Euskara ikasteko diru-laguntzen eskaera epea zabalik

Maxixatzen.eus 2016ko mai. 3a, 12:04

Argazkia: Zuzeu.eus

Euskara ikasteko diru-laguntzen eskaera epea zabaldu du Udalak, euskaraz komunikatu ahal izateko egiten ari diren ikasleen esfortzua txalotu nahi duelako laguntza hori emanez. Eskaerak egiteko epea irailaren 30ean amaituko da.

 

Euskaltegietan edota barnetegietan dabiltzan ikasleek egin dezakete eskaera, eta baita ikastaro trinkoak burutzen ari diren edota autoikaskuntza bidez ikasten ari direnek ere.

Laguntza eskuratzeko ezinbestekoa da Azkoitian erroldatuta egotea behintzat ikastaroak irauten duen bitartean, 16 urte beteta izatea eta gutxienez %85eko asistentzia izatea ohiko ikastaro edo bestelako modalitateetan, ikastaroa gainditzearekin  batera.

Kopuruei dagokienez, euskaltegian neguan eta udan ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei matrikularen %75a bueltatuko zaie, gehienera ere diru-laguntza 350 eurokoa izanik. Ikastaro trinko, autoikaskuntza edo internet bidezko ikastaroak egindakoei matrikularen %70a emango zaie. Kasu honetan ere, gehienez 350 euro jasoko ditu onuradunak.

Barnetegietako ikasleei matrikula, jatordu eta egoitzako gastuen %70 ordainduko zaie, beti ere, 1.050 euroko mugarekin.

UEU, EHU eta HIK HASIren Uda Ikastarotako diru-laguntzak

UEU, EHU eta HIK HASIK antolaturiko uda ikastaroetarako ere laguntzak bideratu dira. Udalak matrikularen kostuaren %75a ordainduko die ikasleei, langabetuei, 14.000 eurotik beherako errenta duten pertsonei edota erretiratu edo pentsiodunei. Langileei kostuaren %25a emango zaie. Edonola ere, laguntza ez da 150 eurotik gorakoa izango.

Euskara sustatzeko ohiko aktibitateetarako diru-laguntzak

Laguntzak eska daitezke euskaraz gauzatzen diren urteko jarduera edo proiektuetarako eta baita euskararen normalizazioan eragiten duten aktibitateetarako ere. Kasu honetan, laguntzak eskatzeko epea ekainaren 30era artekoa da.

Interesatuek Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dute eskaera.

Ikusi oinarriak

Ikusi GAOko iragarkia

Deskargatu eskaera orria

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide