Elisa Beitia: «Bizitzeko modu bat da niretzat ThetaHealinga»

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 2a, 10:58

Elisa Beitia, ThetaHealingean aditua.

ThetaHealing izeneko teknika da, besteak beste, Elisa Beitia Amondarainen (Azkoitia, 1974) ogibidea gaur egun. Sei urte daramatza horretan sakontzen. Teknika horri esker, bizitza aldatzea posible dela dio Beitiak. Bere kasuan, botere pertsonalaren berreskuratzea eta bizitzaren aurrean duen jarrera hobetu dituela aitortu digu. Gaiak interesa piztu digu, eta adituarekin izan gara teknika hori gertutik ezagutzeko.

 

Zertan datza ThetaHealing izeneko teknika?

ThetaHealinga meditazioan oinarritutako teknika bat da. Norberak bere bizitzan helburu bat badu, edozein alorretan (fisikoan, mentalean edo espiritualean) eta hori betetzeko bide bat egin behar badu, aurki ditzakeen oztopoak detektatzen, kentzen edo aldatzen ahalbidetzen duen teknika bat da. Horri esker posible da garatzea norberarekiko maitasuna, errespetua eta intuizioa. Era guztietako menpekotasunak eta baldintzatzeak nola soluzionatu erakusten digu. Alegia, nahi dugun bizitza hori osotasunean bizitzea eragozten diguten sinesmenak eta uste faltsuak desegituratzen ditu, gure gaitasunak eta onurak hobetzen eta handitzen dituzten elementuekin ordezkatuz.

Finean, teknika bat baino gehiago da ThetaHealinga: bizitzeko modu bat da niretzat.

Teknika berria al da?  

Teknika hau Vianna Stibalek EEBB garatu zuen, eta etengabeko eboluzioan ari da. Jada mundu osoan zabalduta dago, eta guztira 500.000 pertsona baino gehiagok praktikatzen dugu. Orain ari da ezagunagoa egiten gure artean.

Nolatan hasi zinen alor honetan murgiltzen?

2011. urtean Kanadara joateko aukera izan nuen, bertan bi urte eta erdi egin nituen eta  teknika desberdinak ikasi nituen; horien artean, ThetaHealinga.

Bilaketa pertsonal baten ondorioa izan da, argi eta garbi. Eta bilaketa horretan ikusitakoa, ikasitakoa eta bizitakoa elkarbanatzeko beharra sentitu nuelako dihardut honetan.

Edozeinek egin dezake zuk egiten duzuna edo ahalmen berezi bat duzu?  

Denok dugu gaitasuna, edozeinek ikas dezakeen teknika bat da. Hala ere, landu beharreko zerbait da, gauza guztiak bezala.

Kultur Etxean talde batekin biltzen zara astean behin.

Bai; ostegunetan elkartzen gara, 20:30etik 22:00etara. Saio irekiak eta doakoak izaten dira, eta meditazioa da ardatza. Horretaz gain, gai desberdinak jorratzen ditugu. Izan ere, bakoitzaren garapen pertsonalean eta espiritualean izan ditzakegun kezkak elkar banatzeko espazio bat eskaintzea da nire helburuetako bat. Hau da, norberarentzako espazio eta momentu bat eskaintzea.

Zein izaten da zure zeregina saio horietan?

Nire lana bidelagun izatea da. Prozesuan zehar izan ditzaketen blokeoen kontziente izaten eta horiek lantzen laguntzen diet.  

Zein beharrekin joaten da jendea zure saioetara?

Egunerokotasunean dituzten beharrekin etortzen dira; hainbat motakoak izan ohi dira. Askotan zerbaiten bila dabilen pertsonak hurbiltzen zaizkit.

Nolako sentsazioak izaten dituzue saioen ondoren?

Oso teknika eraginkorra da. Ematen diren aldaketak sotilak izaten badira ere, bizitzaren aurrean egoteko beste perspektiba bat ematen du, eta bizitza alda dezake. Transformazioak ematen dira, eta ongizatea da sentsaziorik nabarmenena.

Norbere burua gehiago ezagutzeko balio al dezake?

Bai noski, azkenean lan pertsonala da, garapen pertsonalean oinarritutakoa.

Nori gomendatuko zenioke teknika hori probatzea?

Guztientzako balio du. Bizitzan edozein mailatan "blokeatuta" sentitzen den edonori etor dakioke ondo saio bat.

Zein izan dira antzeman dituzun onura nabarmenenak?

Bakoitzaren beharren araberakoa da hori; nire kasuan, botere pertsonalaren berreskuratzea eta bizitzaren aurrean dudan jarrera nabarmenduko nituzke.

ThetaHealingean fedea izan behar al da onurak ikusteko?

Bai, fedea ardatz garrantzitsu bat da. Eragina edukiko duela sinesten baduzu izango du. Ordea, ez baduzu sinisten... zuregan ez du eraginik izango.

Medikuntza konbentzionalari buruz zer iritzi duzu? Balio duela uste al duzu?

Noski baietz, gu ez gara medikuak, ezta psikologoak ere. Gure lana ez da diagnosian eta preskripzioa oinarritzen.  Horretarako daude medikuak. Hori bai, elkarlana izan daiteke. Gainera, mediku asko daude ThetaHealinga praktikatzen dutenak.

Gaur egun jendeak naturaltasunez hartzen al ditu horrelako teknikak?  

Geroz eta ohituago edo irekiago gaudela esango nuke. Baina gauza guztiak bezala, hau ere norberaren sinesmen sistemaren baitan dago.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide