Gipuzkoako Foru Aldundiak "Etorkizuna eraikiz" proiektua aurkeztu du bailaran

Maxixatzen.eus 2016ko aza. 3a, 18:22

Argazkia: Azkoitiko Udala.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Markel Olano diputatu nagusia buru dela, Etorkizuna eraikiz proiektua aurkeztu du gaur, osteguna, bailaran. Egitasmoaren helburua da, batetik, proiektu pilotuak martxan jartzea, ebaluatu eta ondoren politika publikoetan txertatzea; bestetik, Gipuzkoan datozen hamar urteetan eman beharreko urratsen inguruan hausnarketa bat egitea, Gipuzkoako Plan Estrategikoa Lantzeko. "Bi arazo -esan du Olanok- ikusten genituen eta erantzun bat emateko abiatu dugu Etorkizuna eraikiz proiektua. "Etorkizunaren inguruan jendea oso kezkatuta dago”, gaineratu du. Proiektuak aintzat hartzen dituen lan esparruak hauek dira: parte hartzea, gizarte politika, kontziliazioa, berdintasuna eta euskara. 

 

Diputatu nagusia Azpeitian izan da gaur, Iraurgi Berritzen garapen agentziak gonbidatuta, tokiko eragileei egitasmoaren berri ematen. Ekitaldian proiektuan buru-belarri parte hartzen ari diren pertsonen esperientziak entzun ahal izan dira, hala nola, Eneritz Argatxa KMPGko aholkulari eta berdintasun eta kontziliazio laborategiko bidelagunarena; Unai Elorza Mondragon Unibertsitateko Pertsonen parte hartzea enpresan ikerlerroko ikerketa buruarena; eta Karlos Korta Berritek enpresako gerentearena. Iraurgi Berritzeneko lehendakari eta Azkoitiko alkate ere den Javier Zubizarretak, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Zestoako alkate Josetxo Mendizabalek ere hartu dute hitza.

 

Javier Zubizarreta: "Talde bezala ez badugu  lan egiten, berdintasuna, gardentasuna, gobernantza eta gainerakoak pikutara doaz"

Javier Zubizarretak proiektua goraipatu du, baina adierazi du proiektuen gainetik pertsonak daudela eta benetan inportanteak pertsonak direla edozein ekimenetan. “Talde bezala ez badugu jokatzen, berdintasuna, gardentasuna, gobernantza eta gainerakoak pikutara doaz. Pertsona estimatu, baloratu, egin behar da. Enpresan, langileak enpresa bultzatu behar du, eta enpresak langileak egiten duen ekarpena kontuan hartu; guztia elkar errespetatuz. Ez dago beste modurik. Pertsonak elkarrekin eta elkar errespetatuz, hori da bidea gauzak aurrera ateratzeko”. Gainera, esan du proiektuen inguruan “joko garbikoa” izan behar dela, “arazoak daudenean garbi azalduz”.

 

FV4A3546

Hain justu, enpresa eta enpresa mundua jorratu dituzte gonbidatuek. KPMGko Eneritz Artxagan berdintasun esparruan egiten ari diren lana azaldu du. Momentu honetan berdinasunari dagokionez Gipuzkoaren erradiografia egiten ari dira. Behin hobekuntza ildoak definitutatakoan, estrategia landu eta esperientzia pilotua martxan jarriko dute hainbat enpresetan, gero zabaldu ahal izateko.

Langileriaren parte hartzea eta honek langileen inplikazioan eta motibazioan duen eragina izan ditu hizpide MUko Unai Elorza ikertzaileak. 65.000 inkesta dituzte eginak eta datuak baieztatzeko inkesta kopurua hirukoiztu edo laukoiztu egin behar dela esan du. “Momentu honetan pertsonen parte hartzea enpresan arte bat da. Gai izango gara erreproduzitzeko? Hori da helburua”.  

Bere aldetik, Berritek enpresako gerente Karlos Kortak eurek egindako hobekuntzak azaldu ditu. “Duela sei urte konturatu ginen enpresa txikiek zaila zeukatela langileei eusteko eta zenbait neurri hartu genituen: ordutegi malgua, ahalik eta langiro ona… Neurri batean hori nahiko erraz lortu genuen baina jendea inplikatzea nahi genuen eta hori zailagoa zen”. Azaldu duenez, horretarako Iraurgi Berritzenen proiektu batean sartu ziren lanaren antolaketa hobeto kudeatzeko: “Orain astero egiten ditugu bilerak eta bakoitzak azaltzen du nola doazen bere lanak, zer behar dituen…”.

Hiru zeharkako ardatz

Etorkizuna eraikiz egitasmoak hiru zeharkako ekimen ditu. Lehen ekimenak, nazioartekotze sareak, proiektua mundura ireki, kontrastea egin eta kanpoko esperientzia aberasgarriekin elikatzea bilatzen du. Hau da, atzerrira irten, proiektu interesgarri eta arrakastatsuak aurkitu eta, lurraldearen errealitatera egokitu ostean, inportatu. Aldi berean, Gipuzkoa nazioarteko topagune eta sareekin konektatu eta eragile aktibo bilakatzearen alde lan egiten ari da, mundu mailako think tank nabarmenenekin zubiak eraikiz.

Ikergunek, bere aldetik, lurraldeko ekosistema akademikoaren aktibazioa du xede, Etorkizuna eraikiz osatzen duten programa ezberdinei babesa eta sostengua emateko. Lurraldean egoitza duten lau unibertsitateak hartzen ari dira parte eta euren ekarpena esperientzia pilotuen azterketa eta proiektuen ebaluazioa, emaitzen hedapena eta Etorkizuna eraikiz proiektuaren inguruan sortutako eztabaidetan hitza hartuz gauzatzen dute. Hirugarren zeharkako ardatza gizarteratze prozesua da, lurraldearen erronkak eta proiektuaren ondorioak gizartean hedatu, eztabaidatu eta partekatzeko helburua duena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide