Loinaz eta Zabaleta: "Nekazaritza ekologikoan lanean ari gara, natura zainduz, ezagutuz eta errespetatuz"

Maxixatzen.eus 2016ko eka. 28a, 14:12

Miren Loinaz Garate (Azkoitia, 1988) eta Eneko Zabaleta Iciar (Azkoitia, 1966) Altamirako baratze parkearen zuzendaritzako kideak dira, eta, baratzean lan egiteaz gain, elkartearen komunikazioaz ere arduratzen dira.

 

Zenbat metroko lursaila du bakoitzak? Zenbat daude?
Bakoitzak 40 metro karratu inguru dauzkagu, eta guztira 70 lursail daude, banaka, binaka edo gehiagoren artean kudeatuta. Orain, ia lursail denak hartuta daude. Printzipioz urtebeterako hitza eman genuen, eta lau urtera arte luza daiteke. Baina guk espero dugu epe hori luzatzea.

Guztiz doakoak al dira?
Hasieran 50 euroko fidantza bat ordaindu genuen, eta gero bakoitzak hilero 5 euro ordaintzen dugu.

Zein da zuen filosofia?
Batez ere, nekazaritza ekologikoan lanean ari gara, natura zainduz, ezagutuz eta errespetatuz.

Ekoguneko baratze parkeen barruan dago Azkoitikoa; zer onura dakartza horrek?
Gidaritza, aholkularitza eta segurtasuna ematen dizu horrelako talde batean egoteak. Lehendik beste parke batzuk egoteak erreferentziak edukitzeko aukera eman digu.

Zeintzuk dira zuzendaritzaren zereginak?
Lantalde batzuk osatu dira, sortzen diren arazoei edo zalantzei irtenbidea bilatzeko eta eguneroko gauzak aurrera eramateko.

Zenbat aldiz biltzen zarete?
Hasieran dezentetan biltzen ginen, dena martxan jartzeak lan gehiago eskatzen duelako; gauzek beren bidea hartzeko, lantaldeen lana arintzeko eta baratzeetan denbora gehixeago pasatu ahal izateko

"Oso gustura aritzen gara lanean baratzekideok"


2015eko udaberrian ireki zuten parkea; zein da urtebeteko balorazioa?
Oso ona. Beti izango dira gorabeherak hainbeste jende biltzen den eremu batean, baina baratzekideok oso gustura aritzen gara lanean. Lantaldeetan gabiltzanoi gehien kostatzen zaiguna da baratzeko kide guztiengana iristea ditugun asmoak azaltzeko, iritziak partekatzeko eta eguneroko gorabehera horiek adosteko.

Baratzeaz asko al dakite erabiltzaileek?
Denetik gaude; baratzeaz asko dakitenak edo gurasoen baserritik ezagutzen dutenak, eta baita gu bezalakoak ere, hasieran arrasto handirik izan ez arren eginez ikasten ari garenak. Ikastaroak ere egoten dira; guk ere badugu asmoa irteerak, jaitxoak edota ikastaro gehiago antolatzeko.

Zer du ona herrian nork bere baratzea izateak?
Etxerako barazki ekologikoak lortzeaz gain, herriko pertsonekin erlazionatzeko aukera ematen dizu. Giro ona daukagu erabiltzaileon artean. Gainera, toki politean dago; izugarrizko bistak ditu. Denbora pasatzeko ere aitzakia ona da baratzea izatea.

Ba al dago araurik?
Baratze hauek publikoak dira, eta herriko parke bat gehiago izatea nahi dugu. Arau nagusia baratzea ekologikoa izatea da, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Oro har errespetatzen dituzte, baina badaude gorabeherak; ezjakintasunagatik gehiago, intentzio txarragatik baino. Hala ere, asmo onez, guztiok ari gara ikasten.

Altamirako baratze parkeko kideei egindako elkarrizketak:

Joxe Mari Etxeberria (Itziar, 1968)

"Denbora-pasarako erabiltzen dut"

Nolatan hartu zenuen baratzea?
Barazki ekologikoa jatea asko gustatzen zait, janari garbia eta kimikorik gabekoa.

Zer daukazu landatuta baratzean?
Patata, baba handia eta letxuga ditut. Hemengo zaporeak ahaztuak ditugu. Barazkiak hemendik zuzenean mahaira doaz, eta hori oso ederra da.

Ordu asko ematen al dituzu bertan?
Egunero etortzen naiz lanera, eguraldi ona dagoenean; denbora-pasarako erabiltzen dut gehienbat baratzea. Bare eta karakol asko dago lur honetan, nahiz eta lur ona izan; landu egin behar da, eta simaurra behar du. Jakoba Errekondoren liburua irakurtzen dut, lagungarria delako lana nola egin ikasteko.

Olatz Lazkano (Azkoitia, 1991)

"Arrastorik ez neukan, baina eginez ari naiz ikasten"

Zergatik hartu zenuen baratzea?
Betidanik nahi izan dut baratze bat izan, eta izebarekin batera hartzea pentsatu nuen. Arrastorik ez neukan, baina eginez ari naiz ikasten.

Zer daukazu landatuta?
Orain nahiko triste dago baratzea; hemendik aurrera hasiko da berriz pizten. Tipulak, porruak, zerbak eta letxugak dauzkat sartuta, eta laster tomatea eta piperra landatzen hasiko gara.

 

Garikoitz Garmendia (Azkoitia, 1969)

"Norberak landatutakoa hazten ikustea gauza ederra da"

Zergatik nahi zenuen baratzea eduki?
Behin balkoian jartzen hasi nintzen barazkiak, eta gero, baratze bat izateko aukera atera zenean, aukera ona iruditu zitzaidan. Ezertxo ere jakin gabe hasi nintzen, eta oraindik ikasten ari naiz egunero. Besteei kopiatzen ere asko ikasi dut, kar-kar-kar.

Zein barazki dituzu?
Ilarrak, tipulak, porruak eta patatak ditut, besteak beste. Norberak landatutakoa hazten ikustea gauza ederra da.

 

Irati Lopetegi (Azkoitia, 1988)

"Denetik pixka bat izatea gustatzen zaigu"

Zergatik hartu zenuen baratzea?
Jakin-min handia nuen aspalditik. Kuadrillako Miren Loinazek esan zidan baratzeak egitekoak zirela, eta bion artean hasi ginen. Arrastorik ez geneukan, baina probatzen ikasten da. Oso esker onekoa da baratzea: sekulakoa da hazitik hasi eta kazolan bukatu arteko prozesua ikustea.

Zein barazki landatu dituzu?
Zerba, aza gorria, marrubia, baratxuria, tipula, baba, ilarra eta espinaka ditugu. Barazki mota asko baina kopuru txikian eduki nahi izaten dugu; denetik pixka bat. Eta beti barazki berriak probatzen ahalegintzen gara.

 

Jabi Olazabal (Azkoitia, 1957)

"Ederra da norberak egindakoa jatea"

Zergatik nahi zenuen baratzea eduki?
Txikitan aitarekin ibiltzen nintzen baratzean, eta gerora beti izan dut gogoa neure lursaila izateko. Oso gustura nago orain.

Zer daukazu landatuta?
Ilarra, zerba, tipula, letxuga, patata eta brokolia ditut orain, besteak beste. Denetik pixka bat izatea gustatzen zait. Etxerako egiten dut, eta boladan asko daukadanean banatu ere egiten dut. Ederra da norberak egindakoa jatea; badakizu barazkiak oso zainduta daudela, ezer kimikorik gabe. Satisfazio pertsonala ere handia izaten da.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide