Erorikoak saihesteko tailerra 60 urtetik gorakoentzat

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 9a, 17:02

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Iñaki Lasa, Nekane Larrañaga, Nacho García, Iñaki Lopez eta Nekane Plazaola.

Erorikoak saihesteko, 60 urtetik gorako azkoitiarrei zuzendutako bi saio antolatu dituzte herriko hainbat eragilek elkarlanean. Lehendabizikoa teorikoa izango da, ekainaren 13an, eta bigarrena, praktikoa, ekainaren 20an.

 

Urtean behin gutxienez erorketa bat izaten dute 60 urtez gorako pertsonen erdiek, eta horrek "ondorio fisikoez gain, ondorio psikologikoak" ere ekartzen dizkietela dio Urolako Osasun Publikoko teknikaria den Nacho Garcíak. Izan ere, pertsona nagusien artean, istripuen %92 erorketek eragiten dituzte. Errealitate horren aurrean, Osakidetzak, osasun etxeak eta Azkoitiko Udalak bat egin dute, erorikoak prebenitzeko tailerra antolatzeko.

Gaur goizean aurkeztu dute tailerra Nekane Larrañaga Ongizate zinegotziak, Iñaki Lasa Ongizate saileko arduradunak, Nacho Garcia Urola Eskualdeko Osasun Publikoko teknikariak, Iñaki Lopez Azkoitiko osasun etxeko arduradunak eta Nekane Plazaola San Jose egoitzako zuzendari eta Azkoitia Lagunkoia talde eragileko ordezkariak. 

Tailerra 60 urtetik gorakoei zuzendua dago, baina nahi duenak zaintzailearekin edo familiako norbaitekin joateko aukera izango du. Helburua da pertsona nagusiak egoeraz jabetzea.

Saioetan erorketak saihesteko jarraibideak azalduko dituzte adituek. Oreka mantentzeko ariketak erakutsiko zaizkie eta eroritakoan bakarrik altxatzeko teknikak ere bai, besteak beste. Dokumentazioa ere banatuko zaie partaideei etxean ariketak egiten jarrai dezaten.

Bi saioak 10:00etatik 12:00etara izango dira, Elkarguneko aretoan. Ikastaroa doan da, eta izena emateko azken eguna ekainaren 12a izango da, osasun etxean edo 943 007 610 zenbakian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide