65 lagunek –bost ekoizlek eta 60 kontsumitzailek– osatzen dute Oreka elkartea, eta guztiek garrantzi berezia ematen diote osasuntsu jateari eta ingurumenari.
Lia Ariño Orekako arduradunetako batek azaldu du ekologikoa jatea "osasunean inbertitzea" dela, elikagaiek transgenikorik ez dutelako. Prezioz, berriz, "pixka bat gehiago” ordaindu arren “askok pentsatzen dutena baino gutxiago" dela dio. "Bazkideek deskontu bat dute, gainera, eta konpentsatzen du".
"Janari garbia jateko kontzientzia asko areagotu da", gaineratu du Ariñok: "Alemaniarekin alderatuta, adibidez, kontzientzia oso apala da, baina ari gara pixkanaka. Gazteek gero eta gehiago kontsumitzen dute; batez ere, umeak dituztenek. Hasieran, denda ireki genuenean, asko kostatu zitzaigun negozioa aurrera eramatea; orain, berriz, jende asko etortzen da. Gainera, eskaeraren arabera eskaintza gehitzen joan gara; gaur egun, makrobiotikoa ere saltzen dugu".
Denda astelehenetik zapatura irekitzen dute: asteartean, ostegunean eta ostiralean arratsaldez, eta beste hiru egunetan goizez. Horrez gain, elkarteak hainbat hitzaldi, txango eta ikastaro antolatzen ditu: "Sukaldaritzako ikastaroak erakartzen du jende gehiena", dio Ariñok.