Nola hasi zineten irakasle lanetan Xabier Munibe Ikastolan?
Miren Odriozola: Azkoitiko ikastolan 2 urtekoentzako gelak jartzea pentsatu zuten 1991n, orduan ez baitzegoen 2 urtekoen gelarik ez Azkoitian ez Azpeitian. Hasieran, gu ez ginen irakasle; gu, biok batera, 2 urtekoen gelan haur hezitzaile hasi ginen, guraso elkarteak ordainduta. Pixkanaka, espero zena baino ikasle gehiago hasi ziren, eta bi urteren ondoren bakoitza gela banatan hasi ginen.
Belen Sagarzazu: Oraingo egoerarekin alderatuta, sekulako aldea dago. Gaur egun bost gela daude, eta gela bakoitzean hamazortzi ume. Lehen, ordea, gela bakar bat genuen hamazortzi bat umerekin eta bi irakaslerekin. Ikastetxea ere handiegia egin da.
2 urtekoen gela sortu eta bi urtera, matrikulazioa ia bikoitza izan zen. Zergatik gorakada hori?
M.O.: Jendeak ez zekien 2 urtekoentzako gelak nola funtzionatuko zuen, ez eta eskaerarik egongo zen ere. Susmoa bazegoen kalean, eta ahoz ahoko propagandak ere eragina izan zuen.
2 urteko haurrei irakasten aitzindariak izan zineten, beraz, zuek.
M.O.: Sarrera bat izan zen hasieran, inork ez baitzekien zer zen hori. Floreaga Ikastetxean ere gure ondoren jarri zituzten 2 urtekoen gelak, eta azpeitiarrek ere bai. Geu joan ginen haiei azalpenak ematera.
25 urtean gauza asko aldatuko ziren.
B.S.: Bai, asko. Esaterako, hasi ginenean irakasle denak azkoitiarrak ginen. Orain dena aldatuta dago; azkoitiarrak oso gutxi gara.
M.O.: Hasierako irakasle azkoitiar asko jubilatu egin dira, eta orain hezkuntzako zerrenden arabera aukeratzen dira irakasleak, egokitzen zaien lekura bidaltzen baitituzte.
Azkoitiar giro hori faltan botatzen duzue, beraz?
B.S.: Bai. Lehen, elkarrekin errazago eztabaidatzen genuen. Hori galdu egin da.
M.O.: Asko aldatu da irakasleen arteko giroa; oraingo harremana hotzagoa da, eskola asko handitu delako. Hasieran, irakasle denak tutoretza berean egoten ginen. Dena dela, herritarrak ez ziren bakar batzuk ere baziren orduan.
Ikasleek ikastolaren inguruan daukaten sentimendua ere hoztu egin da, publiko egin ginenean batez ere. Beste era bateko sentimendua dago orain. Guztira 73 irakasle gaude orain, eta beste mailetako irakasleak ezagutu ere ez ditugu egiten.
B.S.: Beste ikastetxe batzuetan ibili ondoren etorri diren irakasleek freskotasuna ere ekarri dute, ordea. Jende gaztea da, eta beste eskoletako esperientziak ekarri dituzte gurera. Horrela, guk berriengandik ikasten dugu, baita beraiek gugandik ere.
Argazkian, Odriozola eta Sagarzazuren 2 urteko lehen ikasleak.
Lehen, 2 urterekin umea ikastolara eramatea goizegi zen guraso batzuentzat. Zuek nola ikusten duzue barrutik?
B.S.: Haurrek ikastolan autonomia eta hizkuntza ikasten dituzte, eta hori aberasgarria da. Hitz egiten ez dakiten haurrak etortzen dira ikastolara, eta asko askatzen dira. Horrez gain, pixoihala kentzen eta gelakideekin jostailuak partekatzen ikasten dute. Haurra etxean goxo-goxo edukitzea ere ederra da, baina ikastolan balio asko lantzen dira.
M.O.: Lehen, umeen arteko harremanak parkean lantzen ziren. Orain, 2 urteko ume ia denak eskolatzen dira.
B.S.: 2 urtekoetan hasten ez direnak galduta sentitzen dira gero, 3 urtekoetan sartzen direnean; asko kostatzen zaie gelan integratzea, aurreko ikasturtetik taldea eginda dagoelako.
Halere, haurrak malguak izaten dira hasierako urte horietan, ezta?
B.S.: Bai, gurasoen beldurra gehiago da umeena baino. Esaterako, egokitze garaian gurasoak haurrarekin batera etortzen dira ikastolara, eta guraso ia denak beldurtuta joaten dira. Gogoratzen naiz betaurreko beltzekin etorri ohi zen guraso batekin; malkotan irteten zen beti gelatik haurra uztean. Haurra gelan oso ondo egoten zela esaten genion guk, gezurrik ez dugula esaten, baina gurasoaren kezka gehiago zen.
Irakasleenganako errezelorik ba al dago?
M.O.: Bai, irakaskuntzan dago errezeloa oro har. Guk, gazteak ginenean, irakasleak esaten zuena goitik behera bete behar genuen, eta ez bagenuen agindutakoa betetzen, etxean beste zigor bat jasotzen genuen. Lehen, gurasoek uste zuten irakasleak beti zuela arrazoi. Gaur egun, berriz, haurrari ia dena sinesten diote gurasoek.
Bestalde, gizartea aldatzen ari den heinean, gurasoen partaidetza ere asko aldatu da. Lehen, pentsaezina zen gurasoentzat ikastolako ekintzetan parte hartzea; orain, berriz, asko inplikatzen dira.
Argazkian, Odriozola eta Sagarzazuren 2 urteko lehen ikasleak.
Hezkuntzan irakasteko metodologia aldatu al da?
B.S.: Bai, eta berriz ere aldaketak egitekotan dira. Altzariak –mahaiak, aulkiak…– kendu nahi dituzte. Umeek mugitu egin behar dutela esan ziguten, ez zutela eserita egon behar. Gu beti ari gara egokitzen, ahal dugun neurrian.
M.O.: Beste ikastetxeetan ibilitako irakasleen ideia berriekin ere asko ikasten dugu. Material desberdinak edukitzen dituzte eskuetan, eta hortik ikasten saiatzen gara. Berritzaileak gara.
Ikasmateriala asko aldatu al dira?
M.O.: Ordenagailua sartu da, eta ipuin kontaketa ere aldatu egin da. Orain, ikus-entzunezko materiala asko erabiltzen da gelan. Aukera asko ireki dira. Hala ere, ordenagailuaren aldean, norberak kontatzen duen ipuinak beste indar bat du. Irakasleok antzerki bidez kontatzen ditugu, ez ditugu irakurtzen. 5 urteko haurren gelan ohituta daude telebistarekin eta ordenagailuekin, baina 2 urteko umeekin harreman zuzena dago. Aktore lana ere egin behar izaten dugu gehienetan.
Zertan saiatzen zarete eguneroko lanean?
B.S.: Jolasten laguntzen diegu eta kantak erakusten dizkiegu, besteak beste. Irribarre bat ateratzen saiatzen gara; umeei eguna alaitzea da gure nahia.
Zer eman dizuete ikasleek urte hauetan?
B.S.: 2 urtekoen gelan haurrek aldaketa ederra egiten dute: hitz egiten ikasten dute, harreman berriak egiten dituzte… 2 urterekin egiten du haurrak aldaketarik handiena. Ematen dizuten maitasuna handia da; pentsa, batzuetan “ama” ere esaten digute. Oso lan goxoa da niretzat.
M.O.: Haur Hezkuntzan harreman estua dugu umeekin. Adinean zenbat eta gorago joan, galdu egiten da haurrarekiko harremana. Haurraren eboluzioaren partaide izan gara, eta lagundu egin diegu. Niri horrek ematen dit poz handiena. Txikitan, lepotik helduta muxuak-eta ematen dizkizute, baina, tamalez, gerora galdu egiten da hori; lotsak-eta agertzen dira. Guk umeen heldutasunean ale bat jarri dugu, eta horrekin gustura gelditzen gara.
B.S.: Nik neure umeak bezala hartzen ditut, ez nire taldea bezala. Kalean gurasoekin ikusitakoan nik oso desberdin ikusten ditut. Ikastolan gureak dira, talde bat gara. Bizi egin behar da hori zer den jakiteko.