1987. urtearen inguruan utzi zuten Azkoitia Arrietak, Olanok eta Piztixe-k. Gaztetan gaztetxean eta besteak beste talde antimilitarista, ekologista eta feministetan aritutakoak dira hiru lagunak, eta lurrarekin lotutako proiektu kolektibo bat egitea zen haien asmoa. Bazter asko arakatu zituzten Pikunietan finkatu aurretik, hasiera batean ez baitzuten gustuko ezer aurkitu. Baina azkenean aurkitu zuten nahi zutena: «Hauxe topatu genuen, pinudi izandako lursaila. Hutsa zegoen. Duela 70 bat urte-edo ba omen zen etxeren bat hemen, baina sute baten ondorioz kiskaldu egin zen», azaldu du. Hiruren artean eta bakoitzaren familiako kideen laguntzarekin, lurra lehengoratu eta baserria eraiki zuten, bizimodu berri bat sortzeko.
Pikunieta beti izan da joan-etorri handiko etxea. «Bere garaian, gazte asko etortzen zen bizitzera; denboraldi bat egiten zuten hemen», dio Arrietak. «Gero, bakoitzak bere lana, bere bizimodua aurkitzen zuen, bakoitzak bere familia eredua aukeratzen zuen», jarraitu du Pikunietako baserritarrak.
Urteek aurrera egin bezala, hirukotea bere bizimodua eraikitzen hasi zen. PiztixeOiartzunera joan zen bizitzera, eta Hortelano deitzen dioten Olano laguna eta biak gelditu ziren bakarrik baserrian. Ogia eta gazta egiten zuten Pikunieta baserrian, eta oraindik ere lanbideari eusten diote biek ala biek, bakoitzak bere bidea egiten badu ere. «Orain dela urte batzuk banatu ginen Hortelano eta biok. Bakoitzak bere bizimodua du, bere ekonomia darama», gehitu du Arrietak. «Hortelanok ogiarekin jarraitzea erabaki zuen, eta gure etxean gaztarekin jarraitzen dugu. Elkarri laguntzen diogu: hark gure gazta saltzen du, eta guk haren lurrak zaintzen ditugu. Lehen, azokara txandaka jaisten ginen. Guk haren ogia eta gure gazta eramaten genuen kalera, baina, horrela jarraitzea zaila zela ikusita, utzi egin genion azokara jaisteari. Hortelano arduratzen da orain azokara jaisteaz», dio Arrietak. «Azoketan ez ezik, Oreka Bioelkartean ere saltzen dugu gazta, eta jendeak bakarka ere eskatu ohi digu».
Pikunietan nola sustraitu ziren azaldu ondoren, gaztagintzan nola hasi zen kontatzeari ekin dio Arrietak. Eskola edo artzain lana, aukera hori jarri zion amak gaztea zenean, eta Arrietak osabarekin artzain joatea erabaki zuen. Aurrez kalean lan egindakoa da, baina ez du berriz egindako lanbideetara itzultzeko inolako asmorik: «Baserria eraikitzeko dirua behar zen, eta kamioi gidari eta igeltsero lanak egindakoa naiz. Halere, ez nintzateke berriz lan horietara itzuliko», dio, barrez.
Gazta egiteko prozesua
Alde batetik baserrian eta bestetik baserritik kanpo lan egin behar izaten du artzain batek. Arrietak ez du zalantzarik zer duen nahiago: «Arratsaldeko seiak edo zazpiak inguruan ateratzen naiz etxetik ardien bila. Dagoen gauzarik ederrena da; lasaigarria da artaldea zuzentzea», nabarmendu du. «Mendiarekin, naturarekin eta animaliekin dugun harremana gustatzen zaigu; horregatik gaude hemen».
Behin baserri kanpoko lana egindakoan, etxeko lanak hasten dira. Ardiak jezteko lanarekin hasten dute Pikunietan ere gazta egiteko bidea. Horretan aritzen dira otsailetik edo martxotik uztailaren amaierara bitartean, ardiak urtarrilean edo otsailean erditzen baitira. Goizean eta arratsaldean jezten dituzte ardiak, eta txanda bakoitzean ordubetez jarduten dute. Ardiak egunez zelaian ibiltzen dira, baina gauak artegian igarotzen dituzte abendutik martxora bitartean. Gainerako hilabeteetan, baserritik kanpo ibiltzen dira.
