Udal ordenantza kontinuistak onartu dituzte, familia ugarientzat zerga hobariak ezarriz

Maxixatzen.eus 2016ko urr. 27a, 12:50

Azkoitiko Udalak ordenantza kontinuistak onartu ditu 2017rako, irizpide gisa orokorrean gaur egun indarrean daudenak mantenduz. Hori dela eta, familia ugariei hobariak aplikatuko zaizkie. Esaterako, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergan %75 arterainoko kenketa egingo zaie eta zineko sarreretan ere deskontuak egingo zaizkie. Bestalde, hobariak ezarriko dituzte ibilgailu hibridoentzat eta elektrikoentzat.

 

Familia ugariei prezio murriztua egingo zaie zineko sarreretan, %20ko hobaria aplikatuz. Hau da, 5 euroko sarrera 4 euro ordaindu beharko dute. Halaber, ikuslearen eguneko edota haur zineko sarrera 3 euro denez, 2,50 euro ordainduko dituzte.

Ordenantzetan gehitu den beste nobedadea da ibilgailu hibrido eta elektrikoei ezarritako hobaria, %50eko eta %70eko deskontua egingo baitzaie ibilgailuen gaineko zergan. Ibilgailu jasangarrien erabilera sustatzeko neurria da.

Iazko irizpideari eutsiz, udal gobernuak biztanleko presio fiskala erdi mailan kokatu nahi izan du Gipuzkoako beste 20 udalerrik osatutako zerrendan. Baina herri askok oraindik ez dituzte tasak egokitu Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azken ondasun higiezinen balio katastralen berrikuspenera, eta, ondorioz, ez da posible oraindik 20 herrien zerrendan dagokion posizioa finkatzea.

Azkoitiak ekainean onartu zuen Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), balio katastral berriak aintzat hartuta, eta aurki etxe guztietan informazio zehatza jasoko dute, aurreko eta egungo balio katastrala azalduz eta baita ere zegokion eta dagokion tipoa.

Bestalde, iaz Udalak etxe hutsei OHZ kentzea erabaki zuen, eta 2017an ere berdin jarraituko du.

Uraren eta zaborraren tasak

Tasa gehienek ez dute aldaketarik jasango, urarenak eta zaborrarenak izan ezik. Uraren kasuan, kontsumoari dagokion tarifa igo egingo dute, eta aldiz, tarifa finkoak murriztu egingo dituzte. Kontsumoaren arabera, fakturak behera ere egin dezake.

Edonola ere, eta kontzeptu guztiak kontutan hartuta, ur etxetiarraren tasa, batezbeste, %2,3 igoko da, eta ez etxetiarra, berriz, batezbeste, %6,6 murriztuko da.

Udal tarifen eta Gipuzkoako Urak-ek aplikatzen dituen prezioak parekatzearen beharrari erantzuten diola azaldu du Udalak doikuntza horrek. Gipuzkoako Urak arduratzen da 2009tik uraren ziklo integrala kudeatzeaz, eta orduan erabaki zuten erakunde bien arteko tarifak, 2020ra bitartean, pixkanaka berdintzen joatea.

Zaborren kasuan, %3ko igoera izan da ordenantzetan; ezinbestekoa dela azaldu dute egungo estaldura maila mantentzeko. 2010etik hona, GHK-k finkatzen duen isuriaren kostuak, hau da, Lapatx zabortegira zaborra botatzeagatik Udalak ordaindu beharrekoak, gora egin du eta aurreikusten den bilketa sistema berria merkeagoa izango den aren, tratamendua garestitu egin da, eta horrek eragin du igoera.

Elkargunea

Elkargunearen kasuan egungo tarifak mantenduko dira.

Udalbatza

Asteazkeneko udalbatzan ordenantza fiskalen inguruko hiru puntu bozkatu zituzten.

2017ko ekitaldirako ordenantzen aldaketa EAJren aldeko botoekin eta EH Bildu eta Azkoitia Bairen kontrako botoekin onartu zen. PSE-EE abstenitu egin zen.

Ur hornikuntza, saneamendu eta azpiegituren tasak bozkatzerakoan, berriz, aldeko botoa eman zuten EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Baik. PSE-EE abstenitu egin zen.

Bestalde, Elkargunearen tarifak EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu ziren. Azkoitia Baik kontrakoa eman zuen, eta PSE-EE abstenitu egin zen.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide