunekin etortzeak ere asko laguntzen du bizimodu berrira egokitzen, eta, momentuz behintzat, ikasketak bukatu arte hemen egoteko asmoa dut. Hala ere, faltan sumatzen ditut familia, herrian geratu diren lagunak eta Euskal Herriko eguraldia, baina egunero hitz egiten dut haiekin, Whatsappez zein Skype bidez.
Arratsaldez izaten ditut klaseak, 14:30etik 17:30era. Goizak eta klasetik irten ondorengo orduak lanak egiten eta ikasten ematen ditut gehienbat, etxeko lan asko izaten baititut. Denbora libre askorik ere ez daukat, baina, ahal dudanetan, hirian barrena txoko berriak aurkitu eta ezagutzea atsegin dut. Gehien gustatu zaidana hiriko giroa izan da; Euskal Herrikoaren aldean oso ezberdina da, baina, hala ere, euskaldun askorekin egin dut topo hemen.
Ikasketak etxetik kanpo egitea gomendatuko nuke, oso esperientzia aberasgarria delako eta etorkizunean lan munduan ere lagun dezakeelako».
«Eskoziako sistema oso interesgarria iruditu zitzaidan»
Eneritz Lopez Muguruza (Azkoitia, 1999)
«Aberdeen-eko Unibertsitatean [Eskozia] egingo ditut Biomedikuntzako ikasketak. Gradu hori egiteko aukera Bartzelonan eta Lleidan ere banuen, baina hango unibertsitateetako sarbide nota nik lortutakoa baino altuagoa zen. Bestalde, Eskoziako sistema oso interesgarria iruditu zitzaidan: bertako gobernuak ordaintzen dit matrikula, eta Aberdeeneko Unibertsitatean nire gradua hobeto antolatuta dagoela iruditzen zait. Klaseak ingelesez ematen dira, baina ondo moldatzen naiz. Zailagoa da bertako adineko jendeak esaten duena ulertzea, oso azentu bitxia baitute.
Hasieran, kanpoan ikasteko erabakia hartu nuenean, sekulako gogoa nuen. Egia da, ordea, batzuetan gogorik gabe sentitu naizela; izan ere, bakarrik etorri naiz, eta familiarengandik eta lagunengandik urruntzeak pena eman dit. Hala ere, ikasteko eta jende berria ezagutzeko gogoz etorri naiz, eta uste nuena baino azkarrago egokitu naiz. Hemengo jendea oso jatorra eta irekia da, eta iritsi bezain laster izan dut lagunak egiteko aukera.
Goizero joaten naiz unibertsitatera, eta, normalean, hiruzpalau ikasgai izaten ditut. Arratsaldeak, berriz, etxeko lanak egiten edo ikasten ematen ditut, unibertsitateko liburutegian. Denbora librean, nire campus berean bizi diren lagun batzuen etxera joan ohi naiz nire etxekidearekin, eta gauetan tabernetara ere joaten gara.
Euskal Herria asko gogorarazten dit hemengo paisaiak, berdea eta euritsua baita. Hala ere, giroa oso ezberdina da. Parrandak, esaterako, ez du antz handirik, eta, Euskal Herriko unibertsitateetan ez bezala, hemengoan ehun herrialde ezberdinetako ikasleak daude. Guztietan zailena, ordea, jatorduetara ohitzea izango da, jendeak eguerdiko hamabietan bazkaldu eta arratsaldeko seietan afaltzen baitu.
Esperientzia erabat gomendatuko nuke. Hizkuntza, kultura eta txoko ezberdinak ikasteko aukera paregabea da, eta uste dut horrek mundua beste begi batzuekin ikusteko eta pertsona gisa hazteko aukera ere ematen duela. Familia eta lagunak faltan botatzen ditut, baina egunero egoten naiz haiekin harremanetan Whatsappez, baita Skype bidez ere».
«Biok batera egonda, errazagoa izan da kanpora etortzea»
Maialen Odriozola Gaztañaga (Azkoitia, 1999) eta Naroa Larrañaga Aranberri (Azkoitia, 1999)
«Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatean egingo ditugu Erizaintzako ikasketak. Etxetik kanpo ikastea erabaki genuen selektibitateko notak ez zigulako balio izan Euskal Herriko Unibertsitatean sartzeko, eta, beraz, Espainian hasi behar izan genuen aukera gehiagoren bila. Garbi genuen biok Erizaintza ikasi nahi genuela, eta, biok batera egonda, errazagoa izan da kanpora etortzea. Ikasgaiak gazteleraz eta katalanez dira, irakaslearen ama hizkuntzaren arabera. Gazteleraz ondo moldatzen gara, baina klaseak katalanez ematea nahiko zaila egin zaigu; dena dela, pixkanaka ohitzen ari gara.
Kanpora ikastera etortzeko erabakia hartu genuenean, nahiko lasai eta baikor geunden, baina, behin maletak hartuta autoan sartu ginenean, dudak ere sortu zitzaizkigun. Hala ere, uste baino errazago ohitu gara bizimodu berrira. Unibertsitatean oso lagunarte polita egin dugu, eta egoitzan ere gustura gaude, nobatada batzuk egin dizkiguten arren.
Goizetan izaten ditugu klaseak; bazkaldu ostean oraindik ez dugu egiteko askorik izaten, eta plan ezberdinak egiten ditugu, egunaren arabera. Eguraldi ona egiten badu, hondartzara edo korrika egitera joan ohi gara, eta, bestela, egoitzan geratzen gara edota merkataritza zentrora ere joan izan gara. Ostegunetan egoten den giroa ere asko gustatu zaigu. Egia esan, ez dugu aspertzeko astirik izaten.
Oso ezberdinak dira Azkoitia eta Tarragona, eta egia da herriaren falta nabaritzen dugula, baita familiarena eta lagunena ere. Hala ere, esperientzia berri hau bizitzea gomendatzen dugu, arduratsuago eta irekiago izaten laguntzen duelako eta jende berria ezagutzea ere aberasgarria delako. Gurasoekin bizitzea oso erraza eta erosoa da, baina bakarrik bizitzeak ere baditu abantailak. Gainera, Whatsappez egunero hitz egiten dugu etxekoekin eta lagunekin, eta noizbehinka Skype ere erabiltzen dugu».