Hartz: "Musikan euskarari egiten zaion zapalkuntza ikusita, beharrezkoa da kantak euskaraz sortzea"

Maxixatzen.eus 2016ko abe. 16a, 14:25

Argazkian, Hartz taldeko kideak. Ezkerretik eskubira: Asier Etxeberria, BeƱat Rodriguez eta Intza Arakistain.

Anarik Epilogo bat diskoa aurkeztuko du gaur gauean Elkargunean, eta haren aurretik Hartz taldea ariko da oholtzan. 19 eta 22 urte arteko hiru azkoitiarrek osatzen dute Hartz taldea: Beñat Rodriguez (ahotsa eta gitarra), Intza Arakistain (bateria) eta Asier Etxeberria (baxua). Hona hemen Maxixatzenek herriko gazte taldeari egindako elkarrizketa.

 

Noiz eta nola izan zen taldea osatzeko prozesua?

I.A.: Beñatek pare bat kanta atera nahi zituela aipatu zidan, gitarrarekin eta bateriarekin. Orduan, biok entseatzen hasi ginen. Gerora, biok bertsio gau baterako jotzeko saiakera egin genuen, eta hori izan zen Hartz taldearen lehenengo kontzertua. Asier, berriz, gerora sartu zen taldean, sei hilabetez kanpora ikastera joan zelako. Itzuli zenean, gurekin baxua jotzen hasi zen entseguetan. Horrela osatu genuen gaur egungo hirukotea.

 

Hartz izeneko zuen aurreneko maketa atera berri duzue. Zein musika mota eskaintzen duzue?

B.R.: Zaila izaten da beti norberaren musika estilo jakin batean kalifikatzea, baina zerbait zehaztearren, rockaren barnean mugitzen garela esango nuke, musika alternatiboaren kutsu ilunak gehituz.

 

Maketaren izen bera du taldeak; zergatik Hartz?

I.A.: Aurreneko kontzertua eman behar genuenean, Beñatek eta biok oraindik izenaren bila genbiltzan, eta halako batean, Hartz izena bururatu zitzaigun. Beñatek Otter izena jarri nahi zion taldeari, eukaraz, igaraba esanahia duena. Igarabak txikitako marrazki biziduna, Hartz txiki, gogorarazten zidala esan nion nik, eta, azkenean, Hartz izena bioi gustatu zitzaigun.

Axi taldean sartu zenerako izena jarrita zegoen beraz. Hala ere, gerora hirurok geunden ados taldearen izen horrekin, eta, gainera, kartelak eta diseinuak egiteko joku asko emango zigula iruditu zitzaigun.

  

Noiz grabatu zenuten maketa?

A. E.: Grabaketa lanak, urriaren 7tik 9ra egin genituen. Nahiko grabaketa intentsoa izan da.

 

Eta zein estudiotan?

A.E.: Maketa Matadeixen grabatu dugu, Josu Usobiaga Uso teknikariaren laguntzarekin. Gainera, esanahi garrantzitsua du guretzat Matadeixek: sormen asko mugitzen den tokia da, eta horrez gain, Usok bertan zeuden grabatzeko baliabideak utzi zizkigun. Horregatik guztiagatik, aukera paregabea ikusi genuen.

 

Zailtasunik izan al duzue maketa sortu arteko bidean?

I.A.: Orokorrean ez dugu zailtasun nabarmenik edukitzen, nahiko ondo funtzionatzen dugu sormen prozesuetan. Gehien kostatzen zaiguna entseguetara ordurako iristea da [barrez].

 

Non deskarga daiteke?

B.R.: Gure bandcampean doan deskarga daiteke. Bost abestiz osatutako maketa da. Formatu fisikoan, berriz, laster eskuragarri egongo da Azkoitiko taberna pare batean eta gure kontzertuetan.

  

Zein hizkuntzatan abesten duzue?

I.A.: Euskaraz abesten dugu. Hitzak euskaraz idazten ditugu, hizkuntza horretan ikasi genuelako adierazten eta uste dugulako erabaki horrek taldearen filosofia ere finkatzen duela. Gaur egun toki guztietan, eta batez ere musikan, euskarari egiten zaion zapalkuntza ikusita, beharrezkoa da kantak euskaraz sortzea.

 

Hirurontzat, Hartz al da aurreneko lana? 

I.A.: Hirurok eduki ditugu esku artean aurrera irten ez diren proiektuak. Beñatek, esaterako, bakarlari moduan atera zuen maketa bat, baina ez zuen zuzenekoekin aurkeztu. Beraz, ez du eraginik eduki taldean. Hori oso positiboki ikusten dugu, gainera, bizitzen ari garen esperientzia zerotik bizitzen dugulako hirurok.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide