Etorkizuna ilun ikusten duten arren, erronkei aurre egiteko prest daude. Herrixen Merkatari Elkarteko atea jo dugu, eta Ainhoa Etxanizek (NHO Estudioa), Amaia Andreuk (Karan jantzi denda), Beatriz Pozok (Z Estudioa) eta Sara Rodriguez elkarteko dinamizatzaileak euren egunerokoaz hitz egin digute.
Zer gertatuko litzakete egun batetik bestera Azkoitiko denda txiki guztiek atea betiko itxiko balute? Denda txikiek ematen diote bizia herriari, eta herritarrek ematen diete arnasa saltokiei. Batek bestea elikatzen du. Halere, herritarron bizimodu aldaketak kontsumo eredu berriak ekarri ditu berekin; orain urte batzuk, merkataritza gune handiek ataka estuan jarri zituzten dendari txikiak, baina eutsi egin zioten. Atzetik etorri zenak are gehiago zaildu zien egoera; krisi ekonomikoa batetik, eta Internetetik erosketak egiteko joera bestetik. Horri aurre egiteko, zer? Erantzunak bilatzeko jarri zuten abian Herrixen Merkatari Elkartea, 2008an. 116 dendari txiki biltzen ditu elkarteak, eta herritarrak denda txikietara erakartzeko bideak jorratzea du helburu.
Garai berrietara egokitzea, bereiztea eta Internetez ere saltzea. Horiek dira bizirik irauteko erronkak. Aldeko dituzten osagai nagusiak: bezeroarenganako gertutasuna, konfiantza eta produktuen kalitatea.
Batez ere, jantzi dendak, elektronikako etxetresnen saltokiak eta altzairu dekorazioko estudioak zigortu dituzte denda handiek, Herrixen Merkatari Elkartearen ordezkariak esan duenez. “Esango nuke arraina, haragia, ogia eta halakoak erosteko hemengo dendetara joaten direla herritarrak. Urtetan harategi edo arrandegi berean erosteko ohitura ez dute albo batera utzi. Arroparekin, etxetresnekin eta abarrekin gehiago aldatu dira ohiturak, tamalez”, adierazi du Herrixeneko dinamizatzaileak.
Gakoa, kontzientziazioa
Herritarren kontzientzia astintzea eta denda txikien balioaz jabetzea da giltzarria, merkatarien iritzian. Txikiak ematen duen gertutasuna, konfiantza eta kalitatea aintzat hartzeko eskatzen dute. Asko aldatu dira ohiturak. Saltoki handiak familia askoren astebururoko planetan sartzen dira egun; horietara joan, erosketak eginez arratsaldea igaro, eta herrira buelta.
“Prezio merkeagoak eskaintzen dituzte eta oso kanpaina erakargarriak egiten dituzte. Bertan erosi eta arratsaldea bertan pasatzeko aukera ematen diote erosleari. Horrek asko mugatzen du dendari txikien egoera”, esan du Rodriguezek.
Ildo beretik mintzatu da Amaia Andreu Karan jantzi dendaren jabea ere. Batez ere gazteek aldatu dituztela ohiturak dio: “Gaur egun, daukagun bizi erritmoa dela eta, jendeak gune handietara jotzen du. Dena han bilatzen dute, eta hori baloratzen da: joan-etorri bakarrean era guztietako erosketak egiteko aukera izatea, eta ez dendarik denda ibiltzea”.
Denak bat etorri dira handien eskaintzekin lehiatzea ezinezkoa dela: “Handien prezioekin ezin gara lehiatu. Hor, galtzeko denak ditugu”.
Kanpainak, promozioak, eskaintzak… ezinbestekoak
Gabonak ate-joka ditugun honetan, merkatariak itxaropentsu daude: urteko sasoirik oparoenetakoa da haientzat, baina hor ere nabaritu dute gainbehera. Garai batean opari gehienak herriko dendetan erosten ziren. Orain, kanpainak, eskaintza bereziak eta bestelakoak egin behar izaten dituzte Gabonetako ere, salmentak bermatzeko.
Herrixen elkarteak ia hilero antolatzen du kanpaina bereziren bat. Etengabe ari dira formula berrien bila, jendea erakartzeko. “Ia hilero kanpaina bereziren bat antolatzen dugu herriko dendetan. Aurten, lehen aldiz Herrixen Eguna antolatu dugu, eta oso gustura geratu gara jendearen erantzunarekin. Jende ugari bildu zen herrira asteburu horretan. Beharbada, dendetako salmentak ez ziren asko handitu, baina jendea herrian geratzea lortu genuen”, nabarmendu du Rodriguezek.
Iritzi berekoak dira dendariak. Haien hitzetan, eskaintzek eta promozio bereziek erakartzen dute bezeroa. “Beherapenak, Ostiral Latza, Black Friday, outleta… Horrelako guztietan parte hartu beharra daukagu bezeroak dendara ekartzeko. Beti laguntzen dute horrelakoek. Bezeroa beti opari zain dagoela iruditzen zait”, esan du Andreuk.
Beatriz Pozo dekoratzailearen ustez ere, formula magikorik ez dago, eta dendariek etenik gabe euren produktuak ahalik eta modu erakargarrienean erakusten ahalegindu behar dute. “Gaur egun, alor guztietan eskaintza ikaragarria dago. Bezeroek nonahi aurki dezakete nahi dutena. Hori ikusita, etengabe egokitzen eta berritzen jarraitu behar dugu, atzean geratu gabe”, esan du.
Internet eta prestakuntza, beharrezkoak
Herriko dendariek badakite Internetera jauzi egitea beharrezkoa dela etorkizuna bermatzeko. Oraindik dendari gutxik jarri dituzte euren produktuak sarean salgai. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek sustatuta, duela bi urtetik www.hemenbuy.com denda dago sarean, bi herriotako dendarientzat. 34 denda ari dira parte hartzen plataforma horretan.
“Dendariek badakite online saltzeko gai izan behar dutela atzean geratu nahi ez badute. Oso garrantzitsua da, baina bakoitzak bere erritmoan egin behar du egokitzapena”, esan du Herrixeneko dinamizatzaileak.
Etxanizek nabarmendu duenez, “oraingoz, sare sozialetan ez gara oso aktiboak, baina badakigu hor egon beharra dagoela. Zuzeneko harremana gehiago gustatzen zait. Pixkanaka ari gara jauzia egiten. Ezinbestekoa da Interneten egotea”. Hori bera uste du Pozok ere: “Erakusleiho handi bat da Internet, eta ondo zaindu behar da. Gu sare sozialetan egon bagaude, baina ez diegu behar beste denbora eskaintzen. Aurrez aurreko bezeroei lehentasuna ematen diegu, oraingoz”.
Etorkizuna
Datu deigarri bat eman du Azkoitiko Udalak: 2011-2016 artean, 36 saltoki ireki ziren Azkoitian, eta 14 itxi. Irekiera askok, seguruenez, krisiarekin izango dute zerikusia; langabeziak-edo bultzatuta, negozio txikien aldeko apustuak goraldia izan baitu. “Etorkizunari begira zalantza asko dituzte dendariek. Erakunde publikoen laguntza beharrezkoa da”, esan du Rodriguezek. Izan ere, dendari guztiek behin eta berriz azpimarratu dute hileroko zergek eta gastu finkoek itotzen dituztela. Erakunde publikoen inplikazioa eskatu dute; negozio txikiek irauteko politika eraginkorrak abian jar ditzatela, besteak beste, zergak murriztuz.
“Garai beltza igarotzen ari gara, baina baikor begiratzen diot etorkizunari. Laguntzak behar ditugu eta zerga gutxiago, bestela etorkizuna are beltzago jarriko baitzaigu”, esan du Andreuk. Ildo beretik hitz egin du Etxanizek: “Herriko denden etorkizuna ez da arrosa kolorekoa. Dendariek gero eta ahalegin handiagoa egin behar dute komertzioari eusteko; gastuak gora eta irabaziak behera doaz”.
Herriari bizia emateaz gain, herrian inbertitzea estrategikoa da edozein herriren garapenerako. Hori dela eta, herritarrei herrian kontsumitzeko deia egin die Herrixen elkarteak: “Denda txikiek ematen diote bizia eta alaitasuna herri bati. Dendarik gabe, herriko kaleak pixkanaka itzaltzen joango dira. Horregatik da hain garrantzitsua denda txikien indarraz eta herrian duten pisuaz ohartzea: herriko dendariek eskaintzen duten profesionaltasuna, gertutasuna eta kalitatea baloratzeko eskatzen diegu herritarrei”.
Hemenbuy, Internetez herrian erosteko ataria
2014tik martxan dago www.hemenbuy.com ataria. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak jarri zuten martxan, Elkarmedia enpresaren bidez, bi herri horietako merkataritza sustatzeko. Hemenbuy (hemen erosi) plataforma digitala saltoki txikien bilgunea da, eta herritarrek Internetez egin ditzakete erosketak bertan. Azkoitiko eta Azpeitiko 34 denda daude, egun, plataforma horretan. Jose Antonio Sudupe Elkarmediako arduradunak azaldu duenez, “esperientzia oso positiboa ari da izaten plataforma, eta, poliki-poliki, parte hartzen ari diren dendariak ari dira emaitzak jasotzen. Herritarrak bakarrik ez, kanpoko bezeroak ere erakarri dituzte zenbait saltokik. Dendaria zenbat eta aktiboagoa, emaitzak hobeak dira”.
Plataformari beste bultzada bat emateko eta bi herriotako merkataritza sustatzeko, mahai bat eratu dute bi udalek eta Herrixen eta Bertan merkatarien elkarteek.