Estiloa hain garbi ez badute ere, abestiak euskaraz konposatzeko hautu garbia egin dute hasieratik: “Gure hizkuntza da euskara; gure artean euskaraz hitz egiten dugu, eta gure egunerokoaren parte da hori. Era natural batean irteten zaigu letrak euskaraz sortzea”.
Talde berria da Passepartout, eta grabatutako bost kantu berri horiekin euren burua ezagutarazi nahi dute: “Inork ez gaitu ezagutzen oraindik, eta kantu horiekin jendeak hemen gaudela eta lanean ari garela jakitea nahi dugu. Geure burua aurkezteko modu bat izango da. Askotan, kontzertuak lotzeko ere lagungarria izaten da erakusteko zerbait edukitzea”.
Azpeitiko 2Noisy estudioan grabatu dituzte kantak, Aritzekin eta Oihanekin: “Ezagutzen genituen eta bagenekien nola egiten duten lana; lagunartean eta konfiantza giroan grabatzea beti da erosoa”, azaldu dute. Azpimarratu dute oso gustura ari direla lanean, lagunarte ederra sortu dutela eta horrek asko laguntzen duela. “Denok ematen dugu zerbait, eta elkar elikatzen dugu momentu guztietan, bai musika aldetik, bai alderdi pertsonalean”.
Passepartout izena du taldeak. Azaldu dutenez, koadro batzuetako markoaren eta obraren artean dagoen tarte hutsa da passe-partouta: “Inork arretarik ipintzen ez dion tartetxoa da, koadro txiki bat handi egiten duena. Duen esanahia gustatzen zaigu, eta sonoritate aldetik hitz ederra dela uste dugu”.
Aurrez musika taldeetan esperientzia duten kideek osatu dute talde berria, eta lan berriarekin hasitakoan hori antzeman egiten dela diote: “Beti da aberasgarria jende berriarekin jardutea, eta are gehiago musika arloan. Elkar ezagutu arren, taldekideetako batzuek ez dugu inoiz lanik egin elkarrekin orain arte, eta ikuspuntu desberdinak ematen dizkiegu kantuei, bakoitzak bere ekarpena eginez. Laster beteko dugu urtebete boskote hau hasi ginenetik, eta konexio oso ona lortu dugu elkarrekin; ondo ulertzen dugu elkar, eta egurra emateko prest gaude”.