"Bake Ituna" proiektua ikusgai Parrokian, hilaren 10etik aurrera

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 4a, 10:00

Prentsaurrekoa eman dute Azpeitiko eta Azkoitiko kultura zinegotziek, Josu Labakak eta Sonia Vázquezek, Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegik, "Bake itunaren" komisario Pedro G. Romerok eta Juan Luis Moraza artistak.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuko proiektuetako bat da Bake Ituna, eta Azkoitira Mitra Farahani artistaren eskutik iritsiko da irailaren 10ean. Abuztuaren 30ean, pasa den asteartean, aurkeztu zuten Farahani margolari eta zinemagilea Azkoitirako egiten ari den lana, Aldiriak atalaren barruan. Iraniarrak haur soldaduen sakrifizioaren ikonografian oinarrituta bi mural egingo ditu, eta Parrokian egongo dira ikusgai urriaren 16ra bitartean. 

 

Aurkezpenean izan ziren Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegi, Bake Itunaren komisario Pedro G. Romero eta Juan Luis Moraza. Udal ordezkari gisa, Azpeitiko eta Azkoitiko kultur zinegotziak izan zituzten bidelagun, Josu Labaka eta Sonia Vázquez, ekimenaren laguntzaile eta koordinatzaileekin batera.

Vázquezek eskertu zien  "itsu itsuan Donostia 2016 proiektua hiriburura mugatu ordez, herrietara zabaltzeko ahalegina".

Le recyclage moderne des enfants sacrés

Mitra Farahanik “Le recyclage moderne des enfants sacrés” izenburupean egindako lana Parrokian hil honen 10ean inauguratuko da goizeko 11:30ean. Farahank azaldu du bere lanari erreferentzia eginez, haur sakrifikatuen inguruan dauden mito erlijioso edo paganoak hor dauden arren, gerra modernoen testuinguruan, Erdialdeko Ekialdean batez ere, oharkabean berpizten ari dela figura “sakratu” hori, “bertsio mitologiko eta antzinakoetan bezainbesteko distira duten indarkeriazko ekintzen erdian. Haur soldaduaren, haur suizidaren edo haur esklaboaren ezaugarrien atzean –haur esklaboak gaur egungo santu eta martirien irudikapen gorena izango lirateke-, kausarik eta aberririk gabeko belaunaldi bat dago, egiazko gurasorik ez duena, Estatuaren eta horren boterearen indarkeriari aurre egiten diona, botere dibino zein profanoari, profanatzaile ere badena, nazioarteko terrorismoaren kasuan”.

IMG 4883ret

 

Mitra Farahani

Teheranen jaio zen (Iran), eta Paris nahiz Erroma artean bizi da, eta bereziki hiri horietan egiten du lana. 2001ean zuzendu zuen bere lehen dokumentala, Juste une femme. Film hartan, Irango transexualitatearen gaia jorratu zuen. Filma Berlingo Zinema Jaialdirako hautatu zuten. Gero, Zohre et Manouchehr/Tabous pelikula zuzendu zuen eta ondoren Behdjat Sadr, Le Temps suspendu. 2009ko azaroan, Nantesko Le Lieu Unique-ren Hiru Kontinenteen Jaialdian, artelan plastikoen diziplina anitzeko erakusketa zabaldu zuen. 2012an, Fifi hurle de joie film luze dokumentala zuzendu zuen, Irango arte moderno eta garaikidean figura mitikoa den Bahman Mohassess artistari buruzkoa. Hainbat zinema-jaialditan parte hartzeko hautatu zuten filma: Berlin (2013), Telluride, New York eta Parisko Cinéma du réel.

2014an, Parisko Arte Modernoaren Museoan eta Erromako MAXXI Museoan jarri zituzten ikusgai bere David et Goliath n°45film laburra (Villa Borghesen filmatua) etabere Prends ma tête et arrête de me prendre la tête marrazki-seriea, «Unedited History» erakusketaren barruan. 2015ean, Frantziako Akademiaren beka bat jaso zuen Erroman, Villa Medici (2014-2015), eta, horri esker, bere hurrengo filmerako gidoia idazten ari da, bai eta bukatzear daukan A Vendredi Robinson proiektua zuzentzen ere. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide