Bulegotik irten, eta Loiola bisitatu ohi dute turistek, baina, horrez gain, hainbat leku daude inguruan bisitatzeko. Askotariko planak dituzte, turisten nahien araberakoak: turismo kulturala, Azkoitiko multzo monumentala; natur turismoa, Bide berdea eta Izarraitzeko mendi ibilbideak; familia turismoa, Bost geltoki historian; eta turismo gastronomikoa eskaintzen duen Urola gustagarri.
Bi multzo handitan sailkatzen dituzte turismo bulegoan hartzen dituzten bisitariak: alde batetik, taldekako bidaia antolatuak, eta, bestetik, bere kasa bidaiatzen duena edo banakako turista.
Hortik aurrera, urte sasoiaren arabera, bisitarien tipologia oso aldakorra izaten da:
Honela identifikatzen dituzte:
1.- Goi sasoia (Aste Santuko oporraldia, zubiak eta udara).
Banakakoak %65
Taldeak %35
2.- Martxoa-ekaina (Aste Santua izan ezik), iraila-azaroa.
Banakakoak %30
Taldeak %70
3.- Negua (abendua, urtarrila eta otsaila).
Banakako turistak gehienbat asteburuan etortzen dira Azkoitira eta inguruetara. Azken bi urteetan, Asiatik datozen taldeen presentzia sumatzen hasi dira urtarrilean eta otsailean. Ekaina eta uztaila agentziarekin eta beste asoziazio batzuekin harremanetan jartzeko garaia izaten da, programak egiten ibiltzen direlako, eta Aranbarrik dio garrantzitsua izaten dela hor egotea: «Gure helburua da hartzen ditugun bisitari horietatik ahalik eta kopuru handiena bailarako herrietara bideratzea, eta, horretarako, hainbat marketin ekintza egiten ditugu».
Azken urteetan, gainera, gero eta talde gehiago etorri dira espresuki Azkoitia bisitatzera, Loiola ikusi eta gero. Adibidez, 2016an sei talde bideratu zituzten.
Hala ere, banaka datorrenak aukera handiagoa du Azkoitira edo inguruko beste herrietara joateko, denbora duelako eta ez dagoelako programa edo ordutegi jakin bati lotuta. Aranbarrik azaldu duenez, zaila da turistak zehazki zenbatzea, baina urte hauetan gora egin du Azkoitira etorri diren turisten kopuruak; alde batetik, bulegoan asmo hori erakustea dute turista batzuek, eta, bestetik, gutxi bada ere, hemengo ostalari batzuen aldetik feedbacka jaso dutelako etorri dira beste batzuk.
Bestalde, goi sasoian dabilen banakako turista gehienbat Espainiako Estatutik datorren turista izaten da. Batzuek eskualdean izaten dute hartua ostatua, baina gehienek hiriburuetan edo kostan hartzen dute ostatua egun batzuetarako. Modu horretan, Euskal Herria eta bide batez Loiola eta inguruak ezagutzen dituzte.
Egun-pasa Azkoiti inguruetara etortzen diren euskal herritarrak ere gero eta gehiago dira, aisialdiko ohiturak aldatzen doazelako eta gehiago ateratzeko joera dagoelako, oro har.
Azken urteko bisitarien portzentajeei erreparatuz, %16 Euskal Herrikoak dira, %50 estatukoak eta %34 atzerritarrak.
Turisten egonaldiari dagokienez, gero eta gehiagok hartzen dute ostatu etxeetan, Airbnb plataformaren edo etxeak trukatzeko programen bitartez. Horiek egonaldien batezbestekoak luzatu dituzte; hau da, hotelera edo nekazaritza turismora datorrena, batez beste, hiru gau pasatzera etorri ohi da, eta etxeetara datorrena, berriz, gutxienez astebete gelditzen da, eta horrek turismorako aukerak zabaldu ditu.
Azkenik, Inaziotar Bidea egiten ari direnak ere Azkoititik pasatzen dira, bidea Azkoiti barrutik doalako. Bisitari horiek martxotik urrira bitartean etortzen dira, eta, Aranbarrik dionenez, indarra hartzen ari da ibilbidea.
Abaraxka aterpetxea
Abaraxka aterpetxean ere izan da Maxixatzen, bertako datuak jakiteko. Hauxe kontatu digute:
Abaraxka aterpetxera doazen bezero asko europarrak dira; Espainiako Estatutik ere etortzen dira batzuk, eta Euskal Herriko beste txoko batzuetatik ere bai. Europatik zehar datozen bidaiarientzat ondo kokatuta dago Azkoitia, eta hori da Azkoitira etortzeko arrazoi nagusia. Bestalde, hondartza ere gertu dago, eta horrek ere erakartzen ditu. Horrez gain, inguruko herrietan izaten diren topaketa edo festaren batera gerturatu, eta Abaraxkan ostatu hartzea ondo etortzen zaie beste batzuei.
Orain arte familian etorri dira gehienak, eta udaleku ibiltariek ere Abaraxkan egin zuten geldialdia.
Normalean egun bateko edo bi eguneko egonaldiak izan dira, asteburu-pasa datozenak, alegia. Hala ere, aurrerantzean, astebeteko egonaldiak egitera datozen gero eta bisitari gehiago izango dituzte.
Bezeroek aterpetxean instalazio txukunak eta oso ondo zainduak izatea eskertzen dute.
Ingurune natural ederraz gozatzen dute bisitariek, inguru berdeaz eta lasaitasunaz.
Zulueta nekazaritza etxea
Azkoitiko Zulueta landetxeko datuak ere jaso ditu Maxixatzenek. Nekazaritza etxea 2006. urtean ireki zuten, eta guztira hamabost lagunentzat du tokia. Honako hau azaldu digute:
Normalean bi eta sei gauren artean pasatzen ditu jendeak Zuluetan. Asko asteburua pasatzera etortzen dira familian, baina denetik dago: lagunekin etortzen direnak, bakarka, bikotekidearekin… Adinari dagokionez, gehienak 25 eta 50 urte bitartekoak izaten dira.
Bestalde, 2014an Booking.com webgunean izena eman zutenetik, goranzko joera nabaritu dute. Jende gehien udan izaten dute; hilabete jendetsuenak uztaila eta abuztua izaten dira.
Munduko toki guztietatik etortzen dira turistak, baina gehienak Euskal Herritik, Madriletik eta Kataluniatik etortzen dira. Azkoitia bisitatzeaz gain, gertuko tokiak ikustera joaten dira, hala nola Loiolako Santutegia eta, batez ere, kostaldeko herriak.
Erreserba egiteko orduan, kokalekuari ez ezik, jendeak garrantzi handia ematen dio beste bezeroek etxearen inguruan egindako balorazioari. Hala, iruzkin onak izatearen ondorioz, jende gehiago animatzen da.