Salatzen dut da Sareren kanpainaren leloa. Zer salatzen du Sarek?
Bost urte pasatu dira ETAk armak uztea erabaki zuenetik. Konponbide eta bake agertoki bat eraikitzera bidean hartu den erabakirik garrantzitsuena izan da, nahiz eta batzuek urrats gehiago eskatzen dituzten behin eta berriz. Denbora tarte honetan ez da urratsik izan Espainiako eta Frantziako gobernuen aldetik, eta Sarek erabaki zuen ezin zela jarraitu ezer gertatu ez balitz bezala. Erabaki genuen urratsa ematea eta salatzeko jauzia egitea. Horretarako, behatz akusatzailearen sinboloa aukeratu genuen, zentzu batean tonua altxatzeko eta jendeari jakinarazteko egoerari irtenbidea eman behar zaiola.
Zeintzuk dira Sareren lehentasunak?
Sarek ibilbide lerro bat dauka, eta hori sinplifikatzen da giza eskubideetan, konponbidean eta bakean. Lehentasunen barruan dago gaurdanik giza eskubideak errespetatzea. Gaur egungo espetxe politika mendeku klabeetan dago eraikita, eta konponbide klabeetara eraman behar da. Duela gutxi aurkeztu genuen giza eskubideen urraketen urtebeteko balantzea, eta garbi ikusten da sakabanaketa eta urrunketa politika bere horretan mantentzen dela. Gainera, areagotu egin da beren herritik 800 kilometro baino gehiagora dauden presoen kopurua. Gaixorik dauden presoen zerrendak ere gora egin du. Horrez gain, zigor batuketa kontuan hartu ez zaien presoen kopurua ere hazi egin da. 7/2003 salbuespen legedia dago hor, nolabait presoek beren eskubideen jabe egiteko duten oztoporik handiena. Harritzar bat da Jose Maria Aznar Espainiako presidente zela sortu zuten ingeniaritza juridikoa, eta espainiar estatua eskubide urratzailea dela adierazten du. Frantzian ere bada hainbat presori eragiten dion salbuespen legedia bat. Mapa horrek guztiak erakusten du ez diola erantzuten egoera aldaketari. Konponbideari begira, astakeria bat da.
Blokeo egoera nola hauts daiteke?
Sareren bigarren lehentasuna hori da. Giza eskubideetatik haratago, konponbideari begira hasi behar dugu lanean. Helburua ez da lehenengo giza eskubideak errespetatu eta gero konponbidea lortu; izan ere, gauzak ez dira ordena horretan etorriko. Lehentasunezko kontua da giza eskubideena, baina presoen, iheslarien eta deportatuen egoera ere gatazkaren ondorioa da, eta irtenbidea behar du. Sarek lan egin behar du konponbideari begira ere. Uste dugu konponbidea lortzeko bidean urratsak egiteko borondatea badagoela. Euskal gizarteak bidegalun izan behar du.