Nola baloratuko zenukete urtea?
Unai Aranbarri: Bi urte oso onak izan dira. Azkenean, iaz ez genuen saria lortu. Aurtengoa haren jarraipena izan da. Amaieran dena ondo irten da. Bi urte oso onak izan dira.
Ander Arabaolaza: Izan ditudan urterik onenak izan dira, bai arlo pertsonalean eta bai jokalari bezala. Iaz hartu genuen kolpetik jaiki, berriz horrelako denboraldia egin eta saria jasotzea… Sekulako meritua duela iruditzen zait.
Beñat Landa: Bi urteak izan dira oso onak. Iazkoak min handia egin zigun, amaitu zen bezala amaituta. Aurtengo urtean arantza bat ateratzea nahi genuen, eta lortu dugu. Alde horretatik oraindik eta ederragoa izan da igoera lortzea.
Aurten iaz egindakoa errepikatzea zaila izango zela esaten zuen Unai Aranbarrik iazko elkarrizketa batean.
U.A.: Aurreko denboraldian talde batek bakarrik egin zuen guk egin genuen denboraldia baino hobea, Tolosak. Azkenean, hobetzeko bide bakarra txapeldun gelditzea zen. Urte hasieratik lanean bat eginda jarraitu dugu, eta hori izan da gakoa. Eguneroko lanean oinarritu gara.
A.A.: Azkenerako lagun talde bat gara. Entrenatzera gustura etortzen gara, elkarri txantxak egin, barre pila bat egin... Beste talde batzuetan jokalariek elkarren artean gaizki esaka jarduten dute, baina Anaitasunan denok gara lagunak.
U.A.: Talde desberdina da Anaitasuna; kuadrilla bat gara, gehienak herrikoak izanda.
B.L.: Jarraitzaileek ere sekulako bultzada eman digute. Beti egon dira gurekin, neurketa garrantzitsuenetan. Iaz, esaterako, une txarrak izan genituen neurketa askotan, kontrolatzeko zailtasunak genituen, baina aurten heldutasun batera iritsi da taldea. Zelai zail batzuetan puntuak utzi genituen, baina aurten, irabazi egin behar genuela pentsatuta, lortu dugu irabaztea. Zentzu horretan heldutasun maila bat hartu du taldeak.
Nola deskribatuko zenuke hitz batean aurtengo denboraldia?
U.A.: Sekulakoa izan da. Taldeko masajistak, Jesus Mari Bastarrika “Toota”-k askotan esaten zuen une bakoitza gozatu behar genuela. Behin partida irabazitakoan, hurrengo partidari edo bukaerako sariari begira jartzen ginen. Aurten une bakoitza gozatzen jakin dugu.
A.A.: Nire ustez denon ametsa egia bihurtu da. Beñatek esan duen bezala, arantza ateratzea lortu dugu. Talde honek, gure belaunaldiak, merezi zuen horrelako saria.
B.L.: Hitzik gabe uzten zaituen horietakoa.
800 herritar izan ziren joan den zapatuan Elgoibarko Mintxetan. Herriak ere harrera beroa egin zuen.
U.A.: Jarraitzaileen mugimendua iaztik hasi zen. Lehenagotik ere bai, baina iaz jendetza hasi zen bai Txerloira eta bai etxetik kanpoko partidetara joaten. Hondarribian jende pila bat elkartu zen. Aurten etxetik kanpoko partidetan Anaitasunako jarraitzaileak etxeko jarraitzaileak baino gehiago izan dira. Hori eskertzekoa da. Igoera lortu eta herria horrela ikustea ikaragarria izan da. Udaleko balkoira igo eta jendetza hura guri txaloka ikustea… Ez dago hitzik hori azaltzeko.
A.A.: Azkeneko aldiz Hirugarren Mailara igo zirenean, jubenil mailako jokalaria nintzen. Orduan lehen taldeko jokalaria ez izan arren, lehen taldeko partaide sentitzen nintzen, eta ni bezala gainerako guztiak. Orain gauza bera ikusi dut. Nahiz eta lehen taldeko jokalaria ez izan, jendea igoera honen partaide sentitu da: klubeko jokalariak diren neska-mutilak, futbolean ibiltzen ez direnak, entrenatzaileak, gurasoak...
B.L.: Hori ikustea da ederrena. Gure inguruan horrenbeste herritar mugitzea eta azkoitiarrak igoera honen partaide sentitzea. Elgoibarren, Txerloian bertan zein kalean umeak gorriz jantzita ikustea zoragarria izan zen. Hori da ikusteko ederrena, umeen ilusioa.
U.A.: Harremanik ez dugun jende askok eman dizkigute animoak kalean, Anaitasunan jokatzeagatik. Hori ere ederra da.
Mintxeta zelaiko ospakizunak nola bizi izan zenituzten barrutik?
A.A.: Ikaragarria izan zen. Harremanik ez genuen jendearekin ere besarkatu ginen. Hunkigarria izan zen. Harro sentitzekoa da egin duguna. Herriko mutil kuadrilla bat gara, baina denak atzetik ikustea handia da.
B.L.: Ez dago hori azaltzerik. Betirako geldituko den bizipena da. Handia izan zen denok egindako zerbait horrela ospatzen ikustea.
U.A.: Jende asko mugitzen da. Taldearen atzetik jende ikaragarri dabil eta horrek bete egiten du.
Zuek egindako kanta izan da zuek elkartzeko arrazoi nagusia. Nori abestu nahi zenioten eta zergatik egin zenuten kanta?
U.A.: Anderrena izan zen ideia.
A.A.: Bertso batzuk egitea edo sorpresaren bat egitea ederra izango zela pentsatu nuen. Batik bat, lehengo urtean hartu genuen kolpetik aurten nola jaiki garen txalotzeko. Ukelelea jotzen ari naiz duela urtebete ingurutik, eta Unairi galdetu nion ea doinu politik bazekien. Berak zer iritzi zuen galdetu nion, eta horrela joan ginen ideia garatzen. Landa ere bertsotan ondo moldatzen da, eta hiruron artean, Izarren hautsa doinuarekin, hiru bertso egitea erabaki genuen.
Entsegurik egin al zenuten?
B.L.: Whatsapp bidez aritu ginen doinua eta bertsoak elkarri bidaltzen.
U.A.: Anderrek eta nik egun batean egin genuen proba gure kuadrillako lokalean. Anderrek ukelelearekin musika jarrita eta nik abestuta, grabazio bat bidali genion Beñati.
A.A.: Joseba Jatetxean gainerakoei abestu aurretik, hirurok jangelatik irten eta bertako komunean proba txiki bat ere egin genuen; kantaren sarrera txiki bat abestu genuen (kar, kar, kar).
Hirugarren Mailara begira jarrita, zein dira pertsonalki eta talde bezala dituzuen asmoak?
U.A.: Jubenil mailatik igo eta lehen taldera jauzia egin nuenean, Hirugarren Mailan zegoen Anaitasuna. Beraiekin entrenatzeko aukera izan nuen, baina jokatzeko ez. Hiru bat partida besterik ez nituen jokatu. Badut gogoa Hirugarren Maila benetan probatzeko. Taldeak ere orokorrean maila ona eman du azken bi-hiru urteetan, eta ilusioa dugu Hirugarren Mailan nola moldatzen garen jakiteko. Nik uste urte polita dugula aurretik.
B.L.: Azken aldiz, duela bost urte igo ginen Hirugarren Mailara Anaitasunarekin, eta hurrengo denboraldian jaitsi. Bi urteetan erakutsi dugun mailari eusteko gai garen probatzeko gogoa dut. Azkena igo ginenean, maila horretan jokatzeko nibelik ez nuen erakutsi, eta oraingo aukera honetan badut maila emateko gogoa.
A.A.: Nik gozatu egin nahi dut, ahal den neurrian. Niri berdin zait denboraldi ona edo txarra egin; nahiago dut ona egitea, baina ez dut helburu bezala hori jartzen. Gozatu egin nahi dut. Geu igo gara, eta igoera honen partaide izan garenok Hirugarren Mailan aukera bat edukitzea gustatuko litzaidake.
Motz-motzin
Unai Aranbarri (Azkoitia, 1993)
Azkoitiko alkate bazina: Ez nintzateke izango.
Azkoitian bizi izan ez bazina: Hemen baino hobeto ez nintzateke inon biziko.
Gehiena maite duzuna: Nire familia eta Anaitasunako familia.
Gorroto duzuna: Garbantzuak.
Inoiz ez zenuke egingo: Nire etxeko eta inguruko jendeari zerbait gaizki egin.
Ander Arabaolaza (Azkoitia, 1993)
Azkoitiko alkate bazina: Txerloian zutik egoten diren zaleentzako aterpe bat jarriko nuke.
Azkoitian bizi izan ez bazina: Azkoitiko neska batekin elkartu eta bertara etorri bizitzera.
Gehiena maite duzuna: Inguruko jendea.
Gorroto duzuna: Injustizia.
Inoiz ez zenuke egingo: Ingurukoak traizionatu.
Beñat Landa (Azkoitia, 1991)
Azkoitiko alkate bazina: Hirugarren futbol zelai bat eraikiko nuke.
Azkoitian bizi izan ez bazina: Antzeko herri txiki batean bizi edo Azkoitira etorri bizitzera.
Gehiena maite duzuna: Familia.
Gorroto duzuna: Babarrun beltzen purea.
Inoiz ez zenuke egingo: Inoiz ez esan "inoiz ez".