Estrada kalearen eta Parrokiaren arteko zatian, zanga bat ireki zuten, eta kotarik baxuenean lurperatutako fosa batekoak ziren lohizko depositu arkeologikoak topatu zituzten. Arrasto horien interes arkeologikoa baloratzeko eta, ezinezkoa denez obra zibil bat indusketa arkeologiko batekin bateratzea, hiru zundaketa gehiago egin zituzten, eta frogatu zuten lohi maila lur-arrasetik -1,80 metrotik gutxienez -3,30 metroko sakontasunera zegoela. Zundaketei esker, gainera, XIV-XV mendeetako material arkeologikoa berreskuratu dute.
Aurretik Erdi Aroko hiribilduko arrastoak topatu arren, hirigunea babesten zuen lubaki baten existentzia ez zegoen baieztatuta. Kontutan izan behar da hiribildua eratu ostean 1324an San Martingo ermitaren inguruan, 1331n asentamendua Baldako monasteriora lekualdatu zela. Herriaren tokialdatzeak hiri-espazioaren berrantolaketa ekarri zuen: batetik, ibaia zegoen eta, bestetik, orain frogatu dutenaren arabera, mendebaldetik lubaki batek babesten zuen. Harresi batek ixten zuen asentamentua etxe-torreak eraikiz sarrera nagusietan.
Kontrol arkeologikoan jasotako testigantzen arabera, harresiaren ondoan zegoen lau metroko zabalera zuen lubakia, Kale Nagusiaren atzekaldetik igarotzen zen eta Plaza Balda parean bukatu. Babes funtzioa utzi zionean, lubakia lohiz bete zen eta XVI. menderako bere trazatu gainean Parrokia eraiki zen.
Harresien berri ematen duten dokumentatutako aipamenak urriak badira ere, lurperatutako lubakien inguruan ez dago ezer. Alabaina, metodologia arkeologikoari esker arazo horri konponbidea bilatzen ari dira, Gipuzkoako fortifikazioen ezaugarrien inguruko ezagupena zabalduz. Orain arte, Elgoibar, Azpeitia eta Urretxuko lubakiak ezagutzen ziren; orain Azkoitikoa gehitu behar zaie.