Mangaixue BTTko antolatzaileak: "Parte hartzaileak gustura gelditzea nahi dugu"

Maxixatzen.eus 2016ko ira. 2a, 08:00

Martxaren antolatzaile guztiak: Iñaki Arrieta, Jon Larrañaga, Iker Alkorta, Iban Beristain, Xabier Goenaga, Ixaka Oñederra, Ander Garate eta Enaitz Eizagirre.

Irailaren 17an, zapatuan, izango da Azkoitian lehen aldiz mendiko bizikletako mendi martxa. Mota horretako martxen zale diren Azkoitiko gazte batzuk beste herrietan ikusitakoa jaso eta herrira ekarri nahi izan dute. Martxan izena emateko azken eguna, irailak 15ean izango da. Maxixatzen antolatzaileekin izan da martxaren antolaketa lanak nola bideratu dituzten eta euren helburuak zeintzuk diren ezagutzeko.

 

Nolako ibilbidea izango da?

Zailtasun ertaineko ibilbidea da. Hori bai, aurrez ezin dugu esan zein izango den ibilbidea, bestela jendea martxa prestatzen hasten da. Gainera, antolatutako ibilbidearen alboan bizi diren baserritarrak haserretzeko eta aspertzeko arriskua dago.

Bi anoa postu egongo dira: lehena, hamargarren kilometroan egongo da, eta bigarrena, hogeigarrenean. Bi ibilbide egongo dira: luzea, 33 kilometrokoa izango da, eta motza, 25 kilometrokoa.

Zeintzuk dira lasterketaren nondik norakoak?

Irteera Plaza Berrin izango da 15:30ean, eta helmuga irteerako lekuan bertan izango da. Izena ematen duten guztiek gel eta barra energetikoak jasoko dituzte. Martxa amaitutakoan dutxatzeko aukera egongo da Elkargunean, eta bizikletak garbitzeko aukera, berriz, Ibai-Ondon, Udalak jarritako mangeren bidez.

Zergatik jarri diozue martxari Mangaixue izena?

Hasieratik herriko hitz bat jarri nahi genion martxari. Mangaixue herriko hitza da, eta giharretako mina edo nekea esan nahi du. Martxa gogorra izango da, neketsua eta herrikoia, guk hori irudikatu nahi izan dugu.

Mendiko bizikletan ibiltzea modan dago, ezta?

Bai; jende asko mugitzen du modalitate horrek, eta Azkoitian behintzat afizioa badago.

Zein da zuen helburu nagusia?

Batez ere, parte hartzaileak gustura gelditzea nahi dugu. Gu beste herrietako hainbat mendi martxatara joaten gara, eta guri gustatzen zaiguna da martxaren ibilbidea eta amaiera ederra izatea eta antolatzaileek tratu ona ematea. Horregatik, guk horixe nahi dugu orain Azkoitian parte hartuko dutenentzat.

Zenbat parte hartzaile espero dituzue?

Gehienez, 300 pertsonak eman dezakete izena. Ez dakigu beteko den edo ez, baina guretzat ikaragarria litzateke betetzea. Ea eguraldiak laguntzen digun. Guk neskak eta mutilak animatu nahi ditugu, baina, batez ere, neskak. Euskal Herrian izaten diren martxetan neska gutxi ikusten dira, eta parte hartzera bultzatu nahi ditugu.

Zenbat boluntario zarete?

40-50 lagun inguru izango gara, gehienak kuadrillakoak, eta horiez gain, sorosleek eta udaltzainek ere lagunduko digute. Asko gara, eta aldea da horrelako gauza bat antolatzerako orduan.

Martxa antolatzerakoan zerk eman dizue zailtasunik handiena?

Dendariei dirua eskatzea ez da ederra izan, baina ia denak oso eskuzabalak izan dira gurekin; babesle asko lortu ditugu. Bestalde, lursailak norenak diren jakiteak eta jabeei baimena eskatzeak ere lana eman digu. Gainera, lursail askotan abereak egoten dira, eta ateak irekitzeko baimena eskatu behar da. Lan horiez gain, bidea garbitu behar da, 300 bizikleta eta beste ibilgailu batzuk ibilbidetik pasatzeko.

Non eman behar da izena?

Kirolprobak.com atarian sartu behar da izena emateko, edo bestela, Azkoitiko Etxeza harategian ere eman daiteke. Federatuek 10 euro ordaindu behar dute (mendian federatuta egotea eta mendiko bizikleta aukeratuta izatea nahia da) eta federatu gabeek 13 euro. Anaitasuna Mendi Bazkuna barrutik ari gara antolatzen; gure kabuz egingo bagenu, ez zuen balioko lizentzia mota horrek.

Sare sozialetan ere lanean ari zarete.

Bai; publizitatea egiteko modurik onena hor dagoela uste dugu. Gainera, beste herrietako jendearengana iristeko modurik errazena hori da. Kartelak jarrita ere egin daiteke, baina zailagoa da; hiru egunetara desagertzeko arriskua dago eta. Bideoak egiten ditugu, eta jende askok ikusten ditu.

Zerbait aipagarririk izango al da?

Martxan zehar ustekabekoren bat edo beste egongo da. Beste inon ikusi ez den ezustekoa izango da. Horrez gain, zozketak ere egingo dira Plaza Berrin, martxa amaitutakoan. Zozketa horietako batzuk herriko merkatariek egindako opariak izango dira (kirol materiala, dendetako baleak, liburu elektronikoa, mailotak, janariak, edariak, produktu otarrak, bidaiak…) eta beste batzuk, geuk aterako dugun diruarekin erositakoak. Horrelako gauzek erakarri egiten zaituzte martxara joaterako orduan. Zozketaren hasieran musika eta giro ona jarriko dugu, eta gero, taula handi batzuetan, dortsalen arabera jarriko ditugu sariak.

Arau berezirik jarri al duzue?

Mendiko ibilbidea denez, ingurugiroa errespetatzea nahi dugu. Horrez gain, kaskoa jantzita eramatea, bidegurutzeetan arduraz jokatzea. Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko.

Datozen urteetan berriz antolatzeko asmorik ba al duzue?

Bai. Hau ez da aurten antolatu eta bertan behera uzteko kontu bat. Jarraipena eman nahi diogu. Antolatzen jarraituko dugu, nahi ez genukeen ezer ez bada gertatzen. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide