Nola pasatu zenuen Kataluniako erreferendumaren eguna?
Goizean goiz beste euskaldun batzuekin batu eta kaleko giroa ikustera atera ginen. Kaletik buelta bat eman genuen eta jende asko ikusi genuen modu ezberdinetan demokrazia aldarrikatzen, baina gehienak turistak ziren. Ez zebilen katalanik kalean. Deigarriena izan zen ez genuela ia esteladarik ikusi goiz osoan zehar, baina bai espainiar bandera asko eta espainiarren manifestazio bat ere.
Egunean zehar Bartzelonako hiru eskolatatik pasatu nintzen. Guztietan giro berdina zegoen. Bozkatzera joan zirenak ilara luzeetan zain zeuden eta inguruan hainbat pertsona egoerari begira. Azken horietatik euskaldunak, asko. Gràcia auzoko eskolan botoa emanda zeudenek botoa ematera iristen zen pertsona berri bakoitza txalotu egiten zuten. Pertsona helduak emozioz negarrez hasten ziren. Oso hunkigarria izan zen. Han geundela behatzaile internazionalak iritsi ziren eta haiei ere txalo artean egin zieten ongietorria. 20:00ak iritsi zirenean eskola itxi zuten eta guztiek batera Kataluniako ereserkia abestu zuten, bozketa ongi joan zela ospatzeko; ondoren «hem votat» (bozkatu dugu) oihukatu zuten. Botoen kontaketa amaitu eta botoak babestuta zeudela ziurtatu arte bertan gelditu ginen. Botoen kontaketarekin hasi aurretik, sakabanatu egin ginen; eskola alde guztietatik babestu genuen, polizia edozein momentutan iritsi zitekeelako.
Guztia amaitzean, Plaça Catalunyan elkartu ginen hiritar asko. Bertan pantaila handi bat zegoen telebistako Tv3 kanala zuzenean emititzen zuena, hiritarrok egunean zehar gertatutakoaz informatzeko eta emaitzak guztiok batera ikusteko. Gau gogorra izan zen eta urduritasuna nabaria zen, baina guztia festa giroan bizi izan genuen, batez ere emaitzak jakinarazi ondoren. Musika eta ongi pasatzeko gogoa presente egon ziren gau guztian zehar.
Nola baloratuko zenuke katalanek erakutsitako jarrera?
Jarrera oso egokia erakutsi dute katalanek. Garbi dute indarkeria ez dela erabili behar eta gauzak modu baketsuan lortu behar direla. Ez dute amore eman momentu batean ere eta fedea izan dute beraien herriarekiko. Ez dira indarkeriaren tentazioan erori eta hori oso garrantzitsua. Miresteko modukoa da.
Beldurrik sentitu al zenuen?
Ez nuen beldurrik sentitu, ez nuelako uste hainbesterainoko indarkeria erabiliko zuenik poliziak. Zorionez, erreferendumaren egunean ez nuen ikusi nire begiekin indarkeriarik. Hurrengo egunean ikusi nituen irudi bortitz ugari, eta orduan konturatu nintzen zer gertatu zen.
Baiezkoa ala ezezkoa nagusituko zela pentsatzen zenuen?
Baiezkoa zalantzarik gabe. Beharbada Espainiar gobernuak hasieratik erreferenduma onartu eta ezezkoaren aldeko kanpaina egin izan balu emaitza ez zen hain garbia izango, baina erreferendumaren aurka zerbait egiten zuten bakoitzean baiezko botoak irabazten joan da Katalunia. Izan ere, nik ikusi dudanaren arabera, jende asko zegoen zalantzak zituena edota zuzenean gai honen inguruan interesik jartzen ez zuena, baina Espainiaren jarrera ikusi ostean, baiezkoa bozkatzea erabaki zuten horietako askok, eta baiezkoak indar handia hartu zuen erreferendumaren aurreko egunetan.
Gainera, azkenaldian kanpaina ugari egon dira baiezkoaren alde eta jende asko mugituarazi dute. Ezezkoaren alde, berriz, ez da mugimendurik egon. Esaten zuten lege-haustea zela eta ezin zela aurrera eraman erreferenduma, beste inolako kanpainarik egin gabe.
Kalean, eguneroko bizimoduan, nola eraman duzue prozesua?
Kalean beste gairik ez zen entzuten, baina lanerako edo ikasteko orduan gauzek beti bezala jarraitzen zuten. Erreferendumaren ondoren, ordea, egunak nahiko bereziak izaten ari dira. Ez dakigu datozen egunetan zer gertatuko den eta gertatzen denarekiko adi gaude.
Erreferendumarekin gauzak hasi besterik ez dira egin. Poliziaren aktuazioa ikusi ostean Katalunia oso minduta dago, eta horren aurkako mobilizazio ugari egon dira, greba orokor bat tartean. Hasieran independentziaren aldeko borroka zen hura demokraziaren aldeko borroka bihurtu da, istorioaren ildoa guztiz aldatuz. Horren adibide da urriaren 3ko manifestazioa: esteladak ikusteaz gain, espainiar banderak, bandera errepublikarrak, eta abar ere ikusi ahal izan dira, guztiak batera demokrazia aldarrikatuz.
Euskal Herria Kataluniak egindako prozesua gauzatzeko gai ikusten al duzu?
Oraingoz ez. Iruditzen zait egoera ezberdina dela. Hasteko, Katalunian pertsona askok ez daukate katalana izatearen sentimendua guztiz barneratuta, baina independentziaren alde daude maila autonomikoan erabakiak hartzeko askatasun gutxiago dutelako. Euskal Herriaren kasuan, ordea, autonomia maila handiagoa da, batez ere ekonomikoki, daukan kontzertu ekonomikoa dela eta; beraz, pentsatzen dut jende asko eroso egongo dela eta ez duela independentziaren beharra sentituko alde horretatik. Eta zenbat eta jende gehiagok sentitu independentziaren beharra (arrazoia edozein izanik) orduan eta errazagoa izango da prozesua aurrera eramatea; eta alderantziz.
Horretaz gain, prozesu hau gauzatzerako orduan guztia modu pazifikoan egin dute, indarkeria inoiz erabili gabe. Zoritxarrez, Euskal Herrian indarkeria gehiago erabiltzen da eta ez gara kontziente modu lasai eta baketsu batean gauzak lortu daitezkeela. Askotan manifestazioetara beldurrez joaten gara, zerbait gertatu daitekeelako. Esaterako, niri amak beti kontuz ibiltzeko esan ohi zidan 3+2aren aurkako edota beste zerbaiten aurkako manifestazioetara joaten nintzenean. Katalunian, aldiz, ez da beldur hori existitzen, orokorrean modu baketsuan egiten dituztelako gauzak.
Amaitzeko, azpimarratu beharra daukat jendearen kontzientziazioa gai honen inguruan. Izan ere, hemen gazteak kontziente dira gauzak aldatu nahi badituzte beraien esku dagoela eta ezin dutela besteek zerbait egin zain egon. Baina Euskal Herrian, gutxienez nire inguruan, orokorrean ez dago kontzientziazio maila hori. Manifestazioak egiten direnean zerbait aldarrikatzeko, greba egitea onartzen da kasu askotan, baina eguna iristean gehienetan etxean gelditzen gara (lo egiten, lanak aurreratzen, ikasten…) besteak joango direla esanaz, eta azkenean pertsona oso gutxi ateratzen dira kalera. Katalunian, ordea, ikasleek greba egitea onartzen dutenean beraien eskubideak aldarrikatzeko izaten da, eta hori, «no fem vaga, fem història» (ez gara greba egiten ari, historia egiten ari gara) lelopean, argi utzi izan dute hainbat manifestazio jendetsutan.
Arrazoi horiengatik, besteak beste, iruditzen zait Euskal Herriak horrelako prozesu bat hasi nahiko balu asko daukala oraindik ikasteko eta Kataluniaren adibidea jarraitu beharko lukeela.