'Soka' antzezlana ikusgai zapatuan, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 3a, 15:15

Soka ikuskizuna Tanttaka Teatroaren ikuskizun berriena da, eta zapatu honetan Baztartxon ikusteko aukera izango da, 22:00etatik aurrera. 

 

Obra Victoria Eugenia Antzokiak eta Tanttaka Teatroak ekoiztu dute Antzerkigintza berriak programaren baitan.

Hau da Soka ikuskizunaren sinopsia:

Soinketako irakasle batek 11 urteko mutiko baten gorpua aurkitzen du, gimnasioko sokatik urkatuta. Gertatutakoaren erruduna balitz bezala, bere inguruak baztertuta, Igorrek errua eta erantzunkizunaren arteko mugak marrazten diren bilaketa bati ekiten dio.

 

Fernando Bernués zuzendariaren lana da, eta Mikel Gurrea da egilea. Hona hemen egilearen hitzak:

 

"Egon daiteken irudirik beldurgarrienarekin hasiko gara. Irudi iluna, ankerra, ulertezina. Irudi hori nondik datorren nik neuk ere ez dakit. Haurtzaroan pilatutako beldur askoren puztea izan daiteke, edo eta heldu bezala albisteetan irakurritakoen kezka nahasia. Irudi horri egin nahi nion nik tira, sokaren mutur batetik bestera zer zegoen deskubritzeko. Tira-bira bidai horretarako Igor soinketako irakaslearen pertsonaia aukeratu dut. Ez santu, ez deabru, ez heroi eta ez gaizkile, hortxe tartean dagoen pertsona. Igorrekin egin dut bidai hau, erruaren bila, erruan barrena, errua beraren balio eskasa aztertzeko. Erruak izen abizenak ditu, konkretua da, artxibatu eta kajoi batean sartu daiteke. Errua eduki daitekeen zerbait dela esaten digu hizkuntzak berak. Erruduna bilatzen dugu beti eta, behin topatuta, lasai, zerraldo egiten dugu lo. Aldiz, erantzukizuna amorfoa da. Denok harrapatzen gaitu eta ez digu uzten atseden hartzen. Errua eta erantzukizunaren arteko muga horretan, hortxe kokatu nahi nuen istorio hau.

Hattie Naylor antzerkigile ingelesa eta Thomas Vinterberg zinegile danimarkarraren lanekin zorretan nago, haien erritmoa, egitura eta ausardia iparrorratz izan baititut nire lehen antzerkigintza hauxe idazterakoan.

SOKArekin, eskolan jazarpena sufritu eta jasaten dutenak, haien senideak eta horri aurre egiteko lanean diharduten guztiak hartu nahi izan ditut gogoan. Nire asmoa bidai honekin, Igorrekin batera sokari tiraka, gogoeta egitea besterik ez da. Eta zuek, ikusleak, abisatuta zaudete: ondorio edo erantzun zehatzik gabeko gogoeta izango da. Zuekin egin nahiko nuke tira, gogoeta hori guztion artean partekatu eta norberak bere ondorioak atera ditzan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide