'AtzegiXperience' kanpaina aurkeztu du Atzegik

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 10a, 09:38

Atzegik joan den zapatuan Azpeitian aurkeztu zuen ikasturte berrirako kanpaina. Aurtengo kanpaina boluntarioei zuzendua dago. Urritasuna duten pertsonek, deialdi «dibertigarri» baten bidez, boluntarioen esperientziak, modan dauden esperientzia kaxekin alderatuz, «bizipen ahaztezinak» izateko gonbita luzatu dute.

 

Aldi berean, boluntarioen lana balioan jarri nahi dute, eta adimen desgaitasuna duten pertsonekin denbora partekatzen duten pertsonei euren lana eskertu nahi diete. Izan ere, musutruk, euren hobbyak partekatu eta hainbat esparrutan laguntzen duen pertsona asko dago.

Bizipoza, Escapadas, Bienestar edo Bidelagun. Izen horiekin eman dituzte ezagutzera 'AtzegiXperience' kaxa desberdinak eta, bide batez, Atzegik eskaintzen dituen boluntario izateko bideak; puntualki kolaboratzea, aldizka zaletasunen bat partekatzea, ekimenetan parte hartzea, oporretara joatea, edo besterik gabe, zerbait hartzera ateratzea. Horrela, kanpainak eman nahi du adieraztera kolore guztietako esperientziak daudela, eta zarena zarela, badagoela egokia den esperientziarik.

«Esperientzia paregabe eta ahaztezinak»

Atzegitik adimen urritasuna duten pertsonen bizitzan boluntarioek duten garrantzia azpimarratu du, «horiei esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek beren aisialdiaz gehiago gozatzeko, gizartean aktiboki parte hartzeko edo lagun hurkoa zabaltzeko aukera dute, eta azken batean, horrek hobetzen du euren gizarteratzea», adierazi dute.

Horrez gain, boluntarioek ere balorazio «oso positiboa» egin ohi dutela adierazi dute «oso ondo pasatzen dute eta bueltan asko jasotzen dutela adierazten digute», gaineratu dute. Azkenik, Atzegikoek azpimarratu dute pertsona guztiek aurkituko dutela beren neurriko 'AtzegiXperience'-a eta ziur «ahaztezina» izango dela.

Horregatik, kanpainako materialen eta web orriaren bitartez, adimen urritasuna duten pertsonen testigantzak jasoko dira, boluntarioen laguntza jasotzeak duen garrantzia ezagutzera emateko. Boluntarioek ere euren esperientzien berri emango dute, eta hirugarren pertsona bat boluntario izatera animatuko dute.

Amaitzeko, kanpaina hedatzeko erabiliko diren elementuak aurkeztu dituzte: kartelak (dendetan eta autobus geltokietan jartzeko), esperientzia kutxak, liburuxkak eta bideoa. Bideo dibertigarri eta erakargarri baten bitartez 'AtzegiXperience' bizitzeak zer suposatzen duen erakutsi nahi izan dute.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide