Oraindik gorpuzten ari den proiektuari beste bultzada bat emateko, agerraldia egin dute gaur Loiolan arduradunek. Ana Azkoitia alkateordea izan da bertan, hurrenez hurren Azpeitiko eta Zumarragako alkate diren Eneko Etxeberria eta Mikel Serranorekin batera. Bidelagun izan dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saileko zuzendari Maite Cruzado eta Eusko Jaurlaritzako Basquetour agentziaren zuzendari Harkaitz Millan. Urola Erdiko, Urola Garaiko eta Debagoienako garapen agentzietako turismo ordezkariak ere agerraldian parte hartu dute.
Ana Azkoitiak adierazi du Inaziotar Bidea zaindu eta babestu beharreko altxorra dela. "Bisitariak hiriburuetatik atera eta herri txikietara erakartzea erronka da; era berean, baita turistak Loiolako santutegitik herriguneetara eramatea ere. Hori garrantzitsua da, besteak beste, herriotan dugun eskaintza kulturala eta gastronomikoa ezagutzeko".
Foru Aldundiko ordezkariak esan duenez, Inaziotar Bidea oinarrizko proiektua da eta ezagutarazteko saiakera merkatu ezberdinetan egitekotan dira, hala nola, Kanadako, Estatu Batuetako, Frantziako, Belgikako eta Erresuma Batuko merkatuetan.
Bere aldetik, Harkaitz Millanek gogorarazi du Garapenerako Turismo Jasangarriaren Naziorteko urtea dela aurtengoa eta Inaziotar Bideak bat egiten duela jasangarritasun helburuekin, bidea egitera etortzen den jendea bertakoa zaintzen duena delako.
Guztiek azpimarratu dute erakunde ezberdinen arteko sinergiak batzearen garrantzia.