Julen Alberdi: "Etxean egindako lana plazan eginez gero aukerak izango nituela ikusten genuen"

Maxixatzen.eus 2016ko uzt. 8a, 10:55

Julen Alberdi Gurea pìlotalekuan jokatu zen aizkora saioan.

Julen Alberdi Zinkunegi "Txikia IV.a" (Azkoitia, 1991) Gipuzkoako Lehen Mailako aizkolaria da. Pasa den larunbatean Usurbilen Bigarren Mailako txapelketa irabazi zuen. Lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor ebakitzeko, 13 minutu eta 46 segundo behar izan zituen.

 

Ezustean iritsi zaizun igoera izan al da?

Maiatzaren 22an, Aian jokatu zen lehen kanporaketa, eta hirugarren postuan amaitu nuen. Ez zen denbora tarte handirik izan aurrekoekin, eta erreferentziak hartzeko balio izan zidan. Etxean egindako lana plazan eginez gero aukerak izango nituela ikusten genuen. Halere, Eneko Otaño oso ondo aurkitzen zen, bagenekien zaila izango zela. Etxean egindako lana plazan ez erakustea zen nire ardurarik handiena. Zorionez, ez zen horrelakorik gertatu.
 

Non egon zen denbora hori lortu eta mailaz igotzeko gakoa?

Nire ustez, emaitza honen arrazoia eguneroko lana izan da, etengabeko entrenamendu onak egitean egon da gakoa. Askotan emaitzak eta hobekuntzak berehala ikusi nahi izaten ditugu, baina pazientzia izatea ezinbestekoa da.
 
Noiz hasi zinen aizkorarekin lehen urratsak ematen? Zein izan zen arrazoia?

Etxean aizkoran ibili diren kide bat baino gehiago ditut: aita, osaba eta aitona, besteak beste. Txikitatik ezagutu izan dudan kirola da. 18 urterekin izan nuen nire lehenengo erakustaldia, baina ikasketak zirela eta, alde batera utzita izan dut hainbat urtean.

 
Noiz eman zenuen lehiaketetan lehiatzen hasteko urratsa?

Aurretik zenbait erakustaldi eginak banituen ere, 2013. urtean aurkeztu nintzen lehenengo aldiz txapelketa batera, Euskadiko Hirugarren Mailako Txapelketara. Ez nuen finalera sailkatzerik lortu, eta 2015. urtera arte ez nintzen berriz aurkeztu. Iaz hasi nintzen berriz behar bezalako prestaketekin, Euskadiko Hirugarren Mailako Txapelketara aurkeztu bainintzen berriro.
 
Zein izan da orain arteko zure ibilbidea?
 
Pasa den urtean, Euskadiko Hirugarren Mailako Aizkolari txapelketan bigarren sailkatu nintzen, eta ondorioz, Bigarren Mailara igotzea lortu nuen. Aizkolarien maila nabarmen igotzen dela ikusita, Bigarren Mailako Txapelketa prestatzen ibili naiz.
 
Bestalde, aurten Gipuzkoako Bigarren Mailako Txapelketara ere aurkeztu naiz, hasiera batean lan txukun bat egiteko asmoarekin plazaratu nintzen, txapelketa irabazteko aukerarik ez bainuen ikusten. Gauzak bikain joan zaizkit, eta orain Euskadiko Bigarren Mailako Txapelketarako prestatzen ari naiz.
 
Bigarren Mailatik Lehen Mailara egingo duzu jauzia orain. Asko aldatuko da lehiatzeko modua? Zertan aldatuko da?
 
Lehen Mailan egin behar den lana, Bigarren Mailakoarekin alderatuta, bikoitza edo handiagoa da. Oso maila altua da. Egurrekin ere aldea izaten da, handiagoak sartzen dira, oinbikoak, eta teknika aldetik fin ibili beharreko lana izan ohi da. Datorren urtean oso erronka handia dudala uste dut txapelketa honekin.

Zein da astean zehar egiten duzun prestaketa?
 
Denetik egiten dut, aizkora saioren bat edo beste, mendira ere asko joaten naiz, Irukurutzeta aldera. Beste egunetan, berriz, kiroldegira joaten naiz indar ariketak egitera.
 
Gipuzkoako Txapelketan lortu duzun balentria lortu eta gero, Euskal Herriko Txapelketan lehenengo mailara igotzeko moduan ikusten zara?
 
Euskadiko Bigarren Mailako Txapelketan oso maila altua dago, eta Lehen Mailara igo nahi badut, asko prestatu beharko dut. Igoera lortzeko lehian maila altuko aizkolariak daude, eta haien artean sartzea handia litzateke niretzat. Orain arte bezala, nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, ilusio handiz. Ikusiko dugu lehen bi postuetan sartzeko gai naizen, horrek Lehen Mailara igotzeko balioko baitu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide