Osasun hezkuntza sustatzeko lehen lan saioa egin da eragileekin

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 26a, 13:00

Atzo, astelehena, egin zen Elkargunean Komunitateko Osasun Mahaia sortzeko abian jarritako parte hartze prozesuaren lehenengo lan saioa, Azkoitia "bizi eta osasuntsu baten alde lanean jarraitzeko". Aurretik hainbat bilera egin dituzte udal teknikariek eta ordezkari politikoek eta atzokoan herritarrak eta elkarteak batu ziren.

 

Prozesuak bilatzen duena da balioan ipintzea positiboak diren eta funtzionatzen duten udalerriko baliabideak, esperientziak edota ohitura onak, arazoei ikuspegi ezkor batetik heldu beharrean. "Kontua ez da ez hitz egitea arazoetaz baizik eta benetan funtzionatzen duen hura deskubrituz jorratzea arazoak", diote aldaketa eta garapen prozesuetan aditu eta Azkoitiko prozesuaren dinamizatzaile diren Néstor Sangronizek eta Nerea Zuazuak. Erabiltzen ari diren metodologia Ikerketa Apreziatiboa bezala ezagutzen da. Interes taldeak inplikatzen ditu  potentzial positiboa handiagotuz.

Atzoko tailerrak oso profil ezberdineko pertsonak erakarri zituen. Binakako eta launakako lan taldeetan aritu ziren esperientzia eta bizipen onenak partekatuz hiru eremutan: pertsona, taldea eta komunitatea.

Helburu nagusia da Komunitateko Osasun Mahaia sortzea, gero Adikzioen Prebentzio Komunitariorako Tokiko Plana garatu ahal izateko.

Hurrengo saioa urriaren 2an izango da Elkargunean 18:00etatik 20:00etara. Biharkoa, irailaren 27koa, bertan behera geratu da. Izena emateko 943 85 71 76 telefonora deitu edo alkatetza@azkoitia.eus helbidera idatzi beharko da.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide