2008tik zara Jasokunde kooperatibako presidente. Nolako esperientzia izan da?
Gustura aritu naiz. Talde lanean aritu izan gara beti; ahalegin pertsonala ere egin dut, eta besteak baino pauso bat aurrerago eta kezkatuago egon naiz askotan, baina talderik gabe ezin izango nuen ezer egin. Taldeak babesa ematen du, eta, gainera, oso giro ona izan dugu lantaldean.
Bestalde, Domusa kooperatiban zortzi urtez ibili nintzen lehendakari, eta beste lau urtez kontseilu errektoreko bazkide ere izan nintzen. Kooperatiba bateko esperientzia, beraz, lehendik nuen, eta saiatu naiz han jasotako kooperatibako balioak ekartzen.
Zeintzuk dira zuen zereginak?
Jasokunderen zeregin nagusia da gure bezeroen bitartez sartzen diren diru sarrerak bazkideen artean banatzea.
Zer abantaila dituzte bazkideek?
Bazkide guztiek %6ko deskontua dute BMko edozein dendatan. Horrez gain, urtean 6 euroko Gabonetako loteria ematen diegu, eta batzarreko egunean 100 eta 135 euroko balioa duen otarre bana banatzen diegu. Azken zazpi urteetan guztiei ematen ari gara otarrea.
Zenbat bazkide dituzue?
624 bazkide ditu gaur egun Jasokundek.
Zertan aldatu da hasierako urteetatik Jasokunde?
Izan ziren urte txarrak, baina, ni kontseilu errektoreko partaide izan baino lehenago, aurreko partaideek lan gogorra egin zuten egoerari buelta emateko eta diru erreserbak egiteko. Horri esker, orain banatu egiten dira irabaziak, dauden fondoak mantenduta. Helburua ez da diru kopurua handituz joatea, sartzen dena banatzea baizik, galerarik sortu gabe.
Egoera onean utziko al duzu kargua?
Oraintxe bertan baldintzak aldatu egin zaizkigu ogasunarekin, txarrera: gure irabaziak oso txikiak izaten ziren, eta guk bazkideei ematen dizkiegun abantaila guztiak lehen ogasunak gastu bezala hartzen zizkigun. Orain, aldiz, ez. Horregatik, zerga batzuk ordaintzera behartu gaituzte aurreneko aldiz. Beraz, bazkideei ematen genizkien oparien balioa gutxituko dugu, ogasunari diru gehiago emateko. Hala ere, jendea gustura gelditzeko modua egingo dugu, eta hala izango da, seguru.
Herriko batzarrik jendetsuena izaten da Jasokunderen bazkideena.
Bai, hala da. Jendea zain-zain egoten da batzarreko eguna noiz iritsiko. Herritarrek badiote halako estimu bat Jasokunderi. Batez ere, adineko jendea joaten da. Eibartik eta Donostiatik ere etortzen dira bazkideak.
Zer onura ditu kooperatibismoak?
Elkarte batean bezala lan egiten da kooperatiba batean, eta dena denentzat izaten da. Denok denon laguntasuna eta inplikazioa eskatzen dugu.
Zergatik utziko duzu kargua?
Zortzi urte nahikoa izan dira, eta uzteko garaia iritsi zait. Orain aurpegi berriak etor daitezela, eta gauzak egiteko aukera izan dezatela talde lanean. Kontseilu errektoretik lau kide aldatuko gara, eta beste lau geldituko dira. Nik uste datozenek ere dagoen bideari jarraituko diotela.
Azkoitian kooperatibismoaren hutsunea nabaritzen al duzu?
Kooperatiba ona da, hori dudarik gabe. Kalteak ere baditu, baina abantailak gehiago. Lehen hiru bat zeuden Azkoitian, eta orain ez. Ordea, ederra izango litzateke gaur egun gazteek duten egoera txarrarekin; beti kanpora irteten denak eta... Zeinek esango zuen Errezilen ere 200 pasa langile dituen enpresa bat egongo zenik? Laboral Kutxarekin eta Mondragonekin batera gazte batek proiektu on bat aurrera eramango balu, laguntza izango luke, eta ederra izango litzateke.
Zein da horren ezaugarri onena?
Nik biak ezagutu ditut, kooperatiba eta enpresa pribatua, eta bizimodurako eta lanerako askoz hobea da kooperatiba. Pertsonen filosofian, askoz aurreratuago daude kooperatibak. Noski, jendearen inplikazioa ere funtsezkoa da. Egoera askoz hobea da kooperatiba batean: lasaiago eta beste konfiantza batekin aritzen zara lanean, beste askatasun batekin. Lankideen arteko harremana ere gehiago lantzen da, eta lanpostuak ematen duen segurtasunarekin lasai egoten zara.
Hurrengo presidentearentzako aholkuren bat?
Lagun talde bat bezala hartzeko, lasai eta umore onarekin. Ez dago konplikaziorik; hala ere, zer pentsatua ematen dute zenbait gauzak, ahal den ondoena egin nahi izaten ditugulako gauzak. Jendea inplikarazi ere egin behar da.