Lucio Arrieta: «Afizio handia behar da mahastia aurrera eramateko; errazena txakolina egitea da»

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 28a, 09:53

Lucio Arrieta Cuende, bere mahastian.

Izarraitz magalean dagoen ‘Baldanekue’ txabolan txakolina egiten du Lucio Arrieta Cuendek (Azkoitia, 1946). Bere anaia zenarekin batera landatu zuen mahatsa, eta zortzi urte daramatza txakolina egiten. Familiakoen laguntzarekin, mila botila inguru betetzen dituzte, urtean zehar etxean edateko.

 

Mahastiari begira, patxada ederrean hartu du Lucio Arrietak Maxixatzen. Zortzi urte atzera eginez, gogoan du bere anaia zenarekin mila mahats landare sartu zituztela biek batera Larraineko lurretan. Gaur egun, berak bakarrik zaintzen du mahastia, eta «nahiko lan» ematen diola aitortu du.

Lucio Arrieta, azkoitiarra bada ere, Azpeitian bizi izan zen hamaika urtez, hara ezkondu zelako. Azpeitian lur eremu bat zuen, baina hura industria gune onartu zutela esan zioten, eta lursail gabe geratu zen. «Egundoko pena hartu nuen, lursail polita neukan eta. Fruitu zuhaitz batzuk, baratzea eta txabola nituen han, eta dena utzi behar izan nuen». Gero, Azkoitira etorri zen bizitzera, eta hemengo lurretan begira hasi zen. Jakin zuen salgai zegoela Izarraitz magaleko Larreiko lursaila, bi hektarea pasako lur eremuak dituena. «Anaia zenak bion artean hartuko genuela esan zidan, eta halaxe egin genuen. Hartu genuenean, lurrean landareren bat sartzea erabaki genuen. Hasieran sagarra sartzea pentsatu genuen, baina agrariaren bueltan galdezka hasi nintzen jendeari, eta “urte onetan ere galdu egingo duk, eta txarretan heuk ikusiko duk zer egiten duan”, esan zidan batek. Eta, hori jakitean, mahatsa sartzea bururatu zitzaigun». Hala, mahatsa landatu zuten biek.

Hasieran batean, euren lursail guztian mahats landarea sartzea pentsatu zuten. 3.000 landare eskatu eta dena egin omen zituzten. Baina Foru Aldundiak ez zien horretarako baimenik eman. «Kontrol handiak izan dira hemen mahatsa sartzeko. Azkenean, mila landare landatu behar izan genituen», adierazi du Arrietak. Hondarribi zuri deitzen den mahats mota landatu zuten. Txakolina egiteko gehienek hori erabiltzen dutela azaldu du Arrietak. «Hondarribi beltza ere erabiltzen dute batzuek, baina esaten dute horrekin txakolina zertxobait ilunagoa ateratzen dela, hori garbi-garbia izan gabe». Txakolinari izena ere jarri zioten: Larrei, mahastiaren lur zatiaren izena hala zelako. Hala ere, Lucio Arrieta Baldanekoa da jaiotzez, eta txabolak haren jaiotetxearen izena darama. Pentsatzekoa da senitartekoren bat Getariakoa-edo izan lezakeela Arrietak, baina ez da hala. Txakolina egiten batari eta besteari galdetuta ikasi omen zuen. «Inork ez du egiarik esango, baina denek zatiren bat esango dute egia dena, eta zati horiei kasu eginda ikasi dut. Zarauzko eta Getariako jendeari entzundakoa dakit gehiena. Nik ez dut senitartekorik han; bestela joaten nintzen galdezka. Ni izatez Baldakoa naiz», esan du.

 

Txakolin onena, aurrenekoa

Lucio Arrietaren anaia zaharra duela zortzi bat urte hil zen, eta ordutik berak bakarrik eusten dio txakolindegiari. «Batzuetan etortzen dira laguntzara semea-eta, baina oso lotuta bizi dira lantegiarekin, eta zaila izaten da haiek ekartzea hona», dio Arrietak. Mahastiak jarraipen handia eskatzen duela azaldu du: «Martxoaren amaieran hasi eta irail bukaerara arte, mahastiak lan handia ematen du, lan konstantea. Sasi bat bezala da mahats landarea: etengabe hazten joaten da eta asko zaindu behar da. Afizio handia behar da mahastia aurrera eramateko; ume txiki batek baino lan handiagoa du. Beldurtzekoa da mahatsak ematen duen lana. Errazena txakolina egitea da». Egunero egun erdia jarduten du txakolinarekin Arrietak. «Hemen egun osoa bakarrik pasatuta, zoratu egingo litzateke bat. Lan asko biltzen da baserrian, eta pixka bat aldentzea komeni da, asko gustatu arren ere».

Mahatsa biltzeko garaia irail amaiera edo urri hasiera izan ohi da. Arrietak bere familiako hamar bat kiderekin batera jasotzen du uzta guztia, egun bakarrean. Ondoren, mahatsa zanpatuta lortzen dute txakolina. Bi barrika ditu Arrietak txabolako garajean: bat 350 litrokoa eta bestea 250 litrokoa. Kupela horietan biltzen denarekin, ondoren, mila botila inguru betetzen ditu txakolinarekin. Kupelean txakolinari sortzen zaion zikin asko pilatzen da, ordea, eta, behin 36 ordu pasatutakoan, lehen barrikatik atera behar da gaineko txakolin garbia eta beste ontzi garbi batera pasatu. Ondoren, botilatan sartzen dute, eta txakolina hortik denbora batera egiten joaten da. Prozesua, beraz, hau izango litzateke: mahatsa saskitan bildu, pixka bat mahatsa garbitu, txikitu, makinan zapaldu, barrikatan sartu eta azkenik botilatan gorde.

Txakolin ona lortzeko mahats ona izan behar dela azpimarratu du Arrietak. «Urteak ona izan behar du horretarako, baratzean bezalaxe. Baratzeko produktuek ere urte ona izatea behar dute, ondoren elikagai ona izateko; txakolinak ere bai. Uzta ona izateko, euria, eguzkia… dena tamainan behar du. Aurten, esterako, mahats asko dator, baina oraindik ez dakigu nolako uzta izango dugun». Orain mahatsa sortzen ari da. Hamabostean behin-edo sufrea ematen die Arrietak mahats guztiei. Irail erdian-edo utziko dio sufrea botatzeari, mahatsa bildu baino 20-30 egun lehenago. Gero, behin sufrearen eragina pasatuta, mahatsa biltzea komeni izaten da, azukrea tamaina onean duela baieztatu ondoren.

Orain arteko txakolin goxoena zein urtetakoa izan den ere galdetu diogu adituari, eta ez du zalantzarik: onena aurreneko aldiz egindakoa izan zela esan du. «Ez dakit zergatik, baina nire ustez aurrenekoa izan da orain artean egin dugun txakolin onena. Oso urte ona izan zen; mahats ederra atera zitzaigun, eta apartekoa irten zitzaigun txakolina. Ez dakit ba handik aurrera txakolina egiten ahazten-edo joan ote naizen [barrez]».

 

Txakolina, etxerako

Txakolina egiteko makina guztiak Arrietak erosi zituen, eta aitortu du «nazkatuta» dagoela txakolinetarako dirua gastatzen. Izan ere, txakolina ez du salmentarako egiten, etxekoekin urtean zehar edateko baizik. «Behin bakarrik saldu nuen mahatsa. Urte batean ez nengoen prestatuta txakolina egiteko, eta saldu egin nuen mahatsa. Orain, ordea, sobran gelditzen dena hor gelditzen da. Txakolina, berriz, ez dut saltzerik pentsatu, eta ez dakit utziko lidaketen ere. Familian banatzen dut etxean egindako txakolina. Erdia anaia zenaren emazteari ematen diot», azaldu du. Urte osoan azkenerako botila guztiak bukatzen direla dio Arrietak. «Nik eguneroko jatorduetan ere beti txakolina edaten dut. Horixe gustatzen zait gehiena», gaineratu du.

Bukatzeko, txakolina egiten noiz arte jarraituko duen galdetuta, azaldu du aurrerantzean geroz eta zailagoa ikusten duela hori: «Iaz esan nien etxekoei 70 urte betetakoan txakolina egiteari utziko niola. Aurten 71 egingo ditut, baina segi egiten diot. Asko gustatzen zait, eta asko entretenitzen nau. Ahal dudan bitartean jarraitu egingo diot, guztia bertan behera uzteak ere pena emango lidake eta. Agian, mahastiko hiru bat ilara kenduko ditut. Ez dakit».

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide