Azkoitiko kaleetan galtza luzeak jantzita ibiltzeagatik isuna jarri zizuten. Nola izan zen hori?
Alboko baserrikoak zera esan zidan isuna jarri aurreko egunean: «Bihar kalera galtza luzeak eta txapela jantzita joan behar dinagu». Eta horrela joan ginen, txapel eta guzti jantzita. Kooperatiba pare horretara iritsi ginenean, udaltzain batek mozorrotuta gindoazela esan zigun. Itxuraz, inauteriak ziren, baina nik behintzat ez nekien inauteriak zirenik ere.
Kooperatiban erosketak egin eta etxera gindoazen hartan, udaltzain hark isuna jarriko zigula esan zigun, kalean galtza luzeak jantzita gindoazelako eta oso gaizki ematen zigulako. Ez zigun Plaza Berrian barrena joaten utzi ere egin. Atraskua tabernaren atzetik gora, etxera bidali gintuen.
Ustekabekoa izan al zen zuretzat, ala jakinaren gainean zeundeten ezin zinetela horrela jantzita ibili herrian?
Nik ez nuen horretan pentsatu ere egin. Kalera irteteko orduan estreinakoz jantzi nituen galtza luzeak egun hartan. Ikusi ere egiten al ziren, ba? Botinak geneuzkan jantzita, beroki luze arraro bat ere bai… Gogoan dut bi botoi zituela berokiak; galtza luzeak ez ziren ia ikusi ere egiten. Kalean batzuek begiratu egiten ziguten, eta beste batzuek, berriz, dotore gindoazela esaten ziguten.
Zenbateko isuna izan zen?
25 pezetakoa izan zen. Jendeak, guri isuna jarri zigutela jakin zuenean, marmarrean jardun zuen. Norbait udaletxera ere joan zen gertatutakoagatik kontu eske. Hurrengo egunean, isuna murriztu egin zutela esan ziguten, ez zegoela-eta eskubiderik hori egiteko. Azkenean 10 pezeta ordaindu behar izan genuen.
Noiz arte iraun zuen galtza luzeak jantzi ezin zirela esaten zuen debekuak?
Ez dut ideiarik. Baina gu izan ginen Azkoitian galtza luzeak jantzita kalera irten ginen lehenak. Gerora ere entzun izan dut arratsalde hartan bertan beste emakumeren bat ere galtzekin joan zela udaletxera, dotore jantzita. Batek daki, baina lehenak guk jantzi genituen. Guk ez genuen inolaz ere pentsatu modu horretan janzteagatik isunarekin itzuliko ginenik etxera. Elurra egiten zuen egun hartan, eta itxuraz inauteriak ziren. Nik, artean, 14 edo 15 urte izango nituen.
Nola gogoratzen duzu hura? Barrez?
Bai. Pena bakarra dut: jarritako isuna eskuetan ez izatea. Kaleko batek eskatu zidan nire isun hura berari emateko, eta eman egin nion. Gerora eskatu ere egin nion, baina Trino Pottinen artxiboan jaso zutela esan zidaten. Hemendik 100 edo 200 urtera azkoitiarrek jakingo dute bi emakumeri isuna jarri zietela galtza luzeak janzteagatik.
Gaur egungo gazteek zer esaten dizute istorioa kontatzen diezunean?
Gustura entzuten dituzte, eta, normala denez, barre egiten dute. Orain denok galtzekin joaten gara kalera. Itxuraz, Azkoitian galtza luzeak janzteko ohitura edo moda geuk jarri genuen, kar-kar-kar.