Arrieta duten artegietako bat erakutsita hasi da prozesua azaltzen. Artegi horretan, ardiek jezteko makinara joateko arrapala bat dute. «12 ardi sartzen dira makina horretan, eta, esnea batzeko, titi muturretan jartzen dizkiegu hodi mehe hauek», esan du artzainak, hodiak erakutsiz. «110 ardi inguru ari gara jezten orain, eta hemen batutako esne guztia ponpa batera bidaltzen dugu. Ondoren, esnea hiru edo lau gradutan dagoen beste edukiontzi batera bidaltzen dugu hoztera, eta hortik, bi edo hiru egunetik behin, gaztandegira», azaldu du Arrietak. Gazta elaboratzeko kubo bat dute, eta, behin egindakoan, hozkailuan sartzen dute ontze prozesuari ekiteko. «Gazta egiten dugun bakoitzean probatu egin behar izaten dugu, ona edo txarra irten zaigun jakiteko. Badakigu bakoitza zer tenperaturatan egon den, zenbat gradutara berotu dugun edota zenbat hartzigarrirekin eta gatzagirekin egin dugun. Kontrol handia egiten diogu bakoitzari».
«Ardi osasuntsua, esne ona eta mimo dezente»: gazta on batek ezaugarri horiek behar dituela duela uste du Arrietak. «Gauzak ahalik eta ondoena egin behar dira; ez da gauza bera egunean 20 gazta edo 100 egitea. Oso mekanikoa bihur daiteke», adierazi du. Horregatik, Pikunietan bi egunez behin egiten dute gazta.
Gaur-gaurkoz hiru gazta egiten dituzte Pikunietan: Idiazabalgo gaztaren antzekoa den bat, Ossau-Irati gaztaren itxurako beste bat, eta orain gutxi egiten hasi diren gazta urdina. «Gazta urdina aurtengo esperimentua da. Lehenak ondo atera zitzaizkigun, baina gero beste batzuk ez ziren nahi bezalakoak atera. Ikasten ari gara», dio baserritarrak.
Pikunietako ardi gaztak badu izena inguruan, eta lehiaketetara ere aurkeztutakoak dira. «Ordizian bigarren eta hirugarren egindakoak gara, baina gure helburua ez da Idiazabalgo gazta egitea. Gainera, ez gaude izendapen horren barruan. Gure asmoa da gazta gozoa eta osasuntsua egitea», azaldu du. «Gure etxeko gazta lizunarekin saltzen dugu. Josebe Blancok, nire emazteak, sekulako lana egiten du hozkailu barruan lizunekin. Azala garbitu eta kentzea bekatua da guretzat», dio, azkenik. Gazta egiteko ere, talde lana beharrezkoa da.
Bi erronka
Pikunietako baserriak, baina, gaztaz gain beste erronka bat du: baserriko bizimodua eta euskara kanpotik etorritakoei erakustea. Programa baten barruan sartuta daude baserrian, WWOFF izeneko mundu mailako sarean. Programa horren bitartez, kanpotik etorritako pertsonek boluntario lanak egiten dituzte baserri ekologikoetan. Orain, esaterako, Olaztitik (Nafarroa) etorritako boluntario bat dute baserrian, baina aurrez Gasteiztik eta Kataluniatik etorritakoak ere izan dituzte. «Besteak beste, Arantzazuko eta Kataluniako artzain eskolatik ikasle asko etortzen dira gurera», esan du Arrietak. «Azkenaldian, baina, euskara ikasteko asmoarekin asko ari dira etortzen. Oinarri bat izanda, erraza da euskara ikastea, baina hutsetik hasita zaila da. Aurten kataluniar bat izan dugu euskara ikasten, eta, hizkuntzetarako zuen trebeziarekin eta asko saiatu zelako, euskara maila ona lortu zuen. Hona etortzen denak zertxobait ezagutzen ditu euskal kultura eta euskal artzaintza».
Etxean, ordea, familia osatzen duten bostentzat ere hartzen dute tartea. Hain zuzen ere, kanpotik etorritako inor gabe egoteko denbora hartze dute udazkenean: «Udazkenean inor ez egotea aukeratzen dugu, familia gisa egon nahi izaten dugu eta», azaldu du Arrietak. «Udazkenean lan gutxiago egoten da baserrian, eta horregatik aukeratzen dugu sasoi hori».
Hemendik urte batzuetara seme-alabak baserrian murgilduta edota kalean ikusten ote dituen galdetuta, ez du zalantzarik egin: «Espero dut gure seme-alabak kalera joango direla, hortik zehar zer dagoen ikusi eta berriz itzuliko direla. Aukera hori izatea nahiko nuke», dio, zalantzaz. Etxean laguntzen hasiak dira, baina ez die gogo handirik ikusten. «Umeak horrelakoak dira: lanerako gaitasunik ez dutenean, lan egiteko gogoa dute, baina, gaitasuna dutenean, grazia galtzen dute, eta ordurako ez dute lan egiteko gogorik», adierazi du. Baserritarren lanak beti dira gogor, eta hutsetik sortutako Pikunietan ere zer esanik ez. Proiektu bat hutsetik hastea zer den erakutsi dute; bizimodu berri bat sortzen asmatu dute.