Javier Zubizarreta alkateak azaldu du egungo gazteek prestakuntza maila altua duten arren, zailtasun handiak dituztela lan merkatuan sartzeko: batetik, lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez dutelako, eta, bestetik, enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez direlako. Gazte langabetuen sentipenak atsekabea eta ilusiorik eza direla azpimarratu du, eta alkateak horrela dauden gazteei Iraurgi Berritzenera jotzeko eskatuko die, "badaudelako lagundu diezaieketen baliabideak".
Arazo horri irtenbidea emateko, Hazilan programa abiatuko dute, eta horri esker enpresek eskatzen dituzten gaitasunak garatuko dituzte gazteek, besteak beste, ekintzailetasuna, lan taldean aritzeko ahalmena, komunikatzen jakitea edota iniziatiba izatea.
Bestalde, enpresek aukera dute inolako lan kontraturik gabe, hitzarmen bidez, bailarako gazte kualifikatuak ezagutzeko eta proiektuetara lotzeko, hala nahi izanez gero.
Programa bost urtetan gauzatuko dute, eta urtero partaide berriak gehituko dituzte. Proiektuaren aurrekontua 200.000 eurokoa da eskualde osorako. Honako herri hauek parte hartuko dute: Azkoitia, Beizama, Errezil, Azpeitia, Zestoa, Aizarnazabal.
Iraurgi Berritzenen azken datuen arabera, eskualdean 2017 langabetu daude, %11,7 alegia, eta horietatik 196 dira Lanbide Heziketako goi mailako ikasketak dituztenak eta beste 215 unibertsitateko ikasketak dituztenak. Azkoitian, berriz, %12,1ekoa da langabezia tasa.