Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak

Maxixatzen.eus 2016ko abe. 21a, 23:00

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen atzo arratsaldean, Donostiako Kursalean.

Joan den astelehenean Donostiako Kursaal jauregian egin zen ekitaldian jaso zuen Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen Bikain ziurtagiria. Orotara jarduera ekonomiko desberdinetako 52 erakundek jaso dute ziurtagiria; 19 entitatek urrezkoa, 22k zilarrezkoa eta 11k oinarrizko mailari dagokiona.

 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak goi mailako puntuazioa jaso du egindako kanpo ebaluazioa, eta hori aitortzen duen urrezko Bikain ziurtagiria jaso du. Guztira 52 enpresek jaso dute ziurtagiria, hiru kategoriatan banatuta: urrea, zilarra eta beltza. Azkoitiko La Guipuzcoana enpresak ere urrezko ziurtagiria jaso du; euskararekiko konpromisoaren seinale.

400 pertsona inguru elkartu dira Euskararen Kalitate Ziurtagirien 9. edizio honetan, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariarekin batera, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabal, Osasun sailburu Jon Darpon, Hizkuntza Politika sailburuorde Patxi Baztarrika eta Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañaga izan dira, enpresa, politika eta gainerako gizarte sektoreen ordezkariekin batera.

Enpresek euskararen alde duten jarreran "aurrerapauso argia" antzeman du Eusko Jaurlaritzak. 2008tik 313 enpresek jaso dute Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria; 117k, azken bi urteetan. 2016an ziurtagiria jaso duten enpresek ia 21.500 behargin dituzte. 

Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria, Eusko Jaurlaritzak duen ziurtagiria da, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen ditu. Ziurtagiria jasotzeko ebaluazio bat pasa behar da. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluazioari dagokionez, EMEk lau ardatz ditu:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo harremanak
  • Barne harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa

Aurten sektore eta enpresa desberdinetako 210 ebaluatzaile aritu dira Bikain ebaluazio prozesuari buruzko prestakuntza saioetan.

Argazkian, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko ordezkariak (ezkerretik eskuinera): Olaia Juaristi, Jaione Irizar eta Naroa Olalde.

 

Ekitaldiko argazki guztiak, hemen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide