Noiz sartu zinen Xabier Munibe Ikastolan?
1976ko martxoaren 20an hasi nintzen lanean. Nire ahizpa Bilboko Lauro Ikastolara joan zen lanera, eta niri deitu zidaten. Ordurako, HHn ordezkatze lanetan ari nintzen, eta ikastolen federazioko udalekuetan ere parte hartzen nuen.
20 urterekin hasi zinen irakasle lanetan. Hasieratik argi al zenuen zer izan nahi zenuen?
Ordezkatze lanetan hasi nintzenean konturatu nintzen gogoko nuela HHko irakasle lana.
Ikasketarik egin behar izan al zenuen ikastolan irakasle hasteko?
Garai haietan, HHn lan egiteko ez zuten irakasle ikasketarik eskatzen, baina prestakuntza saio ugari izaten genituen: metodologia pedagogiko berritzaileak, psikomotrizitatea, eskulanak... Katalanak genituen eredu. Kontuan izan behar dugu garai haiek ez zirela nolanahikoak: dena egiteko zegoen, eta ahal genituen baliabide guztiak aprobetxatzen genituen. Adibidez, ni baino lehenago hasi ziren andereñoek –M. Karmen, Izaskun, Maje, Gema, Mariasun eta Arantxak– ez zuten segurtasun sozialik, eta oso soldata txikiak zituzten, baina, ilusioz beterik, aurrera begira egiten zuten lana. Gurasoak eta irakasleak bat ginen, eta horrek, zalantzarik gabe, aurrera egiten lagundu zuen. Urte batzuk pasatu ondoren, irakasle ikasketak egiteko aukera izan genuen.
Publifikazio garaiak ere bete-betean harrapatu zintuen. Nola gogoratzen duzu sasoi hura?
Oso gogorra izan zen. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako ikastolek Izarraizpe kooperatiba osatzen genuen. 1983-84ko ikasturtean, Zestoako ikastolak eta Zestoako eskola transferituak bat egin zuten.
Kooperatiban Azkoitia eta Azpeitia geratu ginen, eta 90eko hamarkadan, PSE-EE Eusko Jaurlaritzan zela, itunpeko ikastolei publifikatzeko aukera eman ziguten. Publifikazio prozesua ez zen bat-batekoa izan; inpugnazioek eta negoziazioek denbora eman zuten. Bitartean, arazo ugari izan genituen familien eta irakasleen aukerak errespetatzen. Ez ziren garai errazak izan. Azkenik, 1995eko ikasturtean publifikatu ginen.
Zein da lehen urteetatik gaur egunera arte ikastolan sumatu duzun aldaketarik nabarmenena?
Publifikatu ondorenetik, administrazioaren barruan dago ikastola, eta antolaketa guztiz aldatu zen: ikastolaren kudeaketa –aplikazio berriak–, digitalizazioa, herrikoak ez ziren irakasleen etorrera eta kanpoko ikasleen etorrera.
Zenbat ikasle ditu Xabier Munibe Ikastolak?
Egun, 2 eta 12 urte arteko 956 ikasle ditugu, eta 80 bat irakasle.
Kopuru handi horrek zer eskatzen dio zuzendari bati?
Kudeaketa egokia egiteko, baliabide materialek garrantzi handia dute, eta behar-beharrezkoa da lantalde ona izatea. Hasieratik zorte ona izan dut; izan ere, zortzi urteotan lantalde bikaina izan dut.
Irakasleak ere ezin ahaztu, Azkoitiko ikastolako klaustroa plusa baita zuzendaritza taldearentzat. Lan handia egiten du, eta berritze prozesuetara irekia dago. Horren seinale dira azken bi urteetan hartu ditugun pedagogia erabaki garrantzitsuak.
Duela zortzi urte, irakasle izateari utzi, eta zuzendari hasi zinen. Nola izan ohi da kargu aldaketa horren prozesua?
Nik neuk garbi daukat nolakoa izan den. Ez dut sekula ahaztu irakaslea naizela. Poliki-poliki joan nintzen lan berriez arduratzen, eta lau urte bukatzean beste lau urte jarraitzea erabaki nuen.
Zer eman dizu zuzendari lanak?
Momentu gogor ugari izan ditut, baina beti klaustroaren babesa sentitu izan dut, eta, nola ez, nire lankideena. Pedagogia arloan aurrera egiteko aukera izan dugu metodologia aldatzeko lehen urratsak eginda, eta hori da niretzat onena. Gure ikastola proiektuekin lanean hasia da gaur egun: Sarea Hezkuntzan dago –teknologia berriak–; Hizkuntza Normalkuntza; Bidelaguna; Bizikidetza proiektua gauzatzen ari da; eta, hori guztia ahalbidetzeko, Partekatuz Ikasi proiektuan sartuko da hurrengo ikasturtean. Gustura nago azken zortzi urteetan egin dugun elkarlanarekin.
Zein izan da kargua hartu zenuenetik izan duzun erronka nagusia?
Gure ikasleei eskaintza egokia eta aurreratua ematea eta, aldi berean, sortzen joan zaizkigun beharrei erantzuteko hausnarketa prozesua irekitzeko urratsak egiten hastea.
Irakasle eta zuzendari lanak probatu dituzu. Bat aukeratzekotan, zeinekin geldituko zinateke? Zergatik?
Garaian garaikoa. Irakasle lanetan aritu nintzen urte luzeetan oso gustura egon nintzen. Lehen batzordeak eta orain OOGak direnetan egon izan naiz, eta publifikazio garaian Loiolako batzordeetan ibili nintzen. Kudeaketa guneetan lan egitea beti izan dut gogoko.
Azken zortzi urteetan oso gustura aritu naiz zuzendari lanetan. Ikaragarri aldatu da gure ikastolaren argazkia; ikasle kopurua handitzeak irakasle kopurua handitzea dakar. Lehen irudikatzen ez genituen egoerak bizitzen eta horiei aurre egiten ikasi dugu. Gure ikastola guztiz inklusiboa da.
41 urte daramatzazu ikastolari lotuta. Oro har, nolako balorazioa egiten duzu?
Zer esango dut, ba. Nire lan bizitza guztia Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan eman dut, eta harro nago izan dudan zortearekin.
Gainerako ikastetxeekin zer-nolako harremanak dituzu? Lehiarik ba al dago eskolen artean?
Gure aldetik ez, batere ez. Azken urteetan, udalak eta Iraurgi Berritzen-ek antolatzen dituzten jardueretan bi ikastetxeek parte hartzen dugu, eta inongo arazorik ez dugu izaten.
Urola erdialdeko eskola maparen egokitzapena dela eta, Xabier Munibek batxilergoa hartuko du. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Zuzendari izateko proiektua aurkeztu nuenean, helburuetariko bat Azkoitiko eskola mapa finkatzea zen. Lehen, batxilergoak Azpeitian zeuden. Publifikatu ginenean, orduko udalak eta Xabier Munibe Ikastolak batxilergoak Azkoitian izatea lortu zuten, helbide soziala Azpeitian izan arren.
Urola ikastolako zuzendaritzak eta Jaurlaritzak Azkoitiko eta Azpeitiko batxilergoak herri bakoitzean kokatzea adostu dute, eta, aurrerantzean, Xabier Munibe Ikastolak DBH eta batxilergoak izango ditu.
Juin auzoan eraikin berri bat egin zuten DBHko ikasleentzat, eraikin zaharrean haientzako lekurik ez zela eta. LHko zuzendari gisa, etorkizunera begira arazo bera berriz gertatzeko beldurrik ba al dago?
Ez. Hurrengo urteetarako ez dugu leku arazorik aurreikusten. Jaiotza kopurua beherantz doa. Gure zuzendaritzan izan ditugu urteak zeinetan 2 urteko 18 ikasleko sei talde bost gelatan banatuta zeuden, ez genuelako gelarik libre. Garai horiek bukatu dira. LHko 4., 5. eta 6. mailan, lau gelatik bostera pasatuko dira hurrengo hiru urteetan, baina joera lau talde osatzekoa da.
Ikastolako zuzendari ez ezik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide ere bazara. Nola uztartzen dituzu hezkuntza eta politika?
Lan biak aurrera eramateko ez dago misteriorik: lanorduak. Izan ere, ordu asko sartzen ditut bi lanak uztartzeko. Garbi izan dut lehentasuna zuzendari lanak duela, eta Batzar Nagusietako orain arteko konpromisoak aukera ematen dit zuzendari lanak normal egiten jarraitzeko.
Erretiro aurreratua hartzekotan zarenez, aurrerantzean zer egingo du Arantxak?
Ba, kezkatu egiten nau horrek. Orain arte, osasun aldetik zorte handia izan dut, eta aurrerantzean ere osasunak laguntzen badit aurrera egingo dudala pentsatzen dut.