Gaur zabaldu da apirilaren 1eko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko izen-ematea, eta antolatzaileek gaurko eguna aprobetxatu dute aurtengo irudia aurkezteko ere. Bertan, Diego Garcia agertzen da helmugara iristen, “Diego bezain handia” leloarekin batera.
Agustin Jimenez antolatzaileak egin du aurkezpena, Azpeitiko eta Azkoitiko Udal ordezkariak bidelagun hartuta, Estitxu Elduaien eta Sonia Vázquez, hurrenez hurren.
Jimenezek probaren handitasuna azpimarratu du. “Gure proba benetakoa da. Izan ere, maratoi erdia, distantzia ofizial bat da eta beste proba batzuk ez dute ibilbidea homologatzen eta ez dute epailerik, beraz, ezin dira maratoi erditzat hartu. Bestalde, “handia” hitza goraipatu nahi dut. Diego handia zenik ez dago inongo zalantzarik baina Diego bezain handia da proba hau. Handia da duen palmaresagatik, handia, bi herri txiki elkartuta, Europako maratoi erdi onenetarikoa dugulako”.
Sonia Vázquez zinegotziak antolatzaileak eta parte hartzen duten bolondresak zoriondu eta animatu ditu. “Kirola baino askoz gehiago da Azkoitia-Azpeitia. Kirola eta ikuskizuna uztartzen ditu, kanpotarrak eta bertakoak batu. Eta seguru nago aurtengo edizioa ere txapela kentzeko modukoa izango dela”, esan du.
Lasterketa egunean 300 boluntario inguruk hartzen dute parte baina urte osoko lana da antolatzaileentzat. “Diegok –adierazi du Jimenezek- gogor egiten zuen lan bere maratoiak prestatzeko. Guk lan gogorra dugu ardatz eta bere lanerako grina geure egin dugu probaren filosofía galdu ez dadin”.
Ibilbide aldaketa
Aurtengo aldaketa nagusia ibilbide aldaketa izango da. Jimenezek azaldu duenez maratoi erdiaren ibilbideak sei urte beteta ditu eta “European Athletics-en arauen arabera, iraungita zegoen, bost urte baitira gehienez. Aldaketa aprobetxatuz, eta ikerketa ordu askoren ondoren, aukera desberdinak aztertu eta hobekuntzak sartzen saiatu gara ibilbide berrian”. Aurki aurkeztuko dituzte xehetasunak.
Azken urteetan bezala, hiru lasterketa izango dira: maratoi erdia, roller proba eta proba laburra.
Izen emateak: www.kirolprobak.com
Gaurtik aurrera www.kirolprobak.com webgunean eman ahalko da izena. Horra prezioak:
Izen emate kuotak berdinak izango dira, baina ROBERS etxeak, joan den urtean bezala, 100€ ko erosketagatik kirol materialean, dortsala dohainik eskainiko du.
Gainera, taldeei beste izen-emate aukera bat jarriko zaie email bidez. Edozein atletismo edo kirol taldek izena ematean deskontu bat izango du. Horretarako azkoitia-azpeitia@azkoitia-azpeitia.com helbidearen bitartez antolatzaileekin harremanetan jarri beharko dute.
Azkoitia-Azpeitia Rakamaraton K.E-ren idatzia:
"Aurten, gainera, EUROPEAN ATHLETICS erakundeak emandako hiru izar estreinatuko ditu lasterketak. ROAD QUALITY RACE egutegiko lasterketa probetan lortutakoak dira hiru izar horiek. Sari edo aitorpen horrek probaren maila bermatu eta azpimarratu besterik ez du egiten, izan ere, Azkoitia-Azpeitia lasterketa Europako proba onenetarikoa izan da bere sorreratik. Hala ere, goreneko proba bat izateak ez du esan nahi probaren herrikoi maila izaera baztertu behar denik.
Gaur egun proba paregabea da: sakon aztertutako eta ondo diseinatutako ibilbidea du, lasterketa buruan doazenek beste korrikalaririk ez bikoizteko; beraz, erosoa da edonorentzat. Herri barruko guneetan ikusleek lasterkariak txalo artean hartzen dituzte; kanpoko ibilbideak, berriz, urola bailarako edertasunaz gozatzeko aukera ematen du. Azkoitian hasi eta bidegorrian zehar Loiolara, bertako Basilika aurretik igaro eta berahala Azpeitiko zaleen txaloak jasoko dituzte korrikalariek. Bukatzeko, helmuga zain izango dute Loiolako Inazio hiribidean, hainbat aldiz Azkoitiko eta Azpeitiko zaleek entrenatu duten gunetik pasatuz. Ibilbide berri hori korrika egiteko, sentitzeko, ondo pasatzeko, txaloak jotzeko, gogoratzeko eta abar dago antolatuta.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, beti izango da proba ofiziala, nahiz eta, bertan lortzen diren denborak 02:30:00ak izan, balio atletikoa izango dute. Parte hartzaileek jakingo dute homologatutako maratoi erdi bat egin dutela, alegia, arauak betetzen dituena eta epaileek oniritzia ematen diotena. Hori guztia Azkoitiko eta Azpeitiko boluntario talde batek antolatu eta kudeatutako ibilbide batean, beti ere korrikalariaren segurtasuna bermatzen duena; horrez gain, parte hartzaileek ez dute pilaketarik jasango eta sentsazio zoragarriak, apartak sentituko dituzue, baina, batez ere, handietan handiena omenduko dute: Diego Garcia, lasterketaren sortzailea".