Julen Garate: «Euskarazko 'paxarako' liburu gehiago behar dira»

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 5a, 11:06

Julen Garate idazlea.

Julen Garate Azpitarte idazleak (Azkoitia, 1968) bere lehen eleberria kaleratu du ‘Argi estalia’ izenburupean. Duela 12 urte ideia bat otu zitzaion, eta hura paperera eraman arteko onik ez du izan, barrua askatzeko. Betidanik musikari izatea nahiago izan duela aitortu du, baina idazten ere ausartu da. Taldean egindako lana izan da, eta Juan Luis Zabala idazle azkoitiarra izan du bidelagun nagusia.

 

Nolako irakurleentzat egin duzu liburua?

Euskaraz irakurtzeko joerarik ez duten horiengana iritsi nahi dut bereziki. Euskal irakurleak gutxi dira zoritxarrez, eta, gainera, liburu askok maila jasoa edukitzen dute. Horregatik, euskarazko paxarako liburu gehiago behar dira: Kutsidazu bidea, Ixabel bezalako gehiago. Lehenengo aldiz liburu bat euskaraz irakurtzen duenak erraz irakurtzeko modukoak, alegia. Nirea, esaterako, horrelakoa da. Niri gustatzen zait batzuetan erraz irakurtzen den liburu bat izatea esku artean, eta horregatik idatzi dut.

Zeri buruzkoa da zure eleberria?

Familia baten istorioa kontatzen da. Ama, Agustiñe [Garatek bere amaren izen bera nahita jarri dio liburuko protagonistari, nahiz eta harekin ez identifikatu], hil egin da, eta, haren bizi testamentua irakurtzeko, hiru seme-alaba elkartuko dira abokatuarenean. Horretan ari direla, tirabira batzuk izango dira, eta, orduan, abokatuak eskutitz bana emango die hiru senideei –Juan, Iñaki eta Edurne– eta Joani –pertsonaia garrantzitsua da liburuan–. Liburuan, hiru gutun horiek bereizita kontatzen dira lehendabizi, eta gero haien garapen labur bat. Azkenik, Cadaqueseko [Katalunia] zatia kontatzen da, eta hori bereziki Joani zuzendutakoa da.

Normalean, idazleak oso bakarrik idazten du; zuk, justu alderantziz. Hasieratik talde lanean aritu zara. Nolatan?

Neure buruarekiko gabezia sentitzen nuelako sortu zen talde lanaren ideia. Beste batzuen babesa behar nuen liburua idazteko. Eta, gainera, niri gustatu egiten zait taldean lan egitea. Lan egiteko modu desberdina da.

Bestalde, nik idazkera arrunta dut; ez daukat maila jasoa. Horregatik, testuari dagokionez, Juan Luis Zabala Pipi, Edurne Lazkano eta Aitor Arruti adituekin aritu naiz elkarlanean. Marrazkiak, berriz, Iñaki Zabala Ali-k eta Andoni Salegi lehengusuak egin dizkidate. Hala ere, idazketa gehienbat lauren artean izan bada ere, azkenerako bederatzi lagunek osatu dugu lantaldea. Izugarrizko babesa izan dut. Liburuan agertzen den moduan: “Bakarrik ezina, lagunekin egina” esaldiak laburbiltzen du niretzat dena.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

Taldean izanda, ederra izan da; momentu on asko eman dizkit. Liburu hau bi zatitan dago eginda: lehendabizi, nik eleberriaren eskema bat egina nuen, eta, gerora, Lazkanok, Zabalaketa Arrutik hainbat ekarpen egin zizkidaten. Izan ere, ideia nagusia duela 12 urte bururatu zitzaidan, Cadaquesera egindako bidaia batean. Loa galdu nuen, eta gai bat sartu zitzaidan buruan, auskalo zergatik, eta horri buruz idatzi behar nuela pentsatu nuen.

Liburuaren pasarte garrantzitsu batek eta bukaerak lotura estua dute herri horrekin, eta, hori dela eta, garbi nuen denok batera hara joan behar genuela, hirukoteak testuan moldaketak egin aurretik. Ikusi zutenean, gauzak errazago ulertu zituzten. Kontatzea gauza bat da, baina, ikusi eta gero, dena hobeto ulertzen da. Eta, niretzat, orduan sartu ziren haiek liburuan. Lehenago “nire liburua” zen, baina, behin han egon ondoren, “denon liburua” zen.

Errealitatetik asko al du liburuak?

Kontatzen dena fikzioa da erabat. Baina badaude zenbait pasarte niri zenbait bidaiatan gertatutakoak. Ezagutzen nautenek, agian, nire izaera protagonistaren batenarekin identifikatuko dute pasadizo batzuetan. Esaterako, 1991. urtean Kuban gertatutako zenbait pasadizo kontatzen dira. Hango errealitatea oso gogorra da, eta hori erakutsi nahi nuen.

Plaza berriko erakusleiho batean liburuarekin zerikusia zuen margolan bat jarri zenuen.

Bai, margolanak pisu handia du liburuan. Norvegian ikusitako figura batean oinarrituta dago; Iñaki Zabala Ali-k egin zidan. Margolan hori pertsonaia bat izango balitz bezala da; garrantzi berezia du.

Zerorrek editatutako lana izan da.

Bai. Hasieran argitaletxe bat interesatu zen, lagina interesatu zitzaiolako, baina bukaeran ezezkoa esan zidan: eleberriaren garapena irakurri zutenean, “pixka bat kulebroia” iruditu zitzaien. Pena txiki horrekin gelditu gara amaieran, lana errazten duelako argitaletxe baten babesak.

Zeuk, gainera, lehen euskal ‘kulebroia’ dela diozu azal hegalean.

Bai, hori da. Izan ere, pertsonaia asko azaltzen dira, eta pixka bat nahasgarria ere izan daiteke zenbait unetan. Era berean, gauza oso esajeratuak gertatzen dira batzuetan: ametsek garrantzi handia hartzen dute tarteka, eta ez da oso erreala sentitzen. Esaterako, Cadaqueseko pertsonaia bereziak, Lidiak, garrantzi handia hartzen du. Dali margolariarekin harreman handia izan zuen. Baina psikologikoki zoratuta zegoela esan genezake gaur egunean. Eta, horrek garrantzi handia hartu duenez, “gauza ez-normal batzuk” gertatzen direla ematen du.

Umoretik ba al du?

Ez bereziki. Euskaldunon izaerari autokritika egiteko aprobetxatu dut. Oso lotuak gara euskaldunok, eta geure burua pixka bat askatu egin behar dugu. Txutxu-mutxuka gabiltza une oro: jendeak zer esaten duen, hark zer egingo duen… Ez zait batere gustatzen hori, eta horren salaketa txiki batzuk egiten ditut liburuan. “Inori ez badio kalterik egiten, utzi bakoitzari nahi duena egiten”, hori da nire leloa.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Ez naiz inoiz idazlea izan; nire zaletasuna musika izan da beti. Baina neuk ere ez dakit nolatan sartu zitzaidan buruan liburua idaztearen ideia Cadaqueseko bidaia hartan. Nik ez dut neure burua idazle ikusten, baina istorioa ezin nuen burutik kendu. Eta, burutik ezin nuenez kendu, idatzi egin beharko nuela pentsatu nuen. Orain, behin idatzita, ez dit loa kentzen garai batean bezala. Ez zait horrelakorik inoiz gertatu.

Liburua esku artean hartu zenuenean, zer?

Emozionatu egin nintzen. Niretzat, hau edukitzea sekulakoa da. Ez nuen inoiz usteko honaino ailegatuko nintzenik. Burugogor jarri naiz, baina emaitza ikusita oso gustura nago. Ez nuen uste hain ondo aterako zenik. Kapritxo bat izan da, baina merezi izan du. Idaztea gustatzen zaien denak animatu nahi ditut liburu bat idaztera. Gero argitaratu edo ez, bidea topatzen da. Gogoarekin ez dadila inor gelditu.

Jada salgai al dago liburua?

Bai, Hizkin eta Lujanen eros daiteke 15 euroren truke. Maxixatzeneko bazkideek, berriz, 10 euroan eskuratu ahal izango dute. Guztira, 400 ale atera ditut.

Bigarrenik etorriko al da?

Bigarrena egiteko ideia ez dut alboratzen, eta garbi daukat horrek ere taldean izan beharko duela. Ideia gehiegi izaten ditut, baina horiei forma ematea izaten da lanik zailena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide