Ilusioa dagoen tokian, ezer gutxi behar izaten da. 1996an, udaberriko egun batez, Azkoitiko Etxe-Aitz tabernan lagun talde bat elkartu zen. Tartean zen Idoia Alberdi: “Kezka antzekoak genituen, euskararen inguruan-eta. Faltan sumatzen genuen herrian komunikabide bat. Ideiak botatzen hasi ginen, eta gogoeta handiegirik egin gabe, Maxixatzen aldizkaria sortu genuen. Ti-ta egin genuen”. Martxoan elkartzen hasi, eta abuztuaren 14an kaleratu zuten lehen zenbakia. “Bela pentsatuko zenuten hogei urtera iritsiko zinetela!”, dio Olaia Juaristik, Maxixatzen herri komunikabideko egungo kazetariak.
Hasiera hartan, argi zuten zein zen helburua: euskararen normalizaziorako tresna izango zen herri komunikabide bat sortzea. Hortik aurrera, ezer gutxi zekiten eta zeukaten. “Ez geneukan ezer: ez zentimorik, ez lokalik, ez azpiegiturarik… Lagun baten etxean elkartu, eta geure ordenagailuekin moldatzen ginen. Ordu pila bat pasatzen genituen. Egunero-egunero elkartzen ginen, 20:00ak aldera, eta ordu txikiak arte jarduten genuen. Sekulako ilusioa genuen”.