60 pertsona inguru ausartu dira euren ama hizkuntza den gaztelera euskararekin tartekatzera. Ana Gonzalez (Legazpi, 1966), Isabel Valor (Azpeitia, 1966) eta Bego Valor (Azpeitia, 1967) bidelariak eta Yolanda Larrañaga (Azkoitia, 1968) bidelaguna, besteak beste, mintzalagun horietako lau dira.
“Gu hasiera-hasieratik gaude”, adierazi dute Ana Gonzalezek eta Isabel Valorrek. Bego Valor, berriz, orain dela hilabete batu zaio proiektuari, barnetegia utzi eta gero. Ez datoz bide beretik, baina helmuga berera iritsi nahi dute: euskaraz lasai, ondo eta lotsarik gabe egin nahi dute kalean, Yolanda Larrañagak bezala. Larrañaga (bidelaguna) izan zen proiektu horren sustatzaileetako bat. Alemanian izan zen orain dela 27 urte, eta hango mutil batekin alemana ikasi zuen, mutilak gaztelera ikasten zuen bitartean. Mintzalagun proiektua zen, eta, hangoa ikusi zuenean, bueltak eman zizkion buruari. “Harrezkero askotan pentsatu izan dut: zergatik ez hori egin Azkoitian?”, dio azkoitiarrak. Udaleko euskara teknikariarekin hitz egin ondoren, beste herrietan zer-nolako funtzionamendua zuten ikustea izan hurrengo pausoa. Arrasateko ideiak jaso zituzten beste batzuen artean, eta 2010-11ko ikasturtean hasi ziren aurrez gazteleraz esaten zituzten hitzak euskaraz esaten Mintzalagun proiektuari esker. “Euskarari eta jendeari laguntzeko balio izan du. Horrela ibiltzeak bete egiten nau”, gehitu du Larrañagak.
Hasieran arazoak izan zituzten. Euskaltegian eta barnetegian jaso zutenaren aldean beste mundu bat aurkitu zuten proiektu horretan: lehen, paperetik ikasten zuten, eta gero, berriz, ahoz aho ikasteari ekin zioten. Isabel Valor Azpeitiko Euskaltegian hasi zen. “Mintzalagun proiektuaren berri entzun, eta bertan hasi nintzen”. Kostatu egiten zaie, eta Azkoitiko euskalkia eta batua uztartzeko ere zailtasun handiak dituztela aitortu dute behin baino gehiagotan. “Silaba asko jaten dira, eta oso azkar hitz egiten da”, esan du Azkoitiko euskalkiaren inguruan. Batua ondo ulertzen du Valorrek, eta etxean txikitxoenen partetik ere laguntza jasotzen du. “Zortekoa naiz; beti daude zuzentzeko prest”. Gazteleraz oso berritsua dela aitortu du, baina euskaraz ez zaiola berdin gertatzen: “Askotan ezin izaten ditut gauzak nahi dudan moduan azaldu”.
Bidelarien ustez, Azkoitiko euskalkian oso azkar hitz egiten da, eta silaba asko jaten dira
Bego Valor ere familia erdaldunetik dator, baina kalean lehen hitza euskaraz egiten saiatzen da. Lotsarik gabe hasten den arren, “esaldiak amaitu ezineko uneak” ere egokitzen zaizkio Mintzalagun programan hasi berri den kideari. Baina Bego Valorren kasua ez da bakarra; Gonzalez ere behin baino gehiagotan gelditu da egoera horretan, eta merezi duen edo ez ere galdetu izan dio bere buruari.
Idazten hitz egiten baino hobeto moldatzen dira hirurak, horretan ez dute zalantzarik. Whatsappez euskaraz idazten du Gonzalezek: “Aurrez aurreko elkarrizketa bat aurrera eramatea zailagoa egiten zait. Taldean polikiago jarduten dugu, gauzak errepikatuz eta okerrak zuzentzeko asmoz”.
Urteek aurrera egin dute, eta beraien euskaran ere eboluzioa ikusi dute. Euskaldun jendeak, ordea, gazteleraz hitz egiten die hirurei. “Ezagutzen gaituenak guri euskaraz egitea oso arrotza da”, dio Isabel Valorrek. Azpeitiko Euskaltegian zegoela gertatu zitzaion pasadizoa kontatzera ausartu da: “Nire semearen lagunen amek euren artean euskaraz hitz egiten zuten, baina ni iristean gazteleraz hitz egiten hasten ziren”, hasi da. Egun batean, euskaraz jarraitzeko esan zien azpeitiarrak, baina “oso arraroa” egiten zitzaiela erantzun zioten.
Isabel Valor: 'Ezagutzen gaituenak guri euskaraz egitea oso arrotza da'
Euskaldunak sentitzen diren edo ez galdetuta, ez dute zalantzarik izan. “Orain eta beti, ni euskalduna sentitzen naiz”, dio, irmo, Gonzalezek. Isabel Valorrentzat, berriz, euskaldun sentitzea ez da hizkuntza kontua soilik. “Hemen jaioa naiz, nire gurasoen kultura dut; euskalduna sentitzen naiz”, azaldu du Bego Valorrek, azkenik.
Beheko argazkian: Leire Martin, Maite Azpiroz eta Miren Alberdi.
AEK-ko irakasleak: 'Askotan, aurreiritziak direla eta, ez dakigu albokoarekin euskaraz hitz egin dezakegula, eta batek baino gehiagok sorpresa galantak hartu izan ditu'
Nolatan hasi zen Mintzalagun egitasmoa?
AEK-ko ikasle askok ikasitakoa norekin praktikatu ez zutela konturatu ginen, gure ikasle askok ingurune erdalduna baitute, eta denok dakigu hizkuntza bat ikasteko ezinbestekoa dela praktikatzea. Horregatik, Mintzalagunek bidelariak eta bidelagunak elkartzen ditu; hau da, euskara praktikatuz hobetzeko beharra dutenak –bidelariak– eta horretan lagundu nahi duten euskaldunak –bidelagunak–.
Egitasmoak harrera ona izan al du bidelarien artean? Zergatik?
Bai, oso harrera ona izan du. Euskaraz hitz egiteko ingurunea behar dute haietako askok, eta Mintzalagunek horixe ematen die, euskaraz eroso eta lasai hitz egiteko aukera. Gainera, ekintza osagarriak ere antolatzen ditugu partaideek elkar ezagutzeko eta lagunarte jatorra eta euskalduna sortzeko.
Bidelagunek nola laguntzen diete bidelariei?
Euskara erabiltzeko ingurunea sortzen diete. Zaila egiten zaie euskaraz bizitzeko pauso hori ematea, eta bidelagunei esker errazagoa da. Eroso sentitzen dira, testuinguru informal batean daudelako eta zuzentasunari baino gehiago komunikatzeari ematen zaiolako garrantzia.
Zein dira Mintzalagunen helburuak?
Helburu orokorra euskaraz hitz egiteko aukera gehiago sortzea da. Horretarako, herriko euskaldunak elkar ezagutzeko aukera ematen du Mintzalagunek; izan ere, askotan, aurreiritziak direla eta, ez dakigu albokoarekin euskaraz hitz egin dezakegula. Batek baino gehiagok sorpresa galantak hartu izan ditu! Gainera, euskara erabiltzeko ohitura ere sustatzen du.
Bidelariak eroso sentitzen dira, testuinguru informal batean daudelako eta zuzentasunari baino gehiago komunikatzeari ematen zaiolako garrantzia
Gaur egun osasuntsu al dago taldea?
Bai, egonkor mantentzen da. 19 bidelari eta 10 bidelagun daude gaur egun, 9 taldetan banatuta. Baina gustatuko litzaiguke bidelagun eta bidelari gehiago izatea. Esaterako, aurten proposamen berri bat jaso dugu: bi bidelarik Azkoitiko hika praktikatzeko taldea nahi dute, eta momentuz ez dugu bidelagunik aurkitu.
Proiektuak ateak zabalik ditu, euskara praktikatu edota praktikatzen lagundu nahi duen orok izena eman dezan. Eskatzen den konpromiso bakarra astean gutxienez ordubetez euskaraz hitz egiteko elkartzea da.
Marijose Arregi, Azkoitiko Udaleko Euskara zinegotzia: 'Bidelariak eta euskaraz ez dakitenak euskarara erakarri behar ditugu, euskara deskubritzearekin batera mundu oso bat deskubritzen dutelako, elkarbizitza hobea eginez'
Udalak zer iritzi dauka Mintzalaguni buruz?
Datuak ikusita, udalak balorazio positiboa egiten du. Hala ere, ez dugu konplazentzian erori behar. Erronka partaide berriak proiektura erakartzea da. Profilari dagokionez, emakumeak dira gehienak, eta batez besteko adina 48 urtekoa da. Ea gizonezko gehiagok parte hartzea lortzen dugun.
Eredua erakargarria da. Ez da gauza bera ikasgela batean sartzea edo mintzalagunarekin kafetxo bat hartzeko geratzea bi aldeei ondo etortzen zaien ordutegian eta tokian. Azkenean, mintzalagunak lagun bihurtzen dira askotan, eta horrek jarraipena bermatzen du.
Zer iritzi daukazue zuek Mintzalagun egitasmoaz?
Bidelagunek sekulako meritua dute. Txalotzekoa da erakusten duten borondatea eta euskaldun berriei dedikatzen dieten denbora. Bidelarien esfortzua ere, nola ez, oso aintzat hartzekoa da, eta eskertzekoa. Ez du batere erosoa izan behar Azkoitian euskara jakin gabe bizitzea.
Uste dut hizkuntza bat inposatzeak ez duela inolako zentzurik. Bidelariak eta euskaraz ez dakitenak euskarara erakarri behar ditugu, euskara deskubritzearekin batera mundu oso bat deskubritzen dutelako, elkarbizitza hobea eginez. Hizkuntza bat ez dute soilik hitzek osatzen; sentimenduak daude, emozioak, esanahiak… Euskararen normalizazioan aurrera egiteko, Mintzalagun bezalako egitasmoak oso baliagarriak dira. Anima ditzagun euskara erabiltzera zailtasunak dituzten horiek guztiak, inor kritikatu eta epaitu gabe.
2017an ere egitasmoarekin aurrera jarraitzeko asmoa al du udalak?
Bai. Egitasmo hau udalak finantzatuta dago erabat, uste dugulako euskaraz hitz egiten ez dutenek eta hitz egiten ez dakitenek euskarari heltzeko bide egokia dela. Hartu-eman afektiboak sor daitezke, gustuko jarduerak antolatu… Talde batzuk egun-pasa irteten dira, mendira… Eroso eta pozik sentitzen diren seinale, eta horixe behar da euskaraz hitz egitean beldurrak eta lotsak galtzeko, jardutea. Gure ardura da jauzi hori egiteko erraztasunak eta laguntzak ematea, eta horretan jarraituko dugu.