1950eko eta 1960ko hamarkadetan burutu zen immigrazioarik handiena: Extremaduratik etorri zen jende gehiena Azkoitira, 900 bat inguru. 1950ean 7.000 biztanle izatetik 10.500 inguru izatera pasatu zen Azkoitia, bi hamarkadatan. "Gehienak lan bila, bizitza hobeago baten bila eta prestigio sozial hobeago baten bila etorri ziren", esan du Alberdik.
Lehenengo belaunaldiak, 1950etik aurrerakoak, "nahiko irizpide onak ditu", dio Alberdik: euskararekin ez zuten arazorik izan, garai hartan hizkuntza zapaldua zelako eta gaztelera hobesten zelako. "Alde horretatik nolabaiteko abantaila ere izan zuten", azaldu du. Arazo nabarmenena etxebizitzak aurkitzeko izan zuten, guztientzat ez zeudelako nahikoa.
Bigarren belaunaldiak, berriz, euskararekin "lan gehiago" izan zuen, euskara garrantzia hartzen hasi zelako. Azkenik, hirugarren belaunaldia dago; Azkoitian bertan hazi eta hezitakoa. "Horiek euskaldunak dira eta ez dute arazorik izan euskararen inguruan" azaldu du Alberdik.
Argazkian, Juan Ramon Alberdi.