Langabezian dauden herritarretatik 266 gizonezkoak dira eta 335 emakumezkoak. Iazko ekainean 665 ziren langabetuak. Urtebetean, 64 pertsona hasi dira lanean. Afiliatu kopurua ere hazi egin da herrian 2016ko maiatzetik 2017ko maiatzera. Guztira 116 afiliatu gehiago daude.
2017ko maiatzean 611 langabe zeuden (%11,1). Horietatik %9,9 gizonezkoak ziren, eta %12,4 emakumezkoak. Urola Erdiari dagokionean, maiatzeko langabezia-tasa %10,4koa zen, Gipuzkoan %11koa eta EAEn %13,2koa.
Sektoreei dagokionean, Urola Erdian langabezia tasa handiena zerbitzuen arloan zenbatu da, %50,9. Industriako langabezia-tasa %20,4, aurrez lanbiderik ez zutenak %15,5 ziren, eraikuntzan %7,6 eta lehen sektorean %5,6. Azken datuen arabera, azken urtebetean industrian sortu da lanik gehiena.
Azkoitiko Udalak datu hauen inguruan balorazioa egin du, eta momentu honetan, Azkoitian enpresa handiak ondo dabiltzala eta langileak kontratatzen ari direla esan du. «Enpresa traktore horiek indartsu ari dira tiratzen eta hori nabarmen ari zaie laguntzen enpresa txiki laguntzaileei. Sektore industriala orokorrean osasuntsu dago eta hortik etorriko da etortzekotan, susperraldi ekonomikoa. Enpresen lehiakortasuna ere hobetzen doa gutxinaka», adierazi du Udalak.
«Udaletik sekulako ahalegina egin da enpresen beharren gainean egoten. Hau da, hirigintza aldetik enpresak herrian geratzeko erraztasun eta laguntza guztiak ematen saiatu da Udala, bertan zabaltzeko aukerak ahalbidetuz tokiz aldatzea edo beste nonbaiten zabaltzea planteatzen duten konpainiei», adierazi dute.
«Langabetuen kolektiboan benetan kezkatzen gaituena da 10etik ia 7k, hau da %66,2k, derrigorrezko ikasketak bakarrik dituela. Horientzat oso konplexua da lan merkatuan sartzea. Euren profila eta enpresek behar duten profila ez datoz bat, eta gure benetako erronka da ezberdintasun hori murriztea. Horretarako, Iraurgi Berritzenen eskutik, programa eta zerbitzu zehatzak daude martxan. Bestetik, iaz udalok apustu bat egin genuen enplegu zentroa egonkortzeko, eta horrek ere informazio asko ematen digu gero enplegu estrategia egokiak martxan jarri ahal izateko», azaldu dute.
«Oraintxe bertan Iraurgi Berritzen Enplegu Aztarnategi batean lanean ari da. Eskualdeko 40 enpresari galdeketa egin die jakiteko zer profil beharko duten urtebetera, eta zer profil beharko duten hemendik hiru urtera. Uda ostean aurkeztuko ditugu emaitzak, baina ikusten dena da enpresek ingeniariak eskatzen dituztela eta hizkuntzak dakizkitenak: lehenengo ingelesa, gero frantsesa eta azkenik, alemana, hurrenkera horretan. Ingelesa jakintzat ematen da jada. Administraritza edo enpresa ikasketak dituztenak gutxiago ari dira eskatzen, eta goi-mailako ikasketa eskakizunik gabekoen artean, hoditeria langileak, soldatzaileak eta galdaragileak behar dituzte, batez ere», jarraitu dute.
«Hizkuntzak aipatu ditugu eta esan nahi dugu, udaletxe moduan, hor ahalegin handia ari garela egiten, Azkoitiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren gela desplazatuen eta Gaztanenea Formakuntza Zentroaren bidez. Eta zabaltzen joango diren proiektuak dira. Formakuntza giltzarria da», azaldu dute amaitzeko Udaleko ordezkariek.