Non eta zer ari zara ikasten?
Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua ari naiz ikasten. Laugarren mailako ikasketak egiten hasiko naiz datorren ikasturtean.
Komunikazio alorra gustuko duzu, beraz. Telebista, irratia edo papera nahiago?
Egia esan, oraindik irratian bakarrik aritu naiz. Telebista eta prentsa idatzia probatzeko ditut. Halere, betidanik gehien gustatu zaidana irratiaren eta soinuaren mundua da. Ez naiz trebea transmititu nahi dudana idatziz azaltzen, eta nire burua pantaila batean ikustea ere ez dut gogoko. Beraz, momentuz, irratiaren mundua aukeratuko nuke.
Noiztik zabiltza lanean?
Otsailean hasi nintzen praktiketan. Ekainera arte asteburuetako albistegietan egon naiz lanean, eta orain udan egiten duten Blai! saioan nabil, Itziar Alduntzinekin batera. Programa astelehenetik ostiralera egiten dugu.
Zein izaten da zure eguneroko eginkizuna lan orduetan?
Itziarrek eta biok talde lanean egiten dugu programa. Baditugu biok egunero zehaztutako gauzak. Adibidez, berak sarrera idazten du, eta nik hondartzen informazioa prestatzen dut. Hortik aurrerakoak, ordea, bion artean egiten ditugu: lehiaketarako gaiak pentsatu, Whatsapp bidez egiteo galderak, eguneroko elkarrizketak, gonbidatuak…
Zer gustatzen zaizu gehien zure lanbidetik? Eta zer gutxien?
Gutxien kale inkestak egitea gustatzen zait. Euskaraz hitz egiten duen jendea aurkitzea ez da zaila, baina askotan dezentez zailagoa da mikrofonoaren aurrean hitz egiteko prest dagoen norbait aurkitzea. Gehien erakartzen nauena ez dakit zer izan daitekeen, baina ezaguna den jendearekin egindako harremanak asko bete nau.
Zure ahotsagatik bakarrik herritarrek ezagutzen al zaituzte?
Ahotsagatik, oso gutxik. Gehienetan euskara batuan hitz egin behar izaten dudanez, badirudi ahotsa aldatzen zaidala. Jende askok esan dit beste pertsona bat ematen dudala irratiaren beste aldean, eta ezagutzen nautenean, askotan, aurrez nire izena aipatu dutelako izan ohi da.
Kalean zerbait esan al dizute?
Sei hilabete hauetan behin bakarrik gertatu zait. Azkoitian bertan, pintxo-potean nenbilela, taberna batean gizonezko bat gerturatu zitzaidan. Ezezaguna zen niretzat, eta zoriondu egin ninduen. Ostegunero, Anne Otegi sukaldariarekin plater ezberdinak prestatzen ditugu (antzerkia egiten dugu, noski), eta modu errealean egiten genuelako zoriondu ninduen. Poztu egin nintzen hori entzundakoan.
Zer moduz daramazu herriko euskalkia alde batera utzita euskara batuan hitz egin beharra?
Aitortu behar dut, Itziarrek nire euskalkia erabiltzeko baimena eman zidala. Idatzizko gauzak euskara batuan egiten ditut, baina inprobisatzen duguna azkoitiarrez egiten uzten dit. Halere, albistegietan egon naizen bitartean euskara batua asko landu dut, eta erraztasun handiz ateratzen zait orain.
Donostia eta Azkoitia artean bizitzea zer moduz daramazu?
Astun samarra egiten zait joan-etorrik egitea. Askotan, norbaitekin udako planen bat egiteko ere bi aldiz pentsatu behar izaten dut. Nire ingurutik urrun sentitzen naiz Donostian, baina azken batean ordubete azpitik egiten dut bidaia.
Udaran lan egitea tokatu zaizu.
Opor egunik gabe gainera! Deskonektatu eta norabait joateko aukerarik ez izateak izorratu nau pixka bat, baina egoera honek asteburuak topera aprobetxatzen erakutsi dit. Asteburuetan inguruko festarik gehienak zapaltzen ari naiz.
Esperientzia honetatik zer iruditzen zaizu aberasgarriena?
Profesionalki asko ikasi dut. Euskadi Irratia bezalako komunikabide batek dituen abantailak eta baliabideak aprobetxatu, eta horiei ahalik eta probetxurik gehiena ateratzen saiatu naiz. Horrekin batera, pertsona bezala ere asko ikasteko gai izan naiz; irratiko esperientziak neure burua gehiago ezagutzen eta hazten lagundu dit.
Zer izan da gehien kostatu zaizuna?
Nire ingurukoek ondo jakingo duten bezala, betidanik izan naiz oso lotsatia. Orain lotsa hori kendu eta mikrofonoaren aurrean lasaitasunez hitz egiteko gai naiz; uste dut dela gehien bete nauena.
Erraza al da kolaboratzaileak bilatzea? Xabier Barquero sorosle azkoitiarrak ere parte hartzen du zuen saioan, ezta?
Uste baino errazago lortu ditugu. Xabier Barqueroren kasuan, gogoan dut saioa hasi aurreko egunean esan zidala Itziarrek hurrengo egunerako sorosle bat behar zuela, programan sar zedin. Kuadrillakoa dut Xabier, eta segituan esan zidan baietz. Trebea da mikrofono aurrean hitz egiten. Itziarri asko gustatu zitzaion, eta azkenean asteroko kolaboratzaile izaten amaitu du.
Blai saioa egiten duzue. Nolako saioa da?
Entzuteko oso saio arina da. Udako kontuak aipatzen ditugu: hondartzak, kontzertuak, jaiak... Gonbidatuak eta elkarrizketatuak ere udan zehar protagonismoa dutenak dira. Gainera, egunero kolaboratzaile ezberdinak ditugu, eta bakoitzak gai desberdin bat jorratzen du. Astelehenetan itsasoko istorioak kontatzen ditu Iñaki Mendizabalek, astearteetan ingeles klaseak ematen ditu Joseba Attardek, asteazkenetan kirol erronkak Odei Gilek, ostegunetan sukaldaritza lantzen du Anne Otegik, eta ostiraletan Twitterreko kontuak MartinKittok.
Itziar Alduntzin eskarmentu handiko hizlariarekin ari zara lanean, nolakoa da berarekin lan egitea?
Zoragarria. Itziarrek izugarrizko trebezia du horrelako saioak egiteko. Mikrofonoaren aurrean ikaragarri ondo defendatzeko gai da, inprobisaziorako ere bizkorra da oso. Gehien harritzen nauena, ordea, abestiak aukeratzeko duen gaitasuna da. Saioak prestatzerako orduan buruan liburutegi musikal oso bat dauka, eta momentu bakoitzerako abesti egoki bat aukeratzeko gai da.
Aholkurik ematen al dizu Alduntzinek hizlari ona izateko?
Aholku berezirik ez dit eman, baina askotan esan izan dit neure erregistro propioa aurkitzeko. Beste esatariei begiratzea eta eurek nola egiten duten ikustea ondo dagoela esan izan dit. Horren ondoren, ordea, beste norbaiti kopiatu beharrean, neure erregistro propio bat aurkitzeko gomendatu dit, gero erosoago sentitzeko.
Zenbat denborako saioa egiten duzue? Saio bat prestatzeak lan asko eskatzen al du?
Eguerdiko 12:05 inguruan hasten gara, orduroko buletinaren ostean, eta ordubata arte jarduten dugu, 55 minutu inguruan. Minutu horietan, egunero, hondartzen informazioa, trafikoarena, gonbidatu bat, kolaboratzaile bat eta saio amaierako lehiaketa sartzen ditugu. Hori lortzeko egin beharreko lana ez da zaila, baina denbora dezente eskatzen du, dena idazteko, gidoia prestatzeko eta guztia musika eta efektuekin josteko.
Zein beste saiotan parte hartzea gustatuko litzaizuke? Zein arlotan lan egitea duzu gustukoen?
Ez dut saio zehatzik buruan, baina garbi dut askoz erosoago sentitzen naizela entretenimendu programetan albisteetan baino. Albistegietan lan egin ahal izateko, gai askoren inguruan ezagutza minimoa eduki behar da, eta horrek denbora eta gogoa eskatzen ditu. Askoz erosoago sentitzen naiz entretenimendua lantzen.
EITB bezalako enpresa handi batean lan eginda, ba al duzu anekdota edo bitxikeriarik kontatzeko?
Lankideek oso ondo tratatzen naute, baina “axkoitiar peto-petotzat” naukate. Iritsi eta lehenengo egunean Saguesera bidali ninduten, lasterketa solidario baten inguruko kronika egitera. Nik Sagues entzuten nuen lehenengo aldia zen, eta hara joan behar nuela esan zidatenean, “nun dao hori?” atera zitzaidan. Erredakzio osoa barrez lehertu zen. Geroztik hiririk zapaltzen ez duen figuratzat naukate.
Datorren urtera begira zer asmo duzu? Etorkizunean lan hau egiten ikusten al duzu zure burua?
Datorren urtean ikasketak amaitzea dut helburu, leku askotan lanean hasteko graduko titulua eskatzen didate eta. Esatari lanetan gustura arituko nintzatekeela uste dut, baina badaukat irratian bertan gehiago gustatzen zaidan eta probatzeko irrikaz nagoen beste eserleku bat. Teknikariarena.
Motzean
Irratsaio onena: Faktoria 2, albiste faktoriaren ondoren hasten dena.
Esatari erreferentea: Joseina Etxeberria.
Abesti bat: Etxe-ren Zenbat bide?
Leku kuttunena: Izarraitz.
Lanik onena: Hori jakiteko lan asko probatu behar ditut oraindik.