Enplegua sustatzeko Ekintza Plana abiatu dute Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 10a, 16:20

Argazkiak: Iraurgi Berritzen eta Azkoitiko Udala.

Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek, Iraurgi Berritzenen eskutik, hiru urteko Ekintza Plana garatu dute, enplegua indartzeko asmoz.

Iraurgi Berritzenen XIV. Topaketak aprobetxatuz, gaur aurkeztu dute arduradunek Ekintza Plana komunikabideen aurrean, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzenen lehendakari Javier Zubizarreta buru direla.

Javier Zubizarretak esan duenez “krisia atzean utzi dugunaren sentsazioa izan arren, gaur oraindik enplegua da jendearen kezka nagusia. Udalok ez dugu lanpostuak sortzeko ahalmenik, baina gure esku dago lan bila dabilenari baliabideak eta erraztasunak ematea eta horretan ari gara buru belarri Iraurgi Berritzenetik”. Azken hilabeteetan enpleguari bultzada emateko egindako lanaren ondorioa da 2016-2018 Ekintza Plana.

Planaren helburua, nola ez, enplegu tasak hobetzea da baina baita “lan bila dabilenari arnas gune bat eskaintzea ere”. “Aurpegiak jarri nahi dizkiogu langabeziari”, gehitu du Zubizarretak.

Zentzu horretan, Ekintza Planak hiru oinarri ditu. Orientazio eta Enplegu Zentroa, Iraurgi Berritzen Lanbideren zentro homologatua delako; lan merkaturatzea errazteko profil ezberdinei zuzenduriko programak  eta bailarako lan eskaintza guztiak bateratzen dituen webgune berria: www.urolanprest.eus 

Webgunea Urola Erdiko sei herrien arteko proiektua da. Beizamak, Aizarnazabalek, Errezilek, Zestoak, Azpeitiak eta Azkoitiak hartu dute parte eta baita beste hainbat eragilek ere. Lan bila dabiltzenentzat erreferentziazko tresna izango dela uste dute bultzatzaileek. Proiektuari babesa berresteko aurkezpenean izan dira eragile gehienak.

Hain justu, erronketako bat lan bila dabilena eta lana eskaintzen duenaren arteko uztarketa da. Gaur egun, eta urriko datuen arabera, bailaran 1713 langabetu daude eta horietatik ia %70ak derrigorrezko ikasketak bakarrik ditu. “Horrelako ezaugarriak dio Iraurgi Berritzenen lehendakariak- kontutan hartzekoak dira enplegua estrategiak diseinatzerakoan”. Tokiko beharrei, tokiko erantzunak ematearen beharra azpimarratu du. “Horretarako, Iraurgi Berritzenetik ahalegin handia ari gara egiten ditugun zerbitzuak bailarara egokitzen eta bertako ezaugarrien arabera programa propioak garatzen, udalen gainetik dauden erakundeen zain egon gabe. Funtzionamendu propioa eta autonomoa nahi dugu, ahal den heinean”.

Iraurgi Berritzenek ia 900 langabeturen informazioa du, baina ia beste erdienak falta zaizkio. Horiei denei Iraurgi Berritzeneko ateak jotzeko deia egin die Javier Zubizarretak, “baditugulako laguntzeko baliabideak”.

XIV. Topaketak: “Elkarrekin eskualdea eraldatzen”

Iraurgi Berritzenen XIV. Topaketek argi utzi dute beste behin emaitzak etortzekotan elkarren arteko sinergiak batzetik etortzen direla. Hogei enpresa, Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeak eta Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalak bildu dira Topaketetan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Ainhoa Aizpuru diputatua ere bertan izan da gonbidatu gisa. “Iraultza dator. Apustu estrategikoak egitea sektore estrategikoetan egin beharra dago eta behar horietara moldatu behar dute enpresak, ikastetxeak eta erakundeak”. Etengabeko formakuntza, teknologia berriak eta “munduan zehar ibiliko den jendea” ezinbestekotzat jo ditu.

Eragileek Topaketetan lau erronka definitu dituzte, Begoña Beobide, Iraurgi Berritzenen zuzendariaren hitzetan. “Bat da talentuari nola eutsi; bigarrena da gizarte aldaketari nola erantzun; hirugarrena, nola uztartu lan eskaria eta eskaintza eta azkena da nola jorratu etengabeko formakuntza”.

Zentzu horretan, bakoitzak bere etxekolanak hartu ditu. Enpresek ikusi dute beharrezkoa zaiela talentua erakartzea “eta autokritika egin dute esanez zergatik ez den hori gertatzen, langileari eskaini beharko zaio agian ibilbide profesional bat, autonomia…”. Ikastetxeei dagokienez, metodologia berritzaileak inplantatu beharrean aurkitzen dira. Eragileek Udalei politika lokalak eskatu dizkiete eta baita gaur bezala esparru ezberdinetako profesionalak biltzeko foroak sortzea ere. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide