Juan Luis Zabala: "Irudipena dut behiala izan ginen gazteak dezepzionatu egingo genituzkeela"

Berria 2016ko eka. 29a, 09:17

Argazkia: eitb.eus

Etxeko txakurrak berpitzarazi zion erdi itzalia zuen literatur sorkuntzarako bulkada; «disimulurik gabeko» ni-ari tiraka, gizonezko belaunaldi baten kontraesan eta beldurren inguruko nobela zintzoa ondu du. Idazleak bere lekua topatu du eta euskal literaturak idazle bat berreskuratu du. «Urte batzuk baneramatzan literatur generoetan sartu ezinda. Idazteko gogoa nuenean, Inon izatekotan blogean idazten nuen.

 

Kostatzen zitzaidan literaturaren artifizialtasun horretan sartzea, eraikuntza horretan sartzea». Txisturi, etxeko txakurrari, ornoarteko espondilitisa diagnostikatu ziotenean, harekin zuen harremanari buruz «apunte solteak» idazten hasi zen, «baina poliki-poliki beste gai batzuk sortu ziren»: kirolzaletasuna kulturzaletasunari irabazten ari zitzaion espazioa, generoari eta migrazioari loturiko auziak, familia... Ez zuen hasierako asmoa nobela bat idaztea Juan Luis Zabalak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963). 2000. urtean idatzi zuen orain arteko azkena, Agur, Euzkadi (Susa). Apunte haiek nobela traza hartzen ari zirela ikusita, eta besteak beste Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburuaren idazketa moldeak animaturik, aurrera egitea erabaki zuen, ordea: «Nobela arraroa iruditu zitzaidan hasieran, baina...». Baina amaitu zuen, eta Kutxa Irun Hiria nobela saria eskuratu ere bai. Urte luzez —bi hamarkadatik gora— kultur kazetari gisara lanean aritu ostean, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn, iazko urte amaieran kazetaritza uztea deliberatu zuen. Kazetaritzak «nekatua» zuen, nekatua kulturaren ekosistemak ere, eta idazketaren bidez barne gatazkak azaleratu ditu, apaindura urriz, ohiko zintzotasun markaz.

Futbol liga amaitua dago. Denbora gehiago daukazu orain liburuak irakurtzeko?

Futbolak denbora ez dit kentzen; ez denbora askorik, behintzat. Egia da liburuko pertsonaia bezala, Realak jokatzen duen une horretan ez nagoela gauza askotarako. Baina, gainerakoan, ez dit denbora askorik kentzen.

Zure zaletasunak ezagututa, harrigarria egiten da txirrindularitza ia ez azaltzea. Futbola bera baino literarioagoa izan da, gainera, historikoki...

Bai, kasu honetan aipamen txiki bat badago pertsonaiak Tourmalet igo duela-eta pozik dagoelako. Txirrindularitzarako zaletasuna txikitatik datorkit, eta ez dut sekula utzi, baina futbolarena bai, utzi nuen, eta berriro azaltzea izan da gauza bat ni ere harritu egin nauena. Gizartean futbolak askoz ere pisu handiagoa du. Iruditu zait nobelarako egokiago zela; batetik, neure barruan sentitu dudanak harritu nauelako, eta, bestetik, lotuago dagoelako gizartearekin.

Kirolaren mundua sarri izan da menostua kultura munduan, eta alderantziz ere bai, ziurrenik. Baina biak ala biak ez al ditu batzen, hain zuzen ere, arbuiagarri dituzten hainbat kontuk?

Bai, azkenaldian bai, behintzat. Ebento handietarako joerak, adibidez; futbolean, esaterako, herrietako taldeek ez daukate lehen zeukaten jarraipen eta oihartzuna. Badirudi derrigorrean lehen mailan egon behar dela, edo Txapeldunen Ligara iritsi behar dela. Eta literaturan, edo kulturan oro har, badago horretarako joera. Badirudi herrikoa edo norberarengandik gertu dagoena gutxietsi egiten dela. Horrekin batera... lehiakortasuna eta komertzializazioa. Atzean geratzen dena desagertzeko arriskua...

... botereak biak ala biak bere egin eta erabiltzen dituela...

Baita hori ere. Lehen esaten zen futbola panem et circenses zela herriarentzat. Erromatar zirku moduko bat. Herria beste gauza batzuekin entretenitzeko eta berotzeko modu bat. Eta ez dakit kultura ere ez ote den hori bihurtzen ari gaur egun.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide