‘Larramendi’ du izena zuen dendak. Zenbat urtetako ibilbidea daramazue?
Gure denda orain dela 50 bat urte sortu zen. Belaunaldiz belaunaldi landu den denda da. Hainbat taldetan egon gara: garai batean Master Larramendi deitzen ginen; azkeneko bederatzi urteak Cenor taldean egon gara; eta orain dela bi hilabete Tien 21 etxera pasatu gara. Azkenean, horiek erosketa taldeak dira, eta horien bidez erosten ditugu etxetresna elektrikoak. Aldaketa hoberako izango dela uste dugu, prezioak ere merkeagoak izango baitira. Biltegirik ez du talde berri honek. Biltegia edukitzeak gastuak izaten ditu: tresnak mantentzea, langileak... Askoz ere hartu-eman zuzenagoa dugu hornitzaileekin.
Gainerakoek biltegiak dituzte; zuen etxeak nola funtzionatzen du?
Gurera etxetresna elektrikoen hornitzaileak etortzen dira. Haiek guri hainbat eskaintza egiten dizkigute, baina biltegia saihesten dugu. Abantaila nagusia hori da, eta, bide batez, bitartekariak ere kendu egiten dira. Era horretan askoz ere zuzenagoak gara, eta horrek prezio hobeak eskaintzera eramango gaitu. Biltegi bat dagoenean, dena eginda ematen dute. Biltegi gabe gehiago landu behar da, prezioak kontrolatu behar dira, eta abar. Publizitate aldetik ere, beste taldeek, Cenor taldeak esaterako, beraiek egiten dituzte publizitate aldizkariak, baina Tien 21 etxeak urtean birritan egiten du, eta guk gehiago egin nahiko bagenu, geure kontura egin beharko genuke.
Gaur-gaurkoz, zein produktu saltzen da gehien?
Garbigailuak, hozkailuak, indukziozko plakak eta labeak saltzen ditugu gehienbat. Garbigailuak-eta erosteko, orga behar izaten da, eta neurriek garrantzi handia dute. Bezeroen beharra zein den jakin, eta horren arabera egiten dugu salmenta. Bezero denak ez dira berdinak.
Herriko denda batean jarduteak zer-nolako abantailak dituela uste duzu?
Salmentaren ondorengo zerbitzua, zalantzarik gabe. Nolanahiko arazoa sortzen dela ere, tratua zuzenagoa da herriko denda batekin. Garbigailu edo hozkailu bat erostean, askotan aldaketak egin behar izaten dira altzarietan, eta horrelako lanetan ere espezializatuagoak garela uste dut. Arazoren bat sortzen bada, ahal denean, gu bezeroari mesede egiten saiatzen gara.
Zer-nolako zerbitzua ematen duzue?
Guk altzairuak, armairuak, etxetresna elektrikoak, aparatu txikiak eta lanparak saltzen ditugu. Tien 21 etxetresna elektrikoen taldea da. Gainerakoak lehen bezala jarraitzen du. Prezio ona eskaintzeaz gain, bezeroei zerbitzu ona eskaintzea da gure helburua.
Nolako bezeroak dituzue?
Gazte jendea erakarri nahi dugu; hori da gure borroka. Internetek eskaintzen ez duen alde hori eskaini nahi diegu bezeroei: etxetresna elektrikoak integratzea, altzairuak moztea eta jartzea… Askotan geuk hartzen ditugu ezustekoak, etxe batera muntaketa lanak egitera joan eta etxetresnak bere lekuan sartzen ez direnean. Horregatik, bezeroei erosketa egokia egiteko aukera ematen diegu.
Bestelako biderik landuko duzue saltzeko orduan?
HEMENbuy plataforman egon gara, salmenta batzuk ere egin dira, baina oso bakanak izan dira. Hor egon behar da, baina azkenean ez da erraza, lana eskatzen baitu. Internet erakusleiho moduan erabiltzen dugu, zer daukagun eta zer egiten dugun erakusteko, produktuak hor saltzeko baino gehiago. Interneteko webguneaz gain, Facebook eta Instagram kontuak erabiltzen ditugu. Denda txiki batek Internet bidez saltzea zaila duela uste dugu.
Zer behar da herritar bat zuenera ekartzeko?
Prezioa oinarria da. Etxetresna elektriko bat edo sukalde bat urte askoan erabiliko dira, ez dira urtero aldatzen; beraz, erosketa egokia egitea oso garrantzitsua dela uste dugu. Ordutegi aldetik ere, batzuk astegunetan ezingo dira etorri, baina larunbat goizean ere hemen egoten gara